Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
2004an iritsi nintzen lehen aldiz, 19 urte bete nituenean. Euskal Herrira iritsitakoan, beste edozein migratzaile bezala, herrialde ezezagun batean sentitu nintzen. Ez nuen ezagutzen hizkuntza, kultura zaila egiten zitzaidan, ekonomikoki kostatu egin zitzaidan, ez nuen aterperik... Beraz, zaila izan zen hasiera. Bizitzan hasten den beste edozein proiekturen moduan, pixkanaka egin behar aurrera, eguneroko erronkei aurre eginez. Azkenean, gurpila biraka hasten denean, inertziaz aurrera egiten duzu.
Nolakoa izan zen aurrera egiteko prozesua?
Pixkanaka, pentsaera positiboa eta anbizioa izanda lortu nuen aurrera egitea, eta gaztelania eta euskara ikasten hasi nintzen. Handik sei hilabetera zurgintzako ikastaro bat egiten hasi nintzen, eta urtebetera lana aurkitu nuen birziklatze enpresa batean eta beste hainbat tokitan. Hori guztia horrela izan zen krisia iritsi zen arte. 2008an Alemaniara migratu behar izan nuen, eta prozesu guztia berriro hasi. Bigarren aldi horretan askoz errazago egin nuen, jada horretatik pasatuta nengoelako, eta diru pixka bat gehiago nuelako.
Alemanian ezagunak dira kebab jatetxeak, ezta?
Bai, hain zuzen ere, horixe izan zen nire lehenengo lana han. Turkiar batzuen jatetxean hasi nintzen lanean, eta hilabete batzuk geroago arduradun lana eman zidaten. Pixkanaka postuz edota mailaz igotzen joan nintzen, arduradun orokorraren postua eman zidaten arte; orduan, lan guztia antolatzeko ardura nuen. Gainera, alemana ikasi nuen lan egiten nuen bitartean. 2016an itzuli nintzen Euskal Herrira, nire jatetxea irekitzeko asmoarekin. Hasieran, tailer batean jardun nuen lanean, itxi zuten arte; ondoren, autobuseko gidabaimena atera nuen eta bi urtez aritu nintzen gidari, pandemia iritsi zen arte. Orduan lanik gabe gelditu, eta jatetxea irekitzeko garaia zela pentsatu nuen. Zarautzen irekitzea nahi nuen, toki estrategikoa zelako, turismoagatik... Izan ere, jatetxearen kokapena bere arrakastaren giltza dela iruditzen zait. Hala ere, ezin izan genuen lokala lortu eta Azpeitian, Paulo VI.a auzoan, ireki genuen behin-behinean.
Gauzak ondo al dihoazkizue?
Bai, beti izan dut argi ongi egin behar ditugula gauzak. Alemanian egon ginenean, gauzak zuzen egiten zituzten toki batean aritu nintzen, eta asko ikasi nuen. Bezeroarekiko arretari buruzko esperientzia asko hartu nuen han, zerbitzu bat eskaintzeko modu zuzena izan dut beti erreferente. Horrez gain, tokira moldatzen eta hobetzen saiatu ginen, azkenean xehetasun txikienek egiten baitute diferentzia. Lehen hilabeteak zailak izan ziren pandemiagaitik, baina azkenean lortu dugu izena hartzea. Produktuaren kalitateari, zerbitzuari eta jendearekin dugun harremanari balio asko ematen diet.
Aljeriatik zerbait sumatzen al duzu faltan?
Azkenean, toki desberdinak dira, kultura, hizkuntza... aldetik, baina ohitu egiten da bat. Oso gustura gaude Azpeitian. Zerbaiten bila etorri gara hona, bizitza hobetzen saiatzera, eta aurkitu dugu aurrera egiteko modua. Bizi kalitate, eskubide, justizia... hobeen bila etorri gara, bizitza duin baten bila. Hala ere, asko sumatzen dut faltan nire sorterria. Askotan, ez gara konturatzen zer dugun alde egiten dugun arte; kanpora joandakoan eta mundua ikusitakoan konturatzen zara, zenuen hori, agian, ez zela hain txarra. Tristura eta nostalgia sortzen zaizkit atzera begiratutakoan. Gu gure nazioen enbaxadore izaten eta gure esku dagoena ongi egiten saiatzen gara.