Trini Foxen 'Flanagan', fresko eta doinu berriekin

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko ira. 20a, 09:45

Trini Fox musika taldeak haren ibilbideko bosgarren lana kaleratu du, Flanagan izenekoa eta lau abestiz osatutakoa. Euskal eszenan ezagun diren musikariak izan dituzte ondoan. Gaur eskainiko dute zuzenean eta jendaurrean aurrenekoz, Matadeixen, 22:00etan hasita. 

"Onenean eta fresko" dago Trini Fox musika taldea. Azken hilabeteetan sorkuntza eta ekoizpen lanetan ibili ostean, Flanagan izeneko EP berria kaleratu du Azpeiti-Azkoitiko musika taldeak. Lau abestiz osatutako lana da plazaratu dutena, eta euskal eszenan sona duten hainbat musikarirekin elkarlanean sortu dute proiektu berria. Iñaki Zubeldia (bateria eta koruak) eta Iosu Garate (gitarra eta koruak) azpeitiarrek, Suharri Aranburu (ahotsa eta gitarra) azkoitiarrak eta Xabier Iñurrieta (baxua eta koruak) bergararrak (Gipuzkoa) osatzen dute Trini Fox, eta punk rock, stoner, hard rock edota rock alternatiboa jorratzen dituzte.

Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean egin dute EParen grabaketa, Zestoako Gaztain estudioan. Bertan grabatu dituzte Flanagan osatzen duten lau abestiak: Ez dut magian sinesten (Lide Hernandorekin); YK Riders (Juanjo Berasainekin), Flanagan eta Sabotajea (Zigor DZrekin). 

Kantu gutxidun lana da egin berri dutena, baina "hautua" izan dela aitortu dute Iñaki Zubeldiak (Azpeitia, 1997) eta Suharri Aranburuk (Azkoitia, 1998). "Konturatu gara jendeak streaminga azkar egiten duela; beraz, pentsatu genuen proiektu laburra ateratzea egokia izango zela. Modu horretan, entzuleek abesti guztiak entzuten dituzte. Lan luzeetan kantu batzuk pasatu egiten dira, ia entzun gabe. Era berean, lan laburragoa egitea ekoizpen aldetik merkeagoa da, eta hori ere izan da EPa egiteko arrazoietako bat. Hala ere, gu diskoen zaleak gara", aitortu du Zubeldiak. "Hurrengo proiektua, ziurrenik, diskoa izango da", aurreratu du Aranburuk.  

Besteen ahotsak

Proiektuaren berrikuntza nagusia kanpoko musikariek egindako ekarpena da; izan ere, abesti guztietan dute kolaborazioren bat. Beste artista batzuekin elkarlanean aritzeko asmoa Ataraxia diskotik zuten buruan, baina gaizki ateratako saiakeran gelditu zen. Gogoz jarraitzen zuten, ordea, eta aurten berrartu dute ideia. "Ataraxia-n saiatu ginen arren, ez zen ondo atera. Beraz, oraingoan kantuak egin ostean, horiekin ondo lotzen ziren musikariekin harrematen jarri ginen. Denek baietz esan dute, eta oso ondo atera dira. Aurrenekoan saiakeran gelditu ginen, eta orain lortu dugu. Oso gustura gaude kolaborazioen emaitzarekin", azaldu du Zubeldiak. Aranburuk adierazi duenez, betitik izan dute emakume ahotsa abestiren batean sartzeko gogoa: "Taldea sortu genuenetik nahi izan dugu abestiren batean emakume ahotsa entzutea; izan ere, beti da ederra emakume ahotsa rock musikan". Lide Hernandorena "ezin hobeto" dakorkio Ez dut magian sinesten abestiari.  

Kanpoko ahotsak dituen beste kantuetako bat da Azpeitiko YK Riders taldeari eskainitakoa. Ezpalak musika taldeko Juanjo Berasainen ahotsa sartu dute abestian. Kolaborazioa bikoitza izan da, Berasainekin ez ezik, YK eta Arauntza Riderseko kideekin ere elkarlanean aritu baitira. «Zoramenak»  lotzen ditu bi taldeak Aranbururen hitzetan. Dena den, badaude bestelako loturak ere: «Tony hawk pro skater bideo jokoa gure haurtzaroaren parte da, eta joko horretako kantuak txikiak ginenetik gaur arte entzun ditugu. Era berean, ikusi izan ditugu musikariak beste talde batzuentzako abestiak egiten, eta horretarako grina piztu zitzaigun», azaldu du Zubeldiak. Iaz, YK Riders Fest jaialdian jotzekoak ziren, baina ezin izan zuten, eta orduan gelditutako arantza kentzeko sortu zuten abestia. «YK Riderseko kideei abestiaren ideia proposatu genienean, gu baino gehiago emozionatu ziren. Egia esan, ederra da talde batek abesti edo ereserki propioa edukitzea», diote.

Bertsioa eta iruditeria

Besteen ahotsak ez ezik, besteen hitzak ere eraman dituzte lan berrira; izan ere, Sabotajea kantua Beastie Boys taldearen bertsio bat da. «Kantua euskaratu genuen, eta ikaragarri kostatu zitzaigun, bai itzultzea, baita errimak ondo egitea ere. Gainera, ez genekien Zigor DZk zer-nolako soinuak sartuko zituen abestian. Azkenean, oso txukun gelditu da, eta pozik gaude», dio abeslariak. EParen iruditerian eta diseinuan ere sartu du eskua Aranburuk; Itxaro Iraetarekin batera sortu du EParen diseinua. «Zerbait berria egitea nahi nuen aspalditik, koloretsua eta komiki itxurakoa. Itxarok lagundu dit marraztuta nuena digitalera eramaten», azaldu du.  

Lehena, berezia eta etxean

Gaur eskainiko dute aurrenekoz Flanagan zuzenean eta jendaurrean. «Etxean» eskainiko dute kontzertua, Azkoitiko Matadeixen, 22:00etan hasita. «Leku berezia» da laukotearentzat, zuzenekoak eskaini ez ezik, entseatu eta sortu ere egin baitute bertan. «Kontzerturako oso gogotsu gaude. Asko prestatu dugu zuzenekoa, kontzertu berezia izango baita guretzat», aurreratu dute. Estreinakoa pasatuta, Azpeitiko Kilometroak festan joko dute bigarrengoz, urriaren 6an. Aurreragorako, baina, ez dute data askorik itxita. Uste dute musikaren panorama «aldatzen» eta rock musika atzean gelditzen ari dela. Hala ere, Trini Fox inoiz baino biziago itzuli da, oholtzak zapaltzeko irrikaz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide