Haurren eta gazteen beharrei erantzuteko neurriak indartuta hasi du ikasturtea Gazteria Sailak

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 20a, 15:02

Aitor Azpiazu, Aloña Larrañaga eta Ander Larrañaga, Gaztelekuan. (Maialen Etxaniz)

Gaztelekuko erabiltzaile kopurua igo denez, Gaztelekua handitzeko obrak egiten ari dira, eta Gabonetarako amaituta edukitzea aurreikusten dute. Dena den, zerbitzua irekita mantenduko dute. Datorren astean irekiko dute ludoteketan eta Gaztelekuan izena emateko epea. Gazteria Sailak darabilen metodologia "fruitu onak" ematen ari dela uste dute hezitzaileek eta arduradunek. 

Ikasturte berriarekin batera, martxan dira Azpeitiko Udaleko Gazteria Saileko zerbitzuak eta hezitzaileak. Urteroko zerbitzuei helduko diote aurten ere, baina haurren eta nerabeen beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko zenbait neurri hartu dituzte.

Eskainiko dituzten zerbitzuen inguruko informazioa emateko agerraldia egin dute gaur Azpeitiko Udaleko Gazteria batzordeburu Ander Larrañaga zinegotziak eta Gazteria Saile koordinatzaile Aloña Larrañagak eta Txiki Txokoko hezitzaile Aitor Azpiazuk. Hiru gai izan dituzte hizpide: Gaztelekuko obrak, Gazteria Saileko zerbitzuak eta gazteriako metodologia. 

Gaztelekuko obrak

Ander Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, Gazteria Saileko zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen datuak "adierazgarriak" dira; izan ere, ugari dira egunero-egunero ludoteketara edo Gaztelekura jotzen duten gaztetxoak. Datu horiek aletu ditu Larrañagak: "Iturritxiki ludotekan, iaz 169 umek eman zuten izena, eta egunero, batez-beste, 44 ume joan zen; Txiki Txokon, berriz, 151 umek eman zuten izena, eta eguneko batez-bestekoa 30 umekoa izan zen. Gaztelekuan, DBH1. mailan bakarrik 132 izen-emate egin zituzten, eta egunero 56 erabiltzaile bertaratu zen, batez-beste. Udalekuetako datua ere nabarmentzekoa da, 580 umek eman dute izena aurten".

Oro har, handia da ludoteken erabiltzaileen kopurua, baina are nabarmenagoa da Gaztelekuaren kasuan. "Zenbakien dimentsioak ikusita, txiki gelditu da Gaztelekua", azaldu du Larrañagak. Horrenbestez, 80-90 metro koadro handituko dute Gaztelekua, gaur egungo lokalaren ondoan dagoen beste espazio bat erabilita. Gazteria zinegotziak adierazi duenez, hezitzaileen esku geldituko da espazioaren erabileraren inguruko hausnarketa. Gabonetarako lan guztiak amaituta egotea aurreikusten dute. 

Obrak egiten ari diren arren, ohi bezala irekiko dute Gaztelekua urritik aurrera. 

Zerbitzuak eta izen-ematea

Azken egunotan, Gaztelekuko hezitzaileak ikastetxeetan izan dira DBH1eko ikasleei gaztelekuko zerbitzuak aurkezten. Era berean, HH5eko eta DBH1eko ikasleak zerbitzuak eta guneak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Gazteria Saileko Aloña Larrañagak azaldu duenez, hurrengo astean, gurasoentzat irekiko dituzte ateak, eta orduan egin beharko dute haurren izen-ematea. 

Irailaren 23tik 27ra eman beharko da izena ludoteketan. Irailaren 25etik 27ra, Gaztelekuan.

Ludotekei dagokienez, HH 5etik LH 6ra arteko haurrek eman dezakete izena Txiki Txokon eta Iturritxikin, eta 20 euro ordaindu beharko dute urte osoko zerbitzuagatik. Astelehenetik, irailak 23, ostiralera, irailak 27, egongo da ludoteketan izena emateko aukera. Egunero, arratsaldez, 15:30etik 19:00etara egongo dira zabalik Iturritxiki eta Txiki Txoko. Dena den, goizez ere izango da izena emateko aukera: Iturritxiki ludotekan, asteartean eta ostegunean, 10:00etatik 12:00etara, eta Txiki Txoko ludotekan, asteazkenean eta ostiralean, 10:00etatik 12:00etara. Ikasturtean joango diren ludotekan eman beharko dute izena erabiltzaileek, une horretan oraindu beharko da urteko kuota. Bestelako zalantza eta azalpenak bertan emango dituzte hezitzaileek.

Gaztelekuaren kasuan, DBH1etik DBHO 2ra arteko nerabeek eman dezakete izena. Irailaren 25etik 27ra egin behar da izen-ematea, gurasoei eskainitako ate irekietan. Asteazkenetik ostiralera, 15:30etik 19:00etara egongo da zabalik, eta ostegunean, hilaren 26an, goizez ere bai, 09:30etik 13:30era. Gaztelekuko erabiltzaile izateko ez da kuotarik ordaindu behar, baina erabiltzaile berri guztien gurasoek nahitaez bertaratu beharko dute izena ematera.

Irailaren 30ean irekiko dituzte ludotekak ohiko ordutegian, eta urriaren 1ean irekiko dute Gaztelekua. 

Balioak oinarri, hezitzaileak bidelagun 

Ander Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, Gazteria Saileko hezitzaileek egiten duten lana fruituak ematen ari da, eta erabiltzen den metodologiaren inguruko balorazioa "oso ona" izan dela nabarmendu du. Ildo horretatik, egiten duten lana eskertu du.  

Aitor Azpiazuk azaldu ditu udaleko Gazteria Saileko zerbitzuetan oinarri dituzten baloreak. Hark azaldu duenez, ludotekak zein Gaztelekua haurren eta nerabeen heziketarako bideratutako zerbitzuak dira,  jolasaren bidez, gaztetxoei egunerokotasunean baliagarriak izango zaizkien tresnak barneratzen laguntzen dietenak. “Tresna eta balio horien artean daude elkarrenganako errespetua, talde kohesioa, harreman osasuntsuak, gatazken kudeaketa, autonomia...”, azaldu du Azpiazuk. Era berean, nabarmendu du "jolas libreari" garrantzia ematen diotela: "Jolas librearekin haurrek erabakitzen dute zer egin nahi duten edo zer ez; haien burua ezagutzera eta hausnartzera bultzatzen ditu jolas libreak". Hezitaileak azaldu duenez, "espazio askotan" arauak ezarrita egoten dira, eta horietara moldatu behar izaten dute haurrek. Hori dela eta, jolas librerako tartea edukitzea garrantzitsua dela uste dute.  

Hezitzaileen eta haur edo nerabeen arteko harremanean "konfiantza" egotea ezinbesteko ikusten dute Gazteria Saileko kideek. "Hezitzaileen funtzioa umeen eta nerabeen bidelagun izatea da, eta haien ondoan egotea, haien beharrak identifikatzeko eta konfiantzazko harremanak sortzeko", adierazi du Azpiazuk. Behar horiek identifikatu ostean, horiei erantzuna ematen saiatzen dira. "Alde batetik, materialaren edo espazioaren moldaketak egiten ditugu ludoteka haurren beharretara egokitzeko. Bestalde, haurrekin lana egiten duten udal eragile zein ikastetxe guztiekin harremanetan gaude uneoro", azaldu du Txiki Txokoko hezitzaileak. 

Udaleko eragileen, ikastetxeen eta Gazteria Saileko hezitzaileen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du Azpiazuk. “Haurrekin sortzen dugun harremanak laguntzen digu haien beharrak identifikatzen, eta erantzuna ahalik eta onena izan dadin garrantzitsua da sektore desberdinen arteko elkarlana". 

"Jolaserako lekua izatetik aparte, lasai egoteko, barrenak husteko eta babesa bilatzeko lekua ere bilakatu da Gaztelekua"

Hezitzaileek azaldu dutenez, gazteen lokalen itxieren ondorioz eta bestelako faktoreak tarteko, Gaztelekura bertaratzen diren erabiltzaileen kopuruak gora egin du, eta adinaren batez-bestekoak ere gora egin du. Era berean, erabiltzaileen joerak ere aldatu dira. Lehen ohikoagoa zen taldean joatea Gaztelekura, eta orain bakarrik ere joaten dira gazteak bertara. "Horrek erakusten du badagoela harreman berezia hezitzaileekin, eta jolaserako lekua izatetik aparte, lasai egoteko, barrenak husteko eta babesa bilatzeko lekua ere bilakatu da, bizitzako etapa batean garrantzia handia duen lekua", azaldu du Larrañagak. "Horretan sinestuta egiten dugu lan, eta horretan jarraituko dugu ikasturte honetan ere", gaineratu dute. 

Aitor Azpiazu, Ander Larrañaga eta Aloña Larrañaga, Gaztelekuan. (Maialen Etxaniz)

Bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu Gazteria Sailak, eta honako hauek dira:  

  • Familientzako gunea, Urrestillan: (0-6 urteko haur eta gurasoentzat); horrez gain, hamabostean behin, dinamizatzaile bat 5 urtetik gorakoekin zuzendutako ekintzak egiteko.
  • Neguko Topalekua:  Azarotik martxora arteko igande arratsaldetan, neguko topalekua azoka plazan, LH3-LH6ko ikasleentzat (hezitzaileekin); asteburuetan, haurren familia txokoa kiroldegian (0-8 urteko haur eta familientzat).
  • Familientzat orientazio zerbitzua: seme-alabekin ematen diren zailtasunei aurre egiteko aholkularitza zerbitzua (0-18 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoentzat) eta izan ditzaketen arazoei aurre egiteko laguntza nerabeentzat (16-18 urtekoentzat, guraso gabe). Janire Basurto psikologoarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide