Abiatzear da eskola kirolaren ikasturte berria, datorren astean hasiko baitute herriko ikasleek kirol programa. Gainera, berrikuntza nabarmen batekin abiatuko du egitasmoak sasoi berria. Eskola kirolak herrian eskaintza bakar bat izan dezan, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastola, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Iraurgi Ikastetxea elkarte bakar batean elkartu dira programa aurrera eramateko: Azpeskirola elkartean, hain zuzen. Atzo, asteazkena, udaletxean egin zuten aurkezpena, eta bertan parte hartu zuten Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Ion Oteiza kirol zinegotziak, Alaitz Badiola Azpeskirola Azpeitiko Eskola Kirola eta Hezkuntza Elkarteko koordinatzaileak, Mikel Segurola Azpeitiko eskola kirolaren koordinatzaileak, Mari Azkue, Aitor Cordoba zein Mikel Olaizola ikastetxeetako zuzendariek, Hegoa Larzabal EAJko zinegotziak eta programako zenbait ordezkarik.
Azken ikasturteetan eskola kirolaren inguruan egindako hausnarketa baten emaitza da Azpeskirola elkartea; hala azaldu zuen elkarte horren koordinatzaile lanak egingo dituen Badiolak: "Martxan dugu hiru ikastetxeen artean eratu dugun elkartea. Eskola kirolak tradizio luzea du atzetik, baina orain, lehen ere egin zen bezala, beharrezkoa ikusi dugu hausnartuz eta egungo baldintzetara egokituz, garatzen joatea. Ziur gaude elkarte honek aurrean ditugun erronkei hobeto erantzuteko balioko digula", adierazi zuen Badiolak.
Elkartea hainbat "erronka nagusirekin" jaio da. Garrantzitsuena, baina, "antolakuntza egonkor eta parte hartzaile bakar bat sustatzea" da. "Hiru ikastetxeok batzeko eta eskaintza bakar bat egiteko aukera emango digu elkarteak. Gabezia bat genuen lekuan tresna baliotsu bat sortu dugu". Beharrak ere ikusten dituzte, ordea, eta horietako bat da eskola kirolaren eskaintza jendarteari ikusaraztea eta gizarteratzea. Proiektua "herri guztiarena" izan dadin, aurrena "ezagutarazi" egin nahi dute. Bide horretan, ekainean martxan jarri zuten webgunea izango dute baliabide nagusia, baita "bestelako kanalak" ere. "Proiektuan eta bere aukeretan sinesten dugu, eta ikasleen familiei, eta, oro har, gizarteari, eskola kirolak duen garrantzia eta eskaintzen dituen aukerak plazaratu nahi dizkiogu".
Halaber, zerbitzuaren "kalitatea bermatu" nahi dute, eta hura hobetzea "etenik gabeko helburua eta erronka" izango dute. "Beharrezko baliabideak bilatu eta ezarri beharko ditugu lehenik, eta jarraipena egin ondoren, dituen indarguneak hauspotu eta ahuleziak hobetu". Horretarako, udala izango du bidelagun elkarteak, bi aldeak lankidetzan arituko baitira hitzarmen baten bidez. Akordioak "bideari jarraitzeko eta elkarlanean sakontzeko" balioko duelakoan daude. "Etorkizunean ere ildo honi eusteko konpromisoa dugu, proiektuak ondo eta luzaro funtzionatu dezan".
Programa herriko ikasle guztientzat izatea nahi dute, eta horregatik, sarrera ikasle guztiei bermatzea "ezinbesteko baldintza" dute elkartean. Alkorta alkateak ere egin zion azpimarra puntu horri, eta jakinarazi zuen sarbidea "eskuragarria" izango dela guztientzat. "Udalak arazo ekonomikoengatik inor eskola kirolik egin gabe ez gelditzea bermatuko du; dagozkigun laguntzak bideratuko ditugu Gizarte Zerbitzuetatik". Bide batez, prozesuan udala ere "bidelagun" izan dutela adierazi zuten, eta eskertu egin zuten ordezkarien parte hartzea. "Hausnarketaren parte izan da udala, eta aurrerantzean ere haren laguntza beharrezkoa izango da, bai baliabide desberdinak eskuratzeko, bai proiektuari babesa emateko".
Ikastetxeetatik haragoko programa
LHko 550-600 haurrek eta gaztek parte hartuko dute egitasmoan hasi berri den ikasturtean. Zenbaki horiek aintzat hartuta, Azpeskirola elkarteak proiektua "ikastetxeona baino zabalagoa" izatea nahi du; herri osora zabaldu nahi dute. "Haurren eta gaztetxoen kirol hastapenaren oinarri izango den proiektu hezigarria herriko eragile desberdinen artean gauzatuko dugu. Bidelagun garrantzitsu ditugu herriko kirol taldeak; larunbatetan ikasleen jardunaldiak aurrera ateratzeko ezinbesteko lana egiten dute, eta gure ikasleei etorkizuneko kirolerako aukerak eskaintzen dizkiete. Beraiekin harremanak estutzeko eta hobekuntza nahiz aukera berriak aztertzeko asmoa dugu". Dena den, herriko gainontzeko eragileekin ere harremanak sendotzeko borondatea eta elkarlanerako pausoak emateko intentzioa duela jakinarazi zuen elkarteak.
Alkateak, bestalde, ikastetxeak aterpe bakar batean batu izana nabarmendu zuen, elkartzea "balioan jartzeko moduko kontua" dela adierazita. Gainera, eskola kirolak dituen balioekiko atxikimendua erakutsi zuen Alkortak: "Eskola kirolak, kirola sustatzeaz gain, beste balio batzuk ere sustatzen ditu, eta Azpeitiko Udalak bat egiten du balio horiekin. Sozializatzeko balio du, ludikoa ez den kirol eskaintza du eta eskuragarria da". Azken ikasturteetan bezala, "lehiakortasuna alde batera utzita" askotariko aukera eskainiko dute, gazteek kirol ezberdinak probatu ditzaten.
Segurolak, azkenik, programaren zenbait datu aurkeztu zituen. Guztira, hamabost edo hamasei hezitzaileko taldea osatuko dute aurten, eta horietatik hiruk koordinatzaile lanak egingo dituzte ikastetxe banatan. Halaber, hark nabarmendu zuen hezitzaile horiek guztiek kirol eta hezkuntza arloko ikasketak dituztela eginda, baita "ofizialak diren zenbait ikastaro" ere. Horrez gain, aurreratu zuen ikasturte hasieran formakuntza saio bat ere egin ohi dutela guztiek, "funtzionamendua zein izango den ezagutzeko eta antolaketaren berri emateko".