Gipuzkoako ikastolen jaia da Kilometroak, baina festa soila izatetik urrun, helburu zein balio zehatz batzuei lotzen zaien egitasmoa da. Ikastolen aldeko jaiaren hastapenak 1977an kokatzen dira, urte hartan ospatu baitzen Kilometroak aurrenekoz, Beasainen. Ia-ia bost hamarkada bete ditu festak, aurtengoa 48. aldia izango baita. Ibilbidean zehar unean uneko beharrei erantzun die, garaira moldatuz formetan zein helburuetan, auzolana oinarri eta euskara zein euskal kultura ardatz.
Beasaingo eta Donostiako esperientzien ondotik iritsi zen Loiolakoa, 1979an. Ibilian-ibilian, hiru aldiz iritsi dira Kilometroak Azpeitira, urriko lehen igandearekin batera; 1979an, 2000. urtean eta 2011n; 2024koa izango da laugarrena.
Kilometroak 79
1979ko urriaren 7an egin zuten hirugarren Kilometroak jaia Loiolan. "Ikastolei eta euskal kulturari hauspoa" emateaz gain, Urola bailarako ikastolarentzat eraikina egiteko dirua biltzea zuen xede. Ordurako sortuta zegoen Izarraizpe irakaskuntza kooperatiba. Antolatzaileek erronka bezala jarri zuten ikastola berria eraikitzeko 10.000.000 pezeta lortzea, eta aise igaro zuten langa. Urriaren 7 hartan eguraldiak lagundu zuen, eta 35.000 pertsonatik gora bertaratu zen Azpeitira euskararen eta ikastolen aldeko festara. Askotariko ekintzak izan ziren goizetik gauera hitzordurako prestatutako ibilbidean zehar. Olatz inguruan jende uholdeak bildu zirela kontatzen dute garai hartako egunkarietako kronikek. Antolakuntza lanetan 400 pertsona inguru aritu ziren egunean zehar. Euskaltzale eta agintari ugari izan zen Loiolan, besteak beste, Jose Luis Zumeta, Joxe Migel Barandiaran, Luis Villasante, Xabier Aizarna eta orduan Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria zen Iñaki Oliberi. "Balorazio oso baikorra" egin zuten antolatzaileek.
Hau da!
2000. urteko urriaren 1ean egin ziren Azpeitiko bigarren Kilometroak, Hau da! lelopean. Ordurako Ikasberri ikastola eraikita zegoen, eta antolatzaileek "herriaren babesa, bultzada eta laguntza ekonomikoa" eskatu zituzten, besteak beste, ireki berria zen eraikuntzaren kostuari aurre egiteko. Era berean, "ikastola guztientzako errekonozimendua" aldarrikatu zuten. "Ikaslea helburu, herria oinarri" izango zuen ereduaren alde egin zuten orduko guraso eta irakasleek. Horrela zioten edizio hartako abestian, Sebastian Lizasok idatzitakoa eta Imuntzo eta Belokik musikatua. Ikastolako ikasleek ere parte hartu zuten grabaketan. Kilometroen atariko, askotariko jarduerak egin zituzten herrian –antzerkia, bertso saioak, kirol erronkak...– eta Gipuzkoan zehar ibili ziren gurasoak eta irakasleak, hilabete luzez, arropa saltzen. "Festa biribila" izatetik urrun, ordea, urriaren 1ean eguraldiak ez zuen batere lagundu.
Euria egin zuen goian-behean, eta antolatzaileen iragarpenak ez ziren bete. 100.000 pertsona inguru espero zituzten, baina orotara 70.000 lagun inguru bertaratu zirela adierazi zuten balorazioa egitean. Euri jasa handiak egin zituen igande hartan, eta zortzi kilometroko ibilbidean sakabanatutako zazpi guneetako karpak lokatzez eta urez egin ziren. Dena den, euriak euri, jendetzak babestu zuen 2000. urteko jaia, eta aurrera atera zituzten antolatutako ekitaldiak. Eguraldiaren ondorioz izandako kalteak arintzeko, diru bilketa jarri zuten martxan, Ipiniezu aterkia kilometroei lelopean. Handiak izan ziren jasotako elkartasuna eta babesa.
Klik!
2011. urtean iritsi ziren Kilometroak hirugarrengoz Azpeitira, orduko hartan Klik! lelopean. Honako hauek izan ziren 2011ko edizioari jarritako helburuak: "Lau puntutan laburtuta. Bat, ekonomikoa, uneko eta etorkizuneko proiektuak bermatzeko. Bi, Ikastola proiektuaren ikuspegi berritzailea zabaltzea, ikastolek osatzen duten proiektua plazaratuz. Hiru, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ezaugarriak bailaran zabaltzea eta herritarrei jakinaraztea. Lau, gurasoen arteko auzolana indartzea, bultzatzea edo berraktibatzea". Pako Aristik egin zuen Klik! abestiaren letra, eta Zesatek! taldeak jarri zuen musika, Olatz Prat abeslariarekin elkarlanean.
Ikastolen aldeko jaia neurri handiko festa bilakatuta zegoen ordurako, eta horrelakoa izan zen urriaren 2ko festa hura, erraldoia. Eguraldi bikainarekin, jendetza etorri zen Azpeitira: 100.000 pertsona inguru, antolatzaileen arabera. Eguzki galdatan egin zuten Kilometroen ibilbidea bertaratu zirenek, eta jendez lepo bete ziren kontzertu guneak; tartean ziren Goenakoa eta Garmendipekoa. Orotara, bost gune atondu zituzten. Lanean ere jendetza aritu zen: 1.300 boluntario.
Izpiz izpi
Bihar, 2024ko urriaren 6an, ospatuko dira hurrengo Kilometroak Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta eta Izpiz izpi lelo hartuta. Aurtengoa ez da orain arteko festen neurrikoa izango, ez, behintzat, formatu aldetik. "Txikira" antolatu dute jaia, hiru balio edo ardatz oinarri hartuta: "Kulturartekotasuna, euskara eta herrigintza". Garaiak aldatu dira, eta Ikasberriren beharrak ere bai. Antolatzaileen arabera, "zorionez", uneotan duten behar ekonomikoa ez da orain dela urte batzuk bezainbestekoa, eta, horregatik, Kilometroei eman zaien orain arteko neurria pixka bat birdimentsionatzearen alde egin dute; aurten, beste leku batzuetan jarri dute indarra. Modu horretan, Kilometroen urtea bera desberdin planteatu dute. "Ekitaldi asko eta handiak egin beharrean, neurria hartu, eta egin ditugunak inor ito gabe egiten saiatu gara. Inor ito gabe, baina, era berean, jendearen barruetan eragiten ahalegindu gara. Hiru ardatzak barrura zein kanpora begira lantzeko indarra jartzea erabaki genuen", azaldu dute antolatzaileek. Abestia Skapaie elektrotxarangak egin du. Ikusteko dago zer utziko duen aurtengo edizioak, baina jakinekoa da milatik gora boluntario ariko direla lanean, dena ondo irten dadin.