Afrikatik bihotza beteta

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 23a, 09:08

Ane Sudupe atseden hartzen, Malawiko Likuni herrixkako erietxean. (Utzitakoa)

Ane Sudupe Malawin izan da espedizio humanitario batean, Elena Barraquer fundazioarekin. Lau egunetan katarata edo begi lausoa zuten 400dik gora herritar artatu dituzte han, eta horrela, ikusmena berreskuratzen lagundu diete. Behin etxera iritsita eta atzera begira jarrita ohartu da egindako lanaren dimentsioaz azpeitiarra. 2024ko iraileko Uztarria aldizkarian hitz egin du han bizitakoaz.

Ane Sudupe (Azpeitia, 2002) bihotza beteta bueltatu da Afrikatik. Hamar egun egin ditu Malawin Elena Barraquer fundazioarekin, horietatik lau joan-etorrian, eta gainontzekoak han bertan, Dedza distrituan eta Lilongwe hiriburutik gertu dagoen Likuni herrixkan. Medikuntzako ikasle gaztea oftalmologia talde bateko partaide gisa izan da han, espedizio humanitario batean, lehendabiziko aldiz. Lau egunetan 412 herritarri egin diete katarata edo begi-lausoa sendatzeko ebakuntza, eta horrela, ikusmena berreskuratzen lagundu. Izan ere, Sudupek berak azaldu duenez, berez, oftalmologo batentzat, "ebakuntza nahikoa erraza" da karata kentzekoa, baina herrialde azpigaratuetan, nahikoa profesional ez daudenez, itsu geratzen dira gaitz hori duten herritarrak. "Hain zuzen ere, herrialde azpigaratuetan, bost itsutasun kasutatik lau kataraten ondorio dira. Osakidetzan, adin batetik aurrera, doan egiten digute ebakuntza hori, baina munduko leku askotan gauzak ez dira horrela".

Malawira joateko aukera "nahiko ustekabean" sortu zitzaion Suduperi. Orain Medikuntzako bosgarren ikasturtea hastear da, eta hirugarren maila egiten ari zela izan zen hori. "Ni EHUn ari naiz Medikuntza ikasten, Leioan [Bizkaia], eta nire ahizpa zaharra ere Medikuntzako ikaslea zen orduan Nafarroako Unibertsitatean; seigarren maila egiten ari zen. Gauza da ikasturtean zehar Espainiako Estatuko unibertsitateek kirurjiari buruzko kongresuak antolatzen dituztela, eta ikasleok aukera izaten dugula hainbat unibertsitatetara joateko kongresu horietara. Ahizpak Iruñeko kongresura gonbidatu ninduen, eta joan egin nintzen". Kongresu hartara Elena Barraquer joan zen hitzaldi bat ematera, "oftalmologia arloan instituzio bat mundu mailan". Bere fundazioaren inguruan hitz egin zuen hark, eta esan liteke "hark inspiratuta" joan zela Malawira; haren fundazioak kataraten ebakuntzak egiten ditu herrialde azpigaratuetan.

Halaxe, izena eman zuen espedizio humanitario horietako batean parte hartzeko, eta aurtengo uztailean izan du aukera. "11 laguneko oftalmologo taldea joan ginen Malawira: bi oftalmologo zirujau, oftalmologo kliniko bat, bi erizain instrumentista, optiko bat, bi boluntario, eta ni, Medikuntzako ikaslea". Egun "gogorrak" izan direla aitortu du, lan askoko egunak. Iritsitako arratsaldean, dena prestatzen aritu ziren hurrengo egunean ebakuntzei ekiteko: kirofanoak prestatzen, ohatilak muntatzen, lenteak antolatzen eta abar. Hurrengo lau egunetan, berriz, 06:00etan jaiki eta hamalau orduz jardun zuten lanean, bazkaltzeko ordu erdi bat hartuta. "Bagenekien zertara gindoazen, ez gindoazela turismoa egitera, eta horretan aritu ginen buru-belarri".

Sudupe, Malawin artatutako paziente batzuekin. (Utzitakoa)

Sudupe, gehienbat, anestesistari laguntzen aritu zen. "Anestesistak azterketa txiki bat egin behar izaten zien ebakuntza egiteko zain zeuden pazienteei aurrez zituzten patologiak zeintzuk ziren jakiteko, tentsioa neurtzeko, kataraten neurria zenbatekoa zen ikusteko eta abar; nik horretan laguntzen nion, pazientearen egoera orokorra eta kataratarena baloratzen, eta gero, hark pazienteari sartuko zion anestesikoa prestatzen".

Aurrez han bertako oftalmologo batek eta Active Africa fundazioak egindako lana nabarmendu ditu azpeitiarrak. "Gu joan aurretik hango oftalmologo bat arduratu zen guk artatuko genituen 400 lagunak elkartzeaz. Izan ere, askotan beraiek ez dakite daukaten patologia hori ebakuntza bat eginda senda daitekeenik ere, ez dakite irtenbidea duenik, beste batzuek beldurra eta aurreiritziak dituzte, edo ez dute baliabiderik gu gauden lekura bertaratzeko... Beraz, azpimarratzekoa da hango oftalmologoak egin zuen lana, baita Active Africak emandako laguntza ere, 400 lagun horiek gu geunden lekura joan ahal izateko garraioa antolatu eta finantzatu zituelako".

Eguneroko gogorra

Malawiko egunerokoa "oso gogorra" dela ziurtatu du Sudupek. "Aurrez prestatu gintuzten, eta gutxi gorabehera bagenekien zer topatuko genuen han, baina irudikatzea eta bertatik bertara ikustea bi gauza dira". Ideia orokor bat egitearren, datu bat eman du: Malawiko herritarren hilabeteko batez besteko soldata 25 eurokoa da. "Gure taldean bazen Afrika oso ondo ezagutzen zuen jendea, urtean lau eta bost espedizio egiten dituena, eta haiek esandakoaren arabera, Kamerunekin eta Txadekin batera, Afrikako herrialderik gogorrenetakoa da Malawi".

Horren gutxi izan arren, haiek emandakoarekin bihotza beteta bueltatu da Sudupe, baina baita maletan "errealitate dosi" batekin ere. "Katarata kentzea oso kirurjia eskertua da, pazienteek berehala antzematen baitute haren eragina. Ebakuntza egin eta begia estaltzen genien, eta hurrengo egunean petatxua kentzen genienean, sekulako ustekabea hartzen zuten; izan ere, egun bakar batean soilik argia ikustetik formak bereiztera pasatzen ziren". Bezperan urduritasunak jota ikusitako herritarrak erabat hunkituta ikustea "sekulakoa" izan zela adierazi du azpeitiarrak. "Askotan, gainera, neu izaten nintzen ikusten zuten lehendabiziko pertsona". Jakitun da ebakuntza soil batek herritar haien bizi kalitatean zuen eraginaz, eta ez haienean bakarrik: "Itsu dagoen bati ikusmena berreskuratzen laguntzea gauza handia da, baina ez beretzat bakarrik, baita ingurukoentzat ere. Ebakuntza bakoitzarekin, pazientearen bizi kalitatea ez ezik, haren familia osoaren bizi kalitatea nabarmen hobetu dugu".

Baina dena ez da izan horren polita, eta une gogorrak ere bizi behar izan dituzte. Denen gainetik, ebakuntzak egiten aritu ziren azken eguna ekarri du gogora Sudupek. "Ebakuntzak egiten ari ginen lekura kontsula eta tokiko hedabideak etorri ziren, eta horren eraginez, katarata zuten herritar gehiago etorri zitzaizkigun, guk ebakuntza egin ahal genienak baino gehiago. Material mugatua geneukan, eta galbahea pasatu behar izan genuen, nori ebakuntza egin eta nori ez erabaki. Anestesistari eta niri egokitu zitzaigun lan hori egitea, eta une oso zailak izan ziren, aukeraketa egin behar izan baikenuen: gazte bati bigarren begian ebakuntza egingo diogu ala zahar bati lehenengo begian? Bati aukera emateak besteari kentzea esan nahi zuen".

Behin etxean eta han egindako lanaren dimentsioaz ohartuta, ez luke antzerako esperientziak bizitzeko aukerarik galdu nahi. Oraindik gutxienez Medikuntzako beste bi urte ditu aurretik, eta ez daki zertan espezializatuko den, baina badaki jendeari laguntzen jarraitu nahi duela, arrazoi horrexegatik erabaki baitzuen Medikuntza ikastea. "Aukera duten guztiei gomendatuko nieke espedizio humanitario batean parte hartzea, mediku izan ala ez, era guztietako boluntarioen laguntza behar izaten baita".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide