Erretratua

Iñaki Aliste: "Oroitzapen onak dakarzkien filmen planoak eskatzen ditu jendeak

Intza Trula 2024ko urr. 3a, 09:13

Iñaki Alisteren erretratua. (Olatz Alkorta)

Iñaki Alistek urteak zeramatzan barne diseinuaren arloan lan egiten langabezian geratu zenean, eta bide berri bati ekin nahian, filmen zein telesailen planoak marrazteari ekin zion. Ospea duen planogilea da egun azpeitiarra, eta bere lanak enkarguz zein plataforma digitalen bidez saltzen ditu. Berea da Erretratua 2024ko iraileko Azpeitia Guka aldizkarian.

Iñaki Alisteri (Azpeitia, 1970) planoekiko interesa nondik datorkion galdetuz gero, erantzuna garbia eta zurruna da: "Ez dakit, ez dut gogoan nola hasi nintzen, baina haurra nintzenean atentzioa ematen zidaten egunkarietan-eta ateratzen ziren etxeen planoek", dio azpeitiarrak. Urteetan zehar barne diseinuaren esparruan egin zuen lan Alistek, eta langabezian geratu zenean heldu zion buru-belarri planoak egiteari. Kontuak kontu, zaletasun hark bere ogibidea izaten amaitu du, eta enkarguz edota sarean saltzen ditu planoak egun. Besteak beste, telesailen eta filmen planoak egiten ditu Alistek, gehiengoarentzat ia ikusezinak diren xehetasun koloretsuz josiak.

Barne Disenua ikasi zuen Alistek Azpeitian eta, beraz, era batera edo bestera, baina denbora luzea darama arteari eta marrazketari lotuta. Ondo gogoan du margotutako lehen planoa: "Frasier da, eta garai hartan ere nire telesail gustukoena zen. Asko gustatzen zitzaidan bertan agertzen zen etxea, eta kuriositatea nuen plano batean irudikatuta ikusteko; izan ere, telesailean logelak bakarka ikus zenitzakeen, baina inoiz ez etxea bere osotasunean", dio disenatzaileak. Buruan zuen ideia horri forma eman zion orduan, eta Frasier telesaileko etxea plano batean irudikatu zuen.

Aurrera jarraitzeko adorea

Errusiar mendiarekin alderatu izan ohi da bizitza, bertan izaten diren gorabeherak direla medio. 2012. urtean, esaterako, une gazia bizitzea tokatu zitzaion Alisteri: langabezian geratu zen, eta une zaila izan zela aitortu badu ere, orduan ekin zion benetan desio zuena egiteari: "Langabezian geratu aurretik nuen lanpostuak ez zidan planoak egiteko denbora asko uzten, eta behin lanpostua galdu nuenean, gogotsu heldu nion planoak egiteari".

Askotariko telesailen eta filmen planoak egiten hasi zen orduan: Friends, Sex and the City eta The Simpsons telesail ezagunenak, esaterako, eta emaitzak sarean parketatzen hasi zen. Alisteren harridurarako, gutxien esperotakoa gertatu zen orduan: "Jendea 'gustuko dut' ematen hasi zen nire lanei, eta ikustaldiak egunetik egunera dezente igotzen hasi ziren". Planoen eskaerak bat bestearen atzetik heltzen hasi zitzaizkion orduan; lagunen eta ingurukoen mandatuak ziren batzuk, baina beste hainbat eskaera inondik inora ezagutzen ez zituenengandik jaso zituen.

Iñaki Aliste, 'Behind the Screens' bere liburuaren ale batekin. (Intza Trula)

Gero eta oihartzun handiagoa zuen Alistek sarean, eta hedabideen belarrietara heldu ziren orduan azpeitiarraren izen-abizenak: "Dozena bat plano nituenean Ingalaterrako egunkariren batean aipatu ninduten, eta haren atzetik beste hainbat egunkarik idatzi zuten niri buruz eta nire lanaz. Dezente artikulutan agertu nintzen". Aipamenok "oso ondo" etorri zitzaizkiola aitortu du azpeitiarrak. Era berean, ibilbide berri horretan "zorte apur bat" izan zuela ere iritzi dio: "Kasualitatea izan ala ez izan, planoen kontuarekin aurrera jarraitu behar nuela pentsatu nuen, eta erabaki horri esker, gaur egun nagoen lekura heldu naiz".

Era guztietako filmen eta telesailen planoak egiteko eskaerak egiten dizkiote Alisteri, baina guztiek dute zerbait amankomunean: "Oroitzapen onak ekartzen dizkieten filmen planoak eskatzen dizkit jendeak. Batzuek merchandisinga erosten duten bezala, beste batzuek beraien gustuko telesailaren planoa erosten dute etxean zintzilikatzeko".

Sareko lapurrak

Interneten zintzilikatzen ditu bere lanak, eta sarea salerosketarako leku "erosoa" bezain "arriskutsua" dela kontatu du: "Behin baino gehiagotan ikusi ditut nire planoak beste leku batzuetan nire baimenik gabe zintzilikatuta, eta jende askok erosi ditu originalak ez diren pieza horiek".

Interneten dituen lanak lapurtu, moztu, konprimitu eta saldu egiten dituztela azaldu du azpeitiarrak, eta produktu horiek faltsuak direla erakustea "oso zaila" dela.

'Friends' telesaileko etxeen planoak. (Iñaki Aliste)

Xehetasun askoko planoak dira Alistek egiten dituenak: "Ez ditut marra hutsak marrazten. Batzuetan, jendeari kostatu egiten zaio plano teknikoak ulertzea, baina nireak oso errazak dira ulertzeko". Xehetasun horiek guztiak egiteak bere denbora eskatzen du, eta horregatik, lanik zailenak etxe handiak direla dio: "Gero eta etxe handiagoa eta objektuz beteagoa izan, orduan eta lan gehiago eskatzen du".

Planoak egiteko, irudimena ez ezik logika ere beharrezkoa dela iritzi dio Alistek: "Nik ez dut ezer asmatzen, ikusten dudana marrazten dut, baina batzuetan loturak norberak egin behar ditu, ez baitira ikusten". Zera gehitu du: "Telesailak amaituta egotea gustatzen zait planoa egiten hasi aurretik: izan ere, kapitulu guztiak ikusi gabe marrazten badut, arriskua dago ondoren ikusi ez dudan zerbait ateratzeko". Batzuetan, halere, "asmatzea beste erremediorik" ez du izaten planogileak.

'Behind the Screens'

Enkarguak egiteaz gainera, duela urtebete inguru bere planogile ibilbideko proiekturik berezienetako bat izango zena argitaratu zuen Alistek: Behind the Screens izeneko liburua, hain zuzen.

Herrialde ezberdinetako eta hainbat generotako telesailen eta filmen planoz osatutako liburua da Behind the Screens, eta guztira, azpeitiarrak egindako 35 plano eta 300 ilustrazio inguru biltzen ditu. Gainera, marrazkiak telesail eta film horien inguruko datuak eta bitxikeriak biltzen dituzten testuz hornituta daude.

'Behind the Screens' liburua.

Chronicle Books editorialarekin elkarlanean ondu du liburua Alistek. "Ez dakit nola ezagutu ninduten, baina nire lana gustatzen zitzaiela esan zidaten, eta liburu bat egitea proposatu zidaten". Editorialarekin zenbait elkarrizketa izan zituen orduan, eta denbora gutxiren buruan hasi ziren lanarekin. "Gustura nago azken emaitzarekin", egin du azpimarra.

Planogileak ordu asko eskaintzen dizkio bere lanari; halere, bulegotik kanpo zaletasunak ere baditu: "Kalera afaltzera irtetea eta filmak ikustea gustatzen zait gehienbat, eta azkenaldian kontzertuetara ere joaten ari naiz".

Motzean

Adina: 54 urte.
Ikasketak: Barne Diseinua.
Lanbidea: Planogilea.
Planogilea ez banintz… lo egingo nuke.
Lanetik ateratzean gogoko dut… kalera afaltzera irtetea eta filmak ikustea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide