Txapelketaren hurrengo faserako "ilusioz" daude Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga

Julene Frantzesena 2024ko urr. 7a, 10:40

Oier Etxeberria, saio batean. (Bertsozale.eus)

Zapatuan izan zen final-zortzirenetako azken saioa Azpeitian, eta hura bukatzean erabaki zen final-laurdenetan zein bertsolarik non eta noiz kantatuko duen. Etxeberriak hilaren 26an abestuko du Azkoitian, eta Gurrutxagak, berriz, azaroaren 3an Tolosan.

Oier Etxeberria eta Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hurrengo fasean izango dira, final-zortzirenetako saioetan lortutako puntuei esker. Zapatuan izan zen lehen fase horretako azken saioa Azpeitian, eta hura bukatzean erabaki zen final-laurdenetan zein bertsolarik non eta noiz kantatuko duen. Etxeberriak urriaren 26an abestuko du, Azkoitian, Ane Labakarekin, Asier Azpirozekin, Eli Pagolarekin, Maialen Akizurekin eta Unai Mendizabalekin batera; Gurrutxagak, berriz, azaroaren 3an izango du zita Tolosan, eta Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maider Arregi eta Nerea Elustondo izango ditu oholtzakide.

Etxeberriak udaberriko Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean lortu zuen Gipuzkoako Txapelketarako txartela, eta udako geldialdiaren ostekoa "punto eta seguido" moduko zerbait izan dela esan du: "Asteroko dinamika hori, txapelketa prestatze hori, jarraia izan da, denbora dezente pasatu dugu horretan. Oso aberasgarria eta ederra izan da prestakuntza prozesu hori, baita bertso eskolako kideek kantatu duten saioetara joatea eta abar ere. Mundu horretan sartuta egotea oso polita izan da".

Lasarte-Orian kantatu zuen Etxeberriak final zortzirenetan, eta han lortutako puntuan aski izan zaizkio lehian aurrera egiteko. "Neuzkan puntuekin, bizpahiru saioren faltan nahiko argi zegoen hurrengo fasera pasatuko nintzela". Dena den, hark dioenez, txapelketak "oso argi" laga du ez dela zerbait proportzionala: "Onak ez dira beti aurrera joaten, eta aurrera joaten diren denak ez dira beti onak. Oso maila oneko jendea kanpoan gelditu da, faktore pila bat sartzen direlako tartean. Azkenean, txapelketaren saioan hamar bertso kantatzen dituzu, eta hori ez da ezer urtean zehar kantatzen duzun kopuruarekin; lagin txiki bat baino ez da. Edozer gauza pasatu daiteke; beraz, aldez aurretik zerbait espero izatea zaila da".

Final-zortzirenetako saioan "nahiko txukun" jardun zuela uste du Etxeberriak. "Horrek balio izan dit aurrera egiteko, eta alde horretatik, gustura nago". Azkoitian jardungo du hurrengo fasean, eta kanturako egokitu zaizkion bertsokideen maila nabarmendu nahi izan du. "Ez nago halako maila duten bertsokideak izatera ohituta, eta ilusioz nago. Gainera, saioa oso indartsua izango da plaza eta ikus-entzule kopuruaren aldetik; exijentea eta polita izango da, ez bainago dimentsio horietako saioetan parte hartzera ohituta".

Joan zen udaberriko fasean bi saio irabazita iritsi zen Gurrutxaga final zortzirenetara. Hark adierazi duenez, baina, "gorabeheratsua" izan da berarentzat bukatu berri den txapelketako fasea; izan ere, bukaerara arte zain egon behar izan du aurrera egingo zuen ala ez jakiteko –lehen saioan abestu zuen–. "Saioan akats bat edo beste egin nuen, despisteren bat tarteko, eta gauza on batzuk ere egin nituen. Gorabeheratsu aritu nintzen, baina puntuek final-laurdenetara pasatzeko adina eman didate, eta gustura nago".

Hurrengo saiorako "ilusioz" dagoela aitortu du, "edukitako beheraldi horiek hobetzeko" asmoz. "Ilusioa daukat; final-laurdena da, plaza handi bat, bertsokide oso onakin ariko naiz, eta oso gustura nago". Plazan kontzentratuta egoten asmatzea nahi du batetik, eta bestetik, bertsotan egin nahi dituen gauzak egin ahal izatea. "Euskal Herriko txapelketara sartzeko aukera ere hor dago –finalerdietara sailkatu behar da horretarako–, eta egia esan, ilusioa egingo lidake. Dena den, ez da uneotan helburu bat, ilusioa egingo lidakeen zerbait baizik; izan ere, oso garesti dago txapelketa horretarako txartela".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide