Kilometroak 2024

"Txikira" egindako Kilometroak jaiak helburu guztiak bete ditu, antolatzaileen arabera

Nerea Uranga 2024ko urr. 7a, 12:03

Izpiz izpi lelo hartuta egin dira 2024ko Kilometroak Azpeitian. Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibakoak gustura daude jaiaren emaitzarekin, haiek aurreikusi bezala atera delako: "Giro jatorra izan da nagusi, jende asko etorri da eta euskara arin eta bizi entzun dugu".

2024ko Kilometroak ospatu ziren atzo Azpeitian Izpiz izpi lelo eta eguzkilorea irudi hartuta. Herriko plazatik Loiola artean izan ziren Kilometroetako ekitaldiak, lau gunetan banatuta: plazan, Esklabetan, Ikasberri ikastolan eta Loiolan. Goizeko hamarretan egin zuten festaren irekiera ekitaldia ikastolan, eta bertan Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Azpeitiko Udaleko, Kilometroak Kultur Elkarteko ordezkariek nahiz Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkartekoek hartu zuten hitza. Aurkezle lanak Mattin Arakistain eta Miren Iturzaeta ikastolako ikasleek egin zituzten, eta keinu hizkuntzan jardun zuen Euskal Gorrak elkarte kide batek. Kilometroen urtean hiru ardatz izan dituzte oinarri: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Eta atzoko hasierako ekitaldian hiru ardatz horien garrantziaz aritu ziren, baita horietan eragin eta sustatu beharraz ere. Hitzartzeen artean, Imanol Lazkano eta Joanes Azpillaga bertsolariek kantatu zuten.

Aurtengo Kilometroen antolaketa taldeak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omendu zituen atzokoan, lau hamarkadetan Kilometroen festaren hiru ardatzak sustatzen egin duten lanagatik. Atzoko ekitaldian eguzkilorea jaso zuten pailazoek opari, eta haiek ikastolakoen aldetik jasotako omenaldia Josu Txapartegi Txapasekin elkarbanatu nahi izan zuten, bidelagun dutelako.

Behin hasierako ekitaldia bukatuta, Kilometroen lau guneetan askotariko ekitaldiekin gozatzeko aukera eduki zuten bertaratu zirenek: Eskapaie elektrotxaranga, herri kirolak, askotariko erakustaldiak, magia, bertsolariak, eskulan eta zirku tailerrak, Antxieta arkeologia taldekoekin tailerrak, Itsasi eta Sahatsa dantza taldeetakoak, puzgarriak, bizikleta zirkuitua, skate erakustaldia, antzerkia, batukada... Kontzertuak ere ugari izan ziren: Go!azen, Ukabil, Janus Lester, Urtz, Tapia eta Leturia, Imuntzo eta Beloki, Trini Fox, Ro, Eraldatzen, Leherkaitz, Deñe eta La Basu.

Kilometroak jaia antolatzeko mila boluntario inguru aritu zen lanean atzokoan, eta hainbesteko taldea lanean ikustea "zoragarria" izan dela adierazi dute antolatzaileek. "Urte osoan aritu gara lanean, eta ikusi dugu gure komunitatea nola joan den hazten-hazten, egunez egun. Ustekabean hartu genuen Kilometroak antolatzeko enkargua. Pozik hartu genuen, baina baita bertigo pixka batekin ere. Atzoko egunak eman duena ikusita, argi eta garbi esan dezakegu merezi izan duela urte guztian zehar egindako bideak. Pixkanaka esnatu da gure komunitatea, eta oso pozik gaude", azaldu dute antolatzaileek.

Kilometroak jaiaren bezperetan urduritasuna eta poza bizi izan dituztela aitortu dute antolatzaileek: "Halako jai bat antolatzea ez baita txantxa". Bidean arazoak ere sortu zaizkiela azaldu dute, baina horiek gainditzea lortu dutela, "komunitate indartsua eta aberatsa" daukatelako. Horregatik guztiagatik "oso pozik" daude lortu dutenarekin.

Helburu nagusia beteta

Kilometroak egunaren inguruko datu zehatzak atera gabe izan arren, datu orokorrak plazaratu dituzte antolatzaileek. Adierazi dute aurreikusita bezala atera dela jai egun handia. "Helburu nagusia bete da", adierazi dute. "Txikira egindako jaiari ezarri genizkion ezaugarriak bete dira. Eta orain, urte osoan lantzen aritu garen eta geure egin ditugun ardatzak lantzen jarraitzea dagokigu. Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Azpeitia eta gure eskualdea ere aldatzen ari dira, Euskal Herri osoa bezala. Globalizazioak, pantailen eraginak, eta mundu zitalak behartutako migrazio zein ezberdintasunek aldatu egin dute egoera. Erronka handia da, baina baditugu erronka horren aurrean gure balioak garatzeko baliabideak. Aniztasuna nagusi, errespetua oinarri eta euskara zubi. Horixe da gure bidea, eta horretan lanean segituko dugu", azaldu du Kilometroak bukatu berritan Igor Aranbarri Azpeitiko Ikasberri Ikastola Kooperatibako Artezkaritza Kontseiluko kideak. Eta atzo Kilometroetan ateratako dirua hiru ardatz horietan eragitera bideratuko dutela adierazi du.

Kilometroak antolatzeko bidean hainbat eragilerekin izandako harremanekin eta elkarlanarekin jarraitzeko asmoa dutela ere adierazi du Aranbarrik. "Hemendik aurrera, harreman urtearen analisi zorrotza egitea dagokigu, eta gogoeta horretatik etorkizuneko proiektu desiratuaren bizkarrezurra marrazten hastea. Iazko urrian esan genuen arrastoa utzi nahi genuela gure komunitatean, baita gurekin batera harremanetan izan diren erakunde eta pertsonengan ere. Hemen amaituko ez den eta etengabe aurrera segituko duen proiektuentzat euskarri izaten saiatuko gara. Beraz, jarraituko duzue gure berri izaten".

Kilometroen egunean jende asko ibili zela adierazi dute antolatzaileek: "Bereziki familiak izan dira, baita gazteak ere. Giro jatorra eta lasaia izan da nagusi. Eskatzen genuen bezala askatasunez eta errespetuz gozatu dute Azpeitira etorritako partaideek". Autobusak erruz ibili ziren atzo, antolatzaileen esanetan. Kilometroetako txosnetan janari gehiena bukatu egin zen, eta Ikasberrin jarritako jangelan jende askok jan zuen. Pase azkarrak harrera ona izan zuela esan dute, eta adin desberdinetako pertsonek eskatu zutela. Oro har intzidentziarik ez zen izan atzo, eta horregatik balorazio positiboa egin dute.

Erronkari dagokionez Gipuzkoako 21 ikastoletako 340 ikaslek parte hartu zuten, eta herrian barrena zazpi proba egin zituzten. Erronkaren irabazlea Legazpiko Haztegi ikastola izan zen, bigarrena Anoetako Herri Ikastola eta hirugarrena Lazkao ikastola.

2025eko Kilometroak antolatzeko lekukoa Elgoibarko Ikastolak hartu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide