Umetatik neskame, 1950eko hamarkadan 'neska zahartuta' atzerrira lanera joan, han ezkondu gabe ama izan, eta bizi osoan ama bakar izan zen Josefa Agirre (Azpeitia, 1927-Barakaldo, Bizkaia, 2020), Badiolegi baserrikoa. 2023ko urtarrilean, Debako Udalak (Gipuzkoa) eta Elkar argitaletxeak Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzeko ematen duten Tene Mujika beka jaso zuen Alaitz Melgarrek (Barakaldo, 1984), Agirreren bilobak. Amama Josefaren bizitza ikertzea eta ikerketa liburu batean jasotzea zen Melgarrek beka deialdira aurkeztutako proposamena. Joan den ekainean aurkeztu zuen liburua Agirreren bilobak: Josefa, neskame.
Amamak beti isilik gordetakoak eta pairatutakoak ezagutzeko gosez, Josefa Agirreren bizitza nolabait berreraikitzea zen Melgarren asmoa, baina ikerketa lanak beste bide batetik eraman du, azkenean.
Misterioa argitzeke
Barakaldon bizi zen Agirre Melgar jaio zenean. Biloba txikia zela, amama astero joaten zitzaien bisitan Gurutzetako etxera. Amamaren osasunak okerrera egin zuenean, beren etxera eraman zuten; Melgar institutuan zebilen garaian izan zen hori. Amama ezin zen jada bakarrik moldatu. "Fisikoki ondo zegoen, baina bere burua ez". Hamar urte egon zen bizitzen azpeitiarra alabaren etxean, eta zahar etxe batera eraman zuten ondoren, etxean behar bezala artatzeko ezintasuna sortu zitzaienean.
"Ezagutu, teorian, bai. Praktikan, ez hainbeste", dio Melgarrek amamarekin izandako harremanaz, Tene Mujika beka eman ziotela jakin ondoren egindako adierazpenen ildotik. Amama Josefaren bizitza "misterio bat" zela zioen orduan; orain, bekari esker idatzi duen liburua dagoeneko argitaratuta, misterio horrek argitu gabe jarraitzen du hein handi batean Melgarrentzat. "Datu batzuk deskubritu ditugu, baina oso gutxi. Azkenean berreraiki ahal izan dut, gutxi gorabehera, bere ibilbide fisikoa: zer lekutan egon zen eta zer egin zuen bitartean", dio. Amamak ibilbide horretan bizitakoak eta horiek nola bizi izan zituen, ordea, beste kontu bat dira: "Haren sentipenei buruz ez dut ezer jakin inoiz. Beraz, bai, badakigu non ibili zen lanean, non ez, zer egin zuen... baina amona misterio bat da oraindik ere niretzat".
Bilobarentzat ez ezik, alabarentzat ere erabateko misterioa izan dira beti amaren ibilerak. "Ezer ez" zion kontatu alabari, Melgarren esanetan, ezta aita nor zuen ere. Josefaren hertsitasunean arrakalarik ez zuten topatu inoiz gertukoenek; eta, era berean, gordetzen zuenaz ez zioten galdetu. "Ez zitzaigun okurritu ere egiten galdetzea. Liburuan kontatzen dut duela hamar bat urte amarekin joan nintzela Londresera, ikus zezan bere nortasun agirian agertzen zen hiria. Gida lanak egin nizkion amari, ingelesez hitz egiten nekielako; eta hura, pozik. Amona bizirik zegoen artean, galdetu ahal genion, baina ez zitzaigun okurritu ere egin".
"Bagenekien tabua zela", dio Melgarrek, Josefari iraganaz ez galdetzearen arrazoiaz itaundutakoan. Ama-alaben harreman korapilotsuak ere ez zuen laguntzen, Badiolegikoaren bilobak gehitu duenez: "Nire amaren eta amamaren arteko harremana ez zen oso ona, ez zen oso gertukoa. Erlazio ona zuten bukaeran, izan behar zutelako, baina ez konfiantzazkoa". Harentzat tabu zirela bai, baina amamak Ingalaterran bizitakoa atzean uzteko gogoaren arrazoiak ez dituzte ezagutzen Melgarren etxean. Hala ere, Josefa, neskame liburuaren egileak gogoan du horrekin lotutako pasarte bat: "Behin bakarrik galdetu nion amonari, ea ingelesez ikasi zuen. Begiratu zidan, eta mutu gelditu zen; totelka hasi zen, ezin zuen hitz egin. Momentu oso arraroa izan zen. Ezin izan zidan erantzun. Ez zen erantzuna ukatu nahi zidalako, ez zidan esan 'ez, ez dizut esango'; zer esan ez zekiela bezala gelditu zen, deskolokatuta bezala". Une hartako amamaren erreakzioa eta bizitza osoko haren isiltasun itxia gogoan, Melgarrek uste du Josefa Agirrek gordetzen zuela trauma bat, memoria blokeatzera bultzatzen zuena; gogoratu nahi ez izatea baino, gogoratzeko ezintasuna eragiten zion zerbait.
Beti lanean, beti besteen etxeetan
Josefa Agirre "oso langilea" zen, "galtzagorrien modukoa, beti ibili behar zen zeozer egiten", bilobaren hitzetan. "Zereginen bat ez bazeukan, urduritu egiten zela uste dut", gaineratu du barakaldarrak. Agirreren jatorri baserritarrarekin lotu du Melgarrek haren izaeraren ezaugarri hori. "Baserriko bizimodua ere horrelakoa da, beti dago lanen bat egiteko". "Beti lan egiten" gogoratzen dute etxekoek Badiolegikoa, baina bilobak bere liburuaren izenburuan jaso bezala, baserritik kanpo egin behar izan zituen lan gehienak. Izan ere, kaleetxeetan, "besteen etxeetan" neskame, egin zuen lan umetatik eta ia beti Agirrek.
Josefak neskame joateko baserria zenbat urterekin utzi zuen zehaztea ere kostatu egin zaio Melgarri. Gasteizen eta Zarautzen, ahizpaordeen etxeetan egin zuen lan Josefak. Hain zuzen ere, Melgarren liburuko azaleko argazkia Gasteizko familiak utzitakoa da. "Kalkulatu nuen argazki horretan 12-14 urte izango zituela. Gasteizko errolda lortu ahal izan nuen gero, eta badakit 12 urterekin dagoeneko han bizi zela". Harrezkero, beti egin zuen lan besteen etxeetan, eta lan egiteaz gain, etxe horietan bizi izan zen, barneko langile edo interna aritzen baitzen. Alaba izan ondoren ere horrela jarraitu zuen, hura familiakoen babesean utzita; alabaz gozatzeko eta alaba goxatzeko astirik edota modurik ez zuen, hark ezer falta ez zezan lan egiten zuen bitartean.
Agirre Ingalaterrara zenbat urterekin eta nolatan joan zen zehatz-mehatz argitzerik ez du lortu Melgarrek. 1950eko hamarkadan izan zen: "Donostian ari zen lanean, eta uste dugu handik trenez joan zela Frantziara, gero ferrya hartuta Ingalaterrara iristeko. Baina ezin izan dut baieztatu. Kontsulatuan ez dago haren arrastorik". Agiri bat bera ere ez du topatu Melgarrek artxiboetan, ez Madrilen, ez Londresen.
Zenbat Josefa...
Bere proiektua Tene Mujika bekara aurkeztu zuenean zituen "ametsak" alde batera utzita, baina egindako lanarekin gustura dago Melgar. "Hasierako momentuak oso zailak izan ziren, konturatu nintzelako ez nuela askorik lortuko eta liburua idatzi, idatzi egin behar nuela. Buelta eman nion, ordea". Editorearen iradokizuna jarraituz, amamaren bizitzaren zertzeladak ikerketa bidaiarekin paraleloan jaso ditu liburuan. Nerea Aresti [institutuan Historiako irakasle izan zuen] eta Miren Llona historialarien ekarpenek ere lagundu zioten lasaitzen. "Haiek begiak ireki zizkidaten; esan zidaten horrelako emakumeak ikertzerakoan ohikoena zela niri amonarekin gertatu zitzaidana pasatzea, ez dagoela ezer idatzita eta ez dela ezer jasota geratzen".
Josefa Agirrerena ez zen kasu isolatua, inondik ere. Haren belaunaldian eta ondoren ere, baliabide oso urriko familia ugarietan hazitako neskato askoren patua izan ohi zen umetatik etxetik urrun neskame aritzea. Ezkondu gabe haurdun gelditu eta ama izatearen lotsaizuna jasandakoak ere ez ziren gutxi, horrek zekarren guztiarekin. Emakume haien guztien aitortzatik ere badu Melgarren liburuak. Barakaldokoak, ordea, ez du edozein emakumeren historia jaso nahi izan, bere amamarena baizik: amaren amarena eta, beraz, berea ere bai, hein batean. Eta hori guztia, bere lehen liburuan. Aitortu du ez dela samurra izan, baina bai aberasgarria. Amaren Azpeitiko familiarekin harremanak estutzeko aukera izan da beretzat, esaterako, azken urteko lana. "Interesgarria izan da, alde horretatik. Gauzak deskubritzen eta idazten nituen heinean, hunkigarria izan da. Negarrez idatzi ditut pasarte batzuk. Gauza bat da datu bat jakitea, eta beste bat haren azalean jartzea eta istorioa idaztea", dio Melgarrek liburua idazteko prozesuaz. "Esan didate maitasun asko dagoela liburuan, eta nabaritzen dela. Hori oso polita da niretzat".
Espero ez zituen aurkikuntzak eta "sorpresak" ere izan ditu bidean, baina ez du spoilerrik egin nahi izan; liburua irakurtzen dutenek lortuko dituzte erantzun guztiak.