Darian Karina Renteria: "Kolonbiako egoeraren berri lau haizetara zabaltzea da laguntzeko modurik onena"

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 8a, 18:30

Darian Karina Renteria. (Utzitakoa)

Darian Karina Renteria (1992, Bagadó, Kolonbia) Kolonbiako Pazifikoko Giza Eskubideen Ermandadearen Sareko militantea da, giza eskubideen defentsan aritzen da lanean, eta bihar, Elkar-ekinek gonbidatuta, Azpeitian izango da Lurralde gatazka eta giza eskubideen urraketa Kolonbian gaur egun hitzaldia ematen. 18:30ean izango da, Sanagustin kulturgunean.

Darian Karina Renteria (1992, Bagadó, Kolonbia) Kolonbiako Pazifikoko Giza Eskubideen Ermandadearen Sareko militantea da, giza eskubideen defentsan aritzen da lanean. Hain zuzen ere, helburu horrexek bultzatuta Euskal Herrian da egunotan, eta Elkar-ekinek gonbidatuta, Azpeitian izango da bihar arratsaldean. Lurralde gatazka eta giza eskubideen urraketa Kolonbian gaur egun hitzaldia emango du Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Ahal duten guztiei hitzaldira bertaratzeko eskatu die, Kolonbian bizi duten egoera ahalik eta gehien zabaltzea behar-beharrezko jota.

Zein asmorekin etorri zara Euskal Herrira?

Kolonbian bizi dugun egoera lau haizetara zabaltzea da nire egitekoa, batez ere hango krisi humanitarioaren eta giza eskubideen urraketen berri ematea. Horrez gain, abuztuan Kolonbiako bost eskualde zeharkatu zituen Bizitzaren, Bakearen eta Lurraldean Geratzearen aldeko Karabana Humanitarioaz ere hitz egingo dut. Karabana hori Redher-ek [Kolonbiarekiko Elkartasun Ermandadearen Sareak] antolatu zuen, eta herrialde hartako zein nazioarteko ehun erakunde politikok eta sozialek baino gehiagok babestu zuten.

Zein da Kolonbiako egoera gaur egun?

Paramilitarren hedatzea dela eta, krisi humanitarioa gainezka eginda dago. Eskualdeetako lider sozialak jazartzea eta haiek erahiltzea egunerko ogia dira, eta horretaz gain, komunitate indigenek eta nekazaritzatik bizi diren komunitateek ez dute estatuaren inolako babesik. Horietako gehienek bizirauteko gutxienekorik ere ez dute bermatuta, oinarriko beharrak asetu gabe dituzte, elikadura eta osasuna esaterako, eta zer esanik ez hezkuntza eta beste hainbat esparru. Hori guztia azalduko dut biharko hitzaldian, eta indar publikoen eta talde paramilitarren arteko loturaz ere hitz egingo dut.

Zer egin dezake munduak Kolonbiako egoera aldatzeko?

Laguntzeko modurik onena da han gertatzen ari dena lau haizetara zabaltzea, hango errealitatea ikusaraztea. Legearen mugetatik at dabiltzan taldeekiko ardura estatuarena, gobernuarena, da oso-osorik; hari dagokio talde horien kontra joatea edo haiekin akordioren bat egitea indarkeria alboratu dezaten. Guk, gure aldetik, giza eskubideen defentsan dihardugun antolakunde gisa, atzerriko eragileei eskatu nahi dieguna da lagun diezagutela Kolonbian gertatzen ari denaren berri ahalik eta gehien zabaltzen, munduari jakinarazten Kolonbian zer gertatzen ari den, herriatarrak erahiltzen ari direla.

Zer mezu helarazi nahiko zenieke azpeitiarrei?

Hasteko eta behin, tarte bat hartzeko eta biharko hitzordura agertzeko esango nieke, beti delako interesgarria munduko beste toki batzuetan bizi dituzten errealitateen berri izatea, eta are gehiago lekukotasunak protagonisten ahotik entzuteko aukera dutenean. Jendea guri entzuteko prest dagoela ikusteak indarra ematen digu borrokan jarraitzeko eta aurrera egiteko. Kolonbian ez ezik, munduko beste herrialde batzuetan ere indarkeria eguneroko ogia da, eta egoera horiek azaleratu eta elkar babestu beharra daukagu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide