"Datozen belaunaldiek aske bizi ahal izatea herrian, kanpora irten beharrik ez izatea, beste mundu bat badela ikusteko", Azpeitia era horretakoa izatea desio du bere burua bollera gisa definitzen duen adin ertaineko herritarrak. Oihu bat isiltasunean, Azpeitiko LGTBI+ errealitateen erradiografia eta neurriak izenburuko liburuxkan jasotako testigantzetako bat da hori.
Urtebetetik gora da Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak, Eihera kooperatibaren laguntzarekin, herriko LGTBI+ pertsonen errealitateak ezagutzeko eta ekintza plan bat osatzeko egitasmo bat abiatu zutela. Lan horri helduta, Eiherakoek kolektibo horretako hainbat herritar eta eragileetako hainbat kide elkarrizketatu dituzte; guztira, 32. Joan den ekainean Oihu bat isiltasunean liburuxka aurkeztu zuten jendaurrean Sanagustin kulturgunean Eihera kooperatibako Iñi Etxezarretak eta Kattalin Minerrek.
Azterketa egiteko proposamena jaso eta liburuxka aurkeztu arteko ibilbidea hiru fasetan egin zutela dio Etxezarretak. Lehenengo fasean, LGTBI+ kolektiboko hainbat herritar elkarrizketatu zituzten, egun Azpeitian bizi ala ez. "Hasieran, elkarrizketatzeko hainbat pertsona aurreikusi genituen, baina horrelako prozesuetan gertatu ohi den moduan, batek bigarren bat proposatzen du, eta bigarrenak hirugarrena... Eta parte hartzaile kopuru polita lortu genuen. Herriaren inguruan horrelako aurreiritzi batzuk genituen, eta gutxiagok parte hartuko zutela uste genuen, baina norbanako asko azaldu ziren parte hartzeko prest". Bigarren fasean, hainbat eragile "zehatzekin" bildu ziren Eiherakoak: "Hezkidetza Foroarekin, jubilatuen elkartearekin, eskola kirolaren arduradunekin...". Hirugarren fasea, berriz, udal barrura begira egindakoa izan zen: "Kasu horretan, udal gobernuarekin, oposizioarekin eta teknikariekin bildu ginen. Gainera, lansaioak egin genituen udaltzainekin eta Gizarte Zerbitzuetakoekin". Behin hiru pausoak emanda, Eiherakoek bildutako informazio guztia sistematizatu, jaso eta irakurgai jarri zuten.
Zalantzarik ez parte hartzeko
Azpeitiko LGTBI+ pertsonen errealitatea ezagutzeko egitasmoan parte hartzeko gonbita onartzeko zalantzarik izan ez zuten bi herritar dira Garazi Arregi (Azpeitia, 1992) eta Anartz Izagirre (Azpeitia, 1994).
"Eiherakoak jarri ziren nirekin harremanetan egitasmoan parte hartu nahi al nuen proposatzeko, eta bi aldiz ez nuen pentsatu. Lehenengo aldiz galdetzen ziguten herrian, eta aurrez ez zen inoiz horrelako egitasmorik egin; nik, behintzat, ez nuen ezagutzen", azaldu du Arregik. Alde pertsonaletik haratago, profesional arlotik eragiteko aukeragatik erabaki zuen egitasmoan parte hartzea Arregik.
Hezkuntzan egiten du lan Arregik. Aurrez, bi urtez Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolan jardun zuen lanean, eta Hezkidetza Foroaren batzordeko kide izatea ere egokitu zitzaion. "Hezkidetza Foroan atera ziren gaien artean, bat honakoa izan zen: Sanjuandegiko saihesbidearen oinezkoen pasabidean LGTBI+ banderaren koloreak zeudela lurrean marraztuta, eta haurrek salto eginez igarotzen zutela. Era berean, beren artean ahozko burlak edo erasoak zerabiltzatela, bandera edota marra hori ukitzen zuena marikoia, gaya, zela esanez, eta horrelako estigma negatibo bat sortzen ari zela. Horrek goi eta behe mugitu zizkidan, eta eskolan ekintza bat egitea erabaki genuen: bideo bat egitea, ikasleek parte hartuz. Pasabide horretatik igaroz irteera bat egin genuen, errealitatea ikusteko. Ohartu ginen, margoaren gainetik denek salto egiten zutela, eta ikasgeletara eraman genuen gaia lantzeko. Beraz, oraindik zer egin badagoela ikusi genuen. Garai batean erasoa fisikoagoa edota ikusgarriagoa zen, baina gaur egun ere 5 eta 12 urtekoen artean badako zer egina. Azpeitian asko aurreratu dugula esaten da, baina errealitatean hori ez da horrela, eta oraindik ere beharrak ikusten dira herrian".
Izagirrek ere egitasmoan parte hartzeko proposamenari berehalakoan eman zion baietza, ez zuen zalantzarik egin, beharrezkoa zela uste zuelako: "Nirekin harremanetan Emakumeen Txokoko teknikariak jarri ziren, LGTBI+ kolektiboaren inguruko diagnostikoa egiteko asmoa zegoela azalduz, eta ea animatzen nintzen galdetuz. Segituan esan nuen baietz. Iruditzen zitzaidan kolektiboa zain zegoen gauza bat zela, urte askotan ez delako ezer egin gai honen inguruan edota gai hau ez delako landu. Isilean pasatu da dena, baina gauza asko pasatu dira".
Norbanako bakoitzaren errealitatea desberdina izan arren, amankomunean hainbat kontu izan ditzaketen herritarrek "ahotsa edukitzeko" aukera bat izan zitekeela pentsatuta hartu du parte Izagirrek egitasmoan. "Laguntasunetik aparte, gai honetaz ez dut inoiz serio hitz egin pertsona batekin, edota lagunartetik kanpo, ez dit inork galdetu zer bizipen eduki ditudan. Bene-benetan herri honetan zer pasatu den esateko eta berriro zer ez diren pasatu behar esateko aukera bat iruditu zait. Nirea bezalaxe, beste bizipen edota iritzi denak dira zilegiak, entzungarriak eta denok daukagu kontatzeko beharra. Aukera hau izatea oso inportantea iruditzen zait".
Ondorioak
Egitasmoan parte hartzea aberatsa izan da bai Arregirentzat eta baita Izagirrerentzat ere. Aintzat hartuta sentitu dira. "Oso aberatsa izan da, lehenengo aldiz izan dugulako entzunak izateko edota hitz egiteko aukera. Une oro errespetatu dute konfidentzialtasuna, eta prozesuan berdintasuneko harremanak sentitu ditut", dio Arregik. Izagirre ere "oso ondo sentitu" da Eiherakoekin izandako elkarrizketan, LGTBI+ kolektiboko pertsona gisa bere bizipenak elkarbanatu ahal izateko aukera izan duelako, baina, "mingarria" ere egin zaiola aitortu du: "Egunerokotasunean bizipen horiek ez datozkizu gogora, eta pixka bat ahaztutako gauza batzuk azaleratu egiten dira berriro. Une batzuetan gauza batzuk azaleratzea pixka bat mingarria izan da. Aldi berean, oso polita da ikustea beste pertsona batzuek ere beren esperientziak kontatu dituztela, eta gero, gure bizipen horiek denak Oihu bat isiltasunean liburuan bildu direla. Ni oso eskertuta nago bai Eiherari eta bai Emakumeen Txokoari horrelako aukera bat emateagatik". Arregi ere bat dator horretan, eta eskertu nahi ditu bai udala, bai Eihera eta baita Emakumeen Txokoa ere egitasmoa abiatu dutelako.
LGTBI+ pertsonen testigantzetan hainbat ondorio ere jaso dituzte, besteak beste, tradizioaren eragina, bazterkeria, bullying-a, sexilioa... Tradizioa eta sexilioa, esaterako, askok aipatutakoak izan direla azaldu du Etxezarretak. "Tradizioak ez dauka zertan txarra izan, komunitate askotan daudelako tradizioak. Asko harritu gintuen, ordea, tradizioa itxia den zerbait bezala azaltzen zutela elkarrizketatuek: oso hertsiak eta oso zorrotzak ziren gauza batzuekin lotzen zuten, normarekin propio, eta herriaren tradizioak itogarriak egiten zaizkie".
Sexilioa ere asko gertatu da Azpeitiko LGTBI+ kolektiboko pertsonen artean, eta hori da Eiherakoen azterketaren ondorio nabarmenetako bat: "Asko joan dira herritik kanpora, jende asko atera da herritik, eta hori bai antzeman dugula belaunaldi guztietan". Horretan bat egiten du Izagirrek, eta zera nabarmendu du: "Sexilioaren kontua oso inportantea da. LGTBI+ komunitatekoei galdetu eta kanpoan bizi nahi dutela edota kanpoan bizi direla badiote, zerbaitegatik da. Eta sexilioarena Azpeitian oso presente dago. Sexiliorik ez izateko, LGTBI+ pertsonentzako ere herriak bizigarria izan behar du, beste edozein bezala bizitzeko askatasuna eduki behar dute".
Oihu bat isiltasunean liburuxka eta erradiografiaren emaitzak ekainean aurkeztu zituzten jendaurrean. Ekitaldia eta ondoren egin zuten bertso poteoa ez dituzte ahazteko Arregik zein Izagirrek. "Egun oso-oso polita izan zen. Ostiral arratsalde batean 40 bat lagun elkartu ginen Sanagustineko aurkezpenean, ekitaldian eta bertso poteoan. Askotan bakarrik sentitu izan garen arren, konturatu ginen ez gaudela bakarrik. LGTBI+ komunitateko bakoitzak ditu bere errealitatea, pentsakera eta bizipenak, baina ostiral arratsalde batez, poteo orduan, komunitate txiki bat bildu ginen, eta elkarrekin plazan argazkia atera genuen. Oso momentu hunkigarria izan zen. Nolabait, herriaren aurrean gu taldetxo gisa azaltzea oso berria zen niretzat, orain arte horrelakorik ez dudalako bizi izan herrian, Azpeitian", azaldu du Izagirrek. Aurkezpena "oso positiboa" izan zela gaineratu du Arregik, "elkar hartuta oso giro sanoa" sortu zutelako.
"Herri bizigarriagoa"
Prozesuaren hasierako aurreikuspenak hautsi izanaren sentsazioa ere badu Eiherako kide Etxezarretak: "Prozesuaren hasieran bazegoen horrelako 'ea zer ateratzen den' sentsazio bat. Bukaeran, aurkezpen egunean, izan genuen sentipena, ordea, bestelakoa izan zen. Hasierako beldurrak ez dira bete, eta espektatibak beste mota batekoak izan dira. Udalaren eta Emakumeen Txokoaren aldetik jarritako indarrak, kalea hartzeak, beste espazio batzuetara iritsi ahal izatea ekarri du".
Isileko, barreneko, zauri batzuk, kontu batzuk, kontatzeko eta azaleratzeko aukera eman die LGTBI+ kolektiboko pertsonei orain hilabete batzuk hasitako egitasmoak, eta ekindako bide horrek saretzeko aukerak ere zabaldu dizkie, denentzako Azpeitia bizigarriago batekin amesten dutelako.
Ekintza planaren barruan eta erradiografiatik ateratako ondorioei aurre egiteko, neurri zerrenda luzea osatu dute Eiherakoek. "Noski, guztiak ezin dira bete dauden baliabideekin, eta batzuk lehenetsi ditugu. Besteak beste, erreparazio kolektiboarena, eta ez bakarrik instituzioek egin beharrekoa, herri guztia inplikatuko duen erreparazio bat egin behar da. Hori nola egin? Eskoletarako unitate didaktikoa sortuta, LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna emanda, saretzea eta espazioak sortuta, interlokuzioa emanda, espazio publikoetan presentzia emanda...".
Abiapuntua da hau Izagirren eta Arregiren ustez, eta hemendik aurrera badago zer egina eta "herritar guztien artean". Izagirrek zera nabarmendu du: "Gauza asko pasatu dira eta gauza asko ez dira kontatu. Hau hasiera bakarrik da, eta orain dena dago egiteko".