Libe Bastida: "Garrantzitsua da enpresek gazteen hitza entzutea"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko urr. 11a, 09:45

EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak antolatutako MALAGES (Master Amaierako Lanen Gezki Sariak) saria irabazi du Libe Bastidak (Azpeitia, 2000). Gazteek lanarekiko duten perzepzioa eta Ekonomia Sozial Solidarioko erakundeek horiei erantzuteko duten gaitasuna aztertu ditu. Asleko teknikaria da gaur egun, eta egindako ikerketaren ondorioak, ESSko enpresak eta lan sozietateak izan ditu hizpide, besteak beste, Gukarekin egindako elkarrizketan. 

Gazteek enplegu bat hautatzerakoan lanarekiko duten pertzepzioaren eta balioen inguruko azterketa egin duzu. Zein dira ikerketatik atera dituzun ondorioak?

Ikerketan aztertu nahi nuen gazteek lan bat aukeratzerakoan zer behar edo zer aspektu hartzen dituzten kontuan. Izan ere, Ekonomia Sozial Solidarioko (ESS) masterra egiten ari nintzen, eta ikusten nuen posible zela, eredu horretako enpresek daukaten antolakuntzarengatik edo funtzionamenduagatik, gazteek dituzten beharrei edo nahiei erantzutea. Beraz, ESSko enpresek gazteen beharrei erantzuteko aukerak ba ote dituzten aztertzea zen nire xedea.  

Lagin konkretu bat aztertu dut, eta ez dut nahi guztiz orokortu. Ondorioak ateratzerakoan, bost palanka hartu ditut kontuan, lanari zentzua zerk ematen dion aztertzeko; izan ere, lana termino bezala oso zabala da. Honako palanka hauek hartu nituen kontuan: oinarrizko baldintzak, autonomia, harremanen nahiz gaitasunen garapena eta lanari lotutako helburuak. Aspektu horiek hartu nituen kontuan ikerketan, eta ikusi nuen, oro har, gazteek garrantzi handia ematen dietela oinarrizko baldintzei, soldata duinari, lan egonkorra izateari, ordutegi malguak edukitzeari eta enpresa barruko harremanei. Asko baloratzen dute enpresan lan giro ona edukitzea, enpresaren parte sentitzea eta ez sentitzea zenbaki huts bat. Autonomiaren auzia ere asko aipatu da; hau da, lanpostuan autonomia izatea eta erabakiak hartzeko ahalmena edukitzea ere nahi dute gazteek. Beraz, ondorio nagusia da Ekonomia Sozial eta Solidarioko enpresek eman diezaieketela erantzun ona gazteen beharrei. Dena den, ahal dutela esaten dut, ez baitago bermatuta beti horrela izaten denik.

Zein dira gazteen nahiak eta kezkak enpleguari begira?

Ikerketa egiterakoan, gazteei ez genien zuzenean galdetu zerk kezkatzen zituen, nahiz eta, egia esan, balitekeen erantzunak interesgarriak izatea. Baina zeharka emandako erantzunetan utzi zituzten ondorio batzuk. Uste dut lan egonkorra edukitzeak kezkatzen dituela, baita enpresan gustura egoteak ere. Lanera lasai joatearen ideia askok aipatu zuten. 

Nolatan erabaki zenuen gaiaren inguruko ikerketa egitea?

24 urte ditut, oraintxe lan munduratu naiz. Kuadrillan nahiz inguruan askotan hitz egiten da gaiaz: zer lan nahi dugun, zer bilatzen dugun, zer baldintzatan egiten dugun lan, zer eskaini diguten... Bestalde, gizartean gero eta gehiago entzuten da enpresei asko ari zaiela kostatzen gazteak erakartzea eta enpresetan mantentzea. Uste dut garrantzitsua dela pertsonak zaintzea, eta kuriositatea eragiten zidan gaiak. Uste dut enpresek arlo horretan zerbait egin nahi badute, garrantzitsua dela enpresek gazteen hitza entzutea. Beraz, nire helburua zen gazte taldetxo txiki bati, behintzat, ahotsa ematea, zer pentsatzen duten jakiteko; izan ere, enpresentzat ondorio baliotsuak izan daitezkeela uste dut, enpresek zer eskain dezaketen ikusteko. 

Zer metologia edo ebaluazio sistema erabili duzu ikerketa egiteko?

ESSko masterra egiten ari nintzela, Aslen hasi nintzen lanean. Proiektu bat geneukan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta Elgoibarko [Gipuzkoa] IMHk eta Incresek parte hartzen zuten. Gazteek zituzten beharrak identifikatzeko eta lan sozietateen forma juridikoa horiei erantzuna emateko gai zen aztertzen genbiltzan. Beraz, erabaki nuen dinamika horiek baliatzea ikerketarako, oso baliagarriak baitziren. Beraz, 55 ikaslerekin eztabaida saioak egin genituen, erdi eta goi mailako graduetako eta ingeniaritza graduetako ikasleekin, lau saio desberdinetan banatuta. 

Era berean, garrantzitsua iruditzen zitzaidan egunerokoan ekonomia sozialeko enpresa batean lan egiten dutenen hitza entzutea. Beraz, kooperatiba batean eta lan sozietate batean lan egiten duten bi pertsona elkarrizketatu nituen; izan ere, gauza bat da teoria eta bestea praktika. Beraz, nire lan enpirikoa bi talde horietan oinarritu zen. 

Egon al da bereziki arreta piztu dizun ideiarik?

Erantzunetan, asko ez, ni ere gaztea naizelako eta bat egiten dudalako ondorioekin, oro har. Zerbait nabarmentzekotan, bazkide izaeraren inguruko hausnarketa litzateke. Izan ere, bost palankez aparte, garrantzitsua iruditu zitzaidan bazkidetzaz hitz egitea, Ekonomia Sozial Solidarioko enpresetan aspektu garrantzitsua baita enpresan bazkide izatea. Jakin nahi nuen gazteentzat hori erakargarria zen edo ez. Bazkide izateko nahikoa atzerakoi agertzen ziren gehienak. Bazkide izatea erantzukizunekin eta enpresarekiko loturarekin lotzen zuten askok. Baina, aldi berean, autonomia eta egonkortasuna nahi dituzte, enpresaren parte sentitu. Beraz, hor ikusi nuen halako kontraesan txiki bat. Hala ere, uste dut baduela horrek zerikusia ezjakintasunarekin; izan ere, ohartu naiz oro har ESSko enpresez galdetzean, kooperatibez edota lan sozietateez, ezer gutxi dakitela gazteek, eta deigarria da, EAEn presentzia eta garrantzi handia duten enpresak baitira.

Aslen egiten duzu lan, eta lan sozietateak sustatzen dituzue. Zein da enpresa eredu horren alde positiboa?  

Lan sozietateetan, enpresaren jabetzaren %50 baino gehiago langileen esku egon behar da. Proiektu kolektiboak dira, parte hartzaileak, langileenak, nolabait. Gure helburu nagusia parte hartze hori sustatzea da, errotzea bultzatzea, modu horretan enpresa ere lurraldera errotu dadin eta lana bertan gera dadin. Era berean, Ekonomia Sozial Solidarioak barnebiltzen dituen printzipioak bere egiten eta sustatzen dituzten enpresak dira.  

Uste duzu lan sozietateek edota ESSko enpresek badutela enpresa eredu kapitalistan erortzeko arriskurik? 

Erabat. Gaur egun dagoen errealitate bat da. Masterrean asko lantzen genuen isoformismoaren terminoa. Azken batean, enpresa mota hauek merkatuaren lehian murgiltzen direnean, sarritan hartzen dituzte ekonomia sozialetik aldetzen diren  jarrerak. Enpresak gero eta handiagoak egiten direnean gertatzen den zerbait da. Horregatik egin behar dute enpresek esfortzua balioei eusten, horrelakoak gerta ez daitezen. 

Elkarrizketa osoa, bideoan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide