Duela bi urte, 2022an, ospatu zituen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak urrezko ezteiak, eta gaur, zapatua, elkartearen 50 urteko ibilbidea jasotzen duen liburua, 50 urte eta gehiago izenekoa, aurkeztu dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Liburua idatzi duten Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko presidente Itsaso Elizagoienek eta Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko kultura eta euskara zinegotziak parte hartu dute eguerdian egindako aurkezpenean.
Aurkezpenaren aurretik Basazabal jauregian elkartu dira zenbait trikiti zale, eta han 2021az geroztik trikiti elkarteak duen egoitza ezagutu ahal izan dute. Liburuaren aurkezpen ordurako zuzen, Basazabaletik Sanagustinera mugitu dira gero guztiak kalejiran. Elizagoien presidenteak hartu du aurrena hitza Sanagustinen, eta hark azaldu du elkartearentzat "egun garrantzitsua" dela gaurkoa. Liburuarekin "belaunaldien arteko transmisioa indartzea eta zaintzea" nahi izan dute. "Oso garrantzitsua da aurreko belaunaldien jakintza etorkizun oparo bat marraztuko badugu", esan du Elizagoienek. 158 orriko liburua aurkeztu dute, eta haren arabera orri kopuru horrekin "nekez" bildu daiteke elkartearen historia osoa. "Hori da proiektua akabatutakoan gelditu zaigun kezka handiena. Indarrarekin eta gogoarekin gaude lanean segitzeko, sinetsiz liburuaren orri ederrenak oraindik idazteko daudela".
Elkarteak egun Azpeitiko Basazabal jauregian du egoitza, eta presidentearentzat elkarteak azken urteetan hartu duen "erabakirik garrantzitsuena" izan da egoitza lekuz aldatzea. Bide beretik jo du Larrañaga zinegotziak ere. "Azpeitiko egoitzak laguntzen du gure herria, bailara eta trikitia gero eta gehiago sendotzen. Trikitiak aurrera egin dezan, borondatez egiten den lana garrantzitsua izango da. Horri esker izan da posible mende erdia baino gehiagoko bidea osatzea", adierazi du zinegotziak. Trikiti elkartekoekin izandako bilera baten izandako bizipen pertsonal baten berri eman du gero Larrañagak, orduan jakin baitzuen bere amonaren ahizpa batek soinua jotzen zuela. "Hauek egiten duten lanari esker, nik eta beste askok jakin dugu gure aurretik ere, duela ehun urte, eta gainera, emakumeek, soinua jotzen zutela, bai Azpeitian, bai bailaran. Lan txukuna egiten duzue eta jarri ezazue horretan. Trikitia poza, alaitasuna eta euskara da, eta osagai horiek ezinbestekoak ditugu".
Historia, datuak eta gehiago
Elizagoienek adierazi du, liburua egiteko enkargua nori eman pentsatzen hasi zirenean, Laxaro Azkuneren izena etorri zitzaiela berehala burura. "Gutxi izango dira trikitia horren hurbiletik eta horren ongi Laxarok adina ezagutzen duenik". Hain zuzen, idazleak berak, Azkunek, eman ditu liburuaren nondik norakoak. "50 urte eta gehiago eman diogu liburuari izena, eta horixe da lortu duguna. Hiru urteko ahaleginaren ondoren, pandemia tarteko, erditze luze samar bat, merezi izan du ahaleginak". Liburua ontzeko, guztira, 58 bat elkarrizketa egin dituzte, 45 bat liburutako informazioa nahiz egunkarietako 90 bat artikulu aztertu dituzte.
Azkuneren arabera, idazteko material bilketari ekion ziotenean trikitilari gizon zaharrenen bila hasi ziren. Tartean aurkitu zituzten, ordea, emakume pandero joleak ere. "Testigantzak ditugu haiek izan zirela XIX. mendean hemengo lehen trikitilariak, pandero eta kantu hotsez erromeriak girotzen zituztenak emakumeak zirela, alegia. XX. mendearen hasieran, baziren oraindik emakumeak, eta horien izenak ere eskuratu ditugu". Besteak beste, Ezkioko Franziska Antonia Irizar, Xabier Amurizaren amonaren ahizpa Tomasa, Ereñoko Felisa zein Juanita Bermeosolo ahizpak, Primi Erostarbe eta Franziska Argiñena aipatu. Elgoibarko Aldapako Pantxika, Martzelina eta Juliana Zubizarreta ahizpak, Elgoibarko Juana Esnaola, Iurretako Antonia Aranzeta, Zeberioko Maurizia Aldeiturriaga eta Galdakaoko Romualda Zuloaga, berriz, soinu jotzaileen alboan ezagun egin ziren emakumeak izan zirela ere azaldu du.
Izenez gain, ordea, historiaren lehen hastapenak ere bildu dituzte liburuan. 1859an, Italiako Piamontetik Zumarragara (Gipuzkoa) etorritako Juan Bautista Busca izan zen Euskal Herrian trikitiari heldu zion lehena. Handik hasi eta Faustino Azpiazu Sakabi 1916an jaio zenera artean, 129 soinu jotzaile identifikatu dituzte. "Guk egin dugun mapan 69 trikitilariri egin ahal izan diogu lekua, herri bakoitzean zaharrenari bakarrik egin baitiogu tokia. Euskararen lurraldean izan dira trikitilariak, ikusi besterik ez dago-eta mapak zer erakusten duen", azpimarratu du Azkunek.
Erromeria lekuak jaso dituzte liburuan, baita batzordeetatik hasi eta trikiti elkartearen erakundetzean egindako bidea ere. Halaber, trikitiak egindako ekarpen kulturala azpimarratu du azpeitiarrak. "Trikiti elkarteak eskaintza handia egin du azken 50 urte hauetan: Soinuaren Liburutegirako hamasei liburu argitaratu ditu, Inpernuko poza jardunaldiak, aro berriko Trikiti Egunak, diskogintza, trikitiaren erakusketa, partitura liburuak, nazioarteko jaialdiak, San Jose jaialdia, Durangoko Azoka...". Trikiti elkartean buru-belarri lanean aritu izan diren lagunen adierazpenak ere pilatu dituzte liburuan. "23 lagunek eman digute bere ibilbideari buruzko iritzia, eta azaldu digute aurrera begira eginbeharreko zer proiektu ikusten dituzten". Trikitia "asko" zabaldu da Azkuneren arabera, baina "oraindik zeregin asko" du erakundetzean.
Argitalpenaren osteko ondorioak
Garmendiari eman dio hitza segidan Elizagoienek, baina aurrena hari buruz aritu da: "Haritz zuzendaritza taldean dago, baina hortik kanpo ezkutuko lan ikaragarria egiten du; nik ez dut horrelako langilerik ezagutzen. Haritz bezalako asko beharko genituzke Euskal Herrian, baina gu kontent gaude gure elkartean dagoelako, bere behar handia dugu eta. Liburu honetan ere gibeleko lan handia egin du", adierazi dio sentimendu handiz.
"Proiektu kolektibo" baten emaitza da 50 urte eta gehiago liburua. Hura idaztea ez da "kapritxoa" izan, "etorkizuna bermatzeko beharrezko diren tresnak bereganatzeko ahalegin xumea" baizik. Liburua amaitutakoan ondorioztatu dituzte lau ideia nagusiri buruz hitz egin du Garmendiak; trikitiaz eta haren balioez mintzatu da aurrena. "Trikitiak bestelako mundutxo bat eskaini dio Euskal Herri xeheari euskaldun gisa bizitzeko, maitatzeko eta batzuetan, baita, haserretzeko ere. Trikitiaren alde lanean dihardugun bitartean, euskal mundu baten alde lanean ari gara, koloretako mundu baten alde. Horregatik, bestelako gizagintza eta mundugintza baten alde lanean ari gara. Sustraiak herrian errotuta ditugun bitartean, proiektu honek zentzua eta jarraipena izango du beste 50 urtean ere".
Bestelako erakundeek "nekez eskainiko luketen zerbitzua" eskaini dio trikiti elkarteak euskal gizarteari. Hala arrazoitu du Garmendiak: "Konplexurik gabe esan dezakegu elkarteak berrikuntza soziala ekarri duela gure artera. Azken 50 urte hauetan, eragile garrantzitsua izan da euskal kultura euskarazkoa eta garaikidea izateko bidean". Elkartearen bueltako antolaketaz aritu da liburuaren egilea. "Kultur proiektu honek aurrera egin badu, izan da urteek aurrera eginda ere elkarteko teknikariek eta boluntarioek egin duten lan eskergagatik".
Azkenik, Garmendiak azaldu du euskaldunek dituzten mugak eta ezinak liburuak "haragi bizian" bistaratzen dituela. "Kultura puskatua da gurea, muga zentzugabe asko eta mila zorigaizto dituena. Ez da ahaztu behar aurrekontuen %5 euskalgintzara doala esaten digutenean, %95 erdalgintzara joaten dela. Kultura euskaraz eta euskaratik sortzen jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa izango da euskal kultur ekosistema berregitea". Helburu hori lortzeko bidean, liburua "urrats txiki bat" izatea nahi luke Garmendiak. Horretan saiatu gara Laxaro eta biok, eta oro har, elkartea. Belaunaldi gaztearen ametsak eta jakin-minak aurreko belaunaldiaren jakituriarekin osatzen. Ea Euskal Herriko Trikitixa Elkartearentzat baliagarria den liburua. Astelehenetik aurrera berriz ere lanera itzuliko gara, elkarteak beste 50 urte egin ditzan", amaitu du hitzartzea hark.