Lurraren Altxamenduak Markes Bason egindako ekintzaren kontrako mozioarekin bat egin du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2024ko urr. 14a, 11:32

Markes Bason Lurraren Altxamenduak martxoan egindako ekintza.

Joan den martxoan, Lurraren Altxamenduak Azpeitia eta Zestoa arteko mendietan 7.000 zuhaitz gazte moztu zituen. Ekintza hori gaitzetsiz mozioa aurkeztu dute Azpeitiko Udalean Gipuzkoako Baso Elkarteak eta EHNE eta ENBA sindikatuek. Aho batez onartu dute mozioa udalbatzarrean, baina EH Bilduk "baiezko kritikoa" eman dio idatziari.

Hilaren 8an egin zuten urriko ohiko udalbatzarra Azpeitiko Udalean, eta beste gai batzuen artean, Lurraren Altxamenduak Azpeitia eta Zestoa arteko Markes Bason martxoan egindako ekintza gaitzesteko Gipuzkoako Baso Elkarteak nahiz EHNE eta ENBA sindikatuek aurkeztutako mozioa landu eta onartu zuten.

Zestoa eta Azpeitiko mendietan, 6-7 hektareako sail batean, 7.000 zuhaitz gazte moztu zituztela salatu dute Baso elkarteak eta bi sindikatuek, eta horrelako ekintzek hainbat baso jaberi kalteak eragiteaz gain, mehatxu egiten diela eta beren aktibitatea oztopatzen dutela gaitzetsi dute mozioan.

EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariek mozioaren aldeko botoa eman zuten, baina EH Bildukoena "baiezko kritikoa" zela zehaztu zuen Joanes Amenabar zinegotziak: "Pasa den martxoan egin zuten ekintzarekin ez dugu bat egiten, eta mozio honen helburu nagusia ekintza hori salatzea den heinean, aldeko botoa emango diogu, baina bai izango dela aldeko boz kritikoa. Izan ere, ez dugu bat egiten azken hamarkadetan zenbait erakunde publikotatik bultzatu den etekin ekonomikoak bakarrik bilatzen zituen epe motzeko monolaborantza estrategikoarekin. Ikusi besterik ez dago horren ondorioz banda marroiak izan duen eragina gure inguruan, besteak beste, baso jabe txikiei kalteak sortuz. Bioaniztasuna eta bertako basoen beharra eta jasangarritasuna kontuan izango dituen basogintza estrategi baten beharra aldarrikatzen dugu, eta zentzu horretan, begi onez ikusten dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan ireki den basogintzaren inguruko ponentzia, basogintza jasangarriago eta orekatuagoa bat ezartzen lagunduko duela iruditzen zaigulako".

Jabier Altuna EAJko udal bozeramaileak adierazi zuen beren alderdiak bat egiten duela Baso elkarteak eta bi sindikatuek aurkeztutako mozioarekin, eta erabat gaitzesten dutela Lurraren Altxamenduak martxoan egindako ekintza.

Mozioa osorik:

"Gipuzkoako Baso Elkartearen ekimenez Azpeitiko udalbatzan eztabaidatzeko eta bozkatzeko mozioa:

Pasa den martxoan Zestoako eta Azpeitiko mendietan 6-7 hektareako sail batean 7.000 zuhaitz gazte moztu zituzten. Lurraren Altxamendua deituriko talde batek aldarrikatu zuen ekintza hori. Horrelako ekintzek hainbat baso jaberi kalteak eragiteaz gain, mehatxu egiten die eta euren aktibitatea, gure herriak behar-beharrezkoa duena, oztopatzen du. Horregatik adierazi nahi dugu:

1- Herri honek ez ditu horrelako sabotajeak onartzen.

2- Gure herrian eta eskualdean ehunka baso jabe ditugu. Hauek kaltetu eta izutu nahian eg¡ten diren eraso eta era guztietako ekintzak gaitzesten ditugu. Beraiei eraso egitea, gu guztion kontra egitea da.

3- Egur produkziora bideratutako baso-landaketak era jasangarrian kudeatzen dira gure herrian, udalak berak eta aldundiak ezartzen dituzten araudiak zorrotz betetzen. Eta baso hauek ere beharrezkoak ditugu gure merkatuko eskaria hornitzeko eta gizartearen hainbat betebehar asetzeko.

4- Basogintzak hiru funtzio betetzen ditu eta guztiak behar ditugu: ekonomikoa, soziala eta ingurugiroaren aldekoa. Hirurak defendatzen ditu udalbatza honek.

5- Gure herriko baso jabeei elkartasuna adierazi nahi diegu eta lanean jarraitzeko deia egiten diegu, beti ere foru eta udal araudiak betetzen dituztela.

6- Ez da zilegi ekologismoaren izenean gure mendietan horrelako triskantzak egitea.

7- Udalbatza honek lehen sektorearen alde egiten du bere osotasunean, izan basogintza, baratzegintza, nekazaritza edo abeltzaintza".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide