Zer da dolua?
Dolua zer den azaltzeko momentuan, garrantzitsua deritzot begirada jatorrian jartzea. Izan ere, dolu hitza latineko dolus-etik dator, eta mina esan nahi du. Luto hitza, aldiz, luger-etik dator, eta horrek negar egitea esan nahi du. Maiz dolua eta lutua sinonimo bezala erabiltzen dira, baina dolua galeraren aurrean sortutako egoera emozionala da, eta lutua, aldiz, minaren agerpen sozialarekin eta haren inguruko erritualekin lotzen da. Dolua, beraz, edozein galeraren aurrean ematen den prozesu naturala da. Unibertsala da gizaki guztiongan, baina pertsonala, aldi berean. Doluak lanketa bat eskatzen digu, maiz modu naturalean egiten duguna, baina batzuetan prozesu hauek zailak egiten zaizkigu eta laguntza profesionala behar izaten dugu prozesua ondo burutzeko. Doluaz ari garenean, zuzenean heriotzarekin lotzen dugu, baina dolu prozesua galera guztiekin erlazionatzen da; horren adibide dira lanpostua galtzea edo uztea, etxez aldatzea, lagunarteko harremanak etetea, gogoko nuen jertsea galtzea eta abar.
Zeintzuk dira doluaren faseak?
Autoreen arabera, sailkapen mota ezberdinak daude, baina Kaplanen tratatuak zehazten duenez, dolu prozesuak hiru fase izango lituzke; shock-a eta ukatzea, atsekabea eta isolatzea, eta azkenik, berrantolaketako fasea. Fase batetik bestera igarotzeko trantsizioa guztiz malgua da; pertsona edo dolu prozesu bakoitzean ezberdina izan daiteke.
"Doluak hiru fase ditu; ukatzea, atsekabea, eta azkenik, berrantolaketa"
Zenbat iraun dezake doluaren prozesuak?
Ikerketek diote dolu prozesuek orokorrean urtebete edo bi urte irauten dutela, baina, nire ustez, pertsona bakoitzarengan ezberdina da prozesua, faktore askok parte hartzen baitute; beraz, neurri zehatz bat esateak ez du zentzurik. Norberak behar duen denbora hartu beharko luke doluaren bidea egoki egiteko, besteek diotena alde batera utzita, eta zailtasunen bat sentituz gero, profesional bati galdetzea litzateke zuzenena.
Nola jakin edo nabari daiteke norbait dolua igarotzen ari dela?
Aurrez aipatu bezala, dolu prozesua pertsona bakoitzarengan ezberdina izango da, baina, orokorrean, honako hauek izan ohi dira sintomak: tristura, negargura, isolatzea, anhedonia, apatia, galeraren inguruko pentsamendu konstantea, insomnioa, arreta zailtasunak eta abar luze bat. Kontuan izan behar dugu sintomatologia fisiologikoki, kognitiboki, afektiboki edota jarreran islatzen dela.
Tratamendua ba al du doluak? Nola lantzen da?
Doluak orokorrean ez du tratamendu beharrik, prozesu psikologiko naturala baita gizakiongan, baina dolu patologikoen kasuan, beharrezkoa litzateke laguntza profesionala jasotzea. Dolua ikuspuntu terapeutiko ezberdinetatik landu daiteke, baina niri pertsonalki, M.A.R prozesua gustatzen zait gehien. Prozesu horren bitartez, galeraren oroitzapen eskertua lantzen da, bizi izandako hori indargune bihurtuz. Prozesuaren humanizazioa bultzatzen du, eta erritualak garrantzi handia hartzen du prozesuan.
"Doluak orokorrean ez du tratamendu beharrik, prozesu psikologiko naturala baita gizakiongan"
Eta nola lagundu laguntzarik nahi ez duen norbaiti?
Laguntza onartzen ez duen pertsonaren ondoan egotea gomendatuko nuke, pertsona horrek presentzia hori kontuan izan dezan, eta, urratsa emango balu, aukera hor duela senti dezan. Horrelakoetan, gainera, artatzea nahi ez duenari derrigortzea alferrikakoa izan ohi da, hobe da apurka-apurka gerturatzen joatea, eta bere beharrak eta mugak errespetatuz, bere bidelagun izatea.
Pertsona bakoitzak bere prozesua du, baina, genero ikuspegitik, ba al dago desberdintasunik gizonen eta emakumeen artean?
Genero eta eragin sozialek garrantzia dute doluaren adierazpenean, baita beste hainbat faktorek ere: bizi esperientziak, kudeaketa emozionalerako erremintak izateak, izaerak eta laguntza sarearen kalitateak, besteak beste. Faktore horiek doluaren sentimenduan, eraketan eta adierazpenean dute eragina.
Orokortzeak ez ditut gustuko, baina aurrez aipatutako faktoreen eraginez, gizon eta emakumeen artean badira ezberdintasunak maiz, batez ere, doluaren adierazpenean. Gizonezko askok sentimenduen adierazpenaren inguruko zapalketa bizi izan dute txikitatik, negarra ahultasun gisa biziz. Modu horretan, doluaren adierazpena mozteko jokaera izan dezakete: negarrik ez egitea, galeraz ez hitz egitea, eginbeharrez arduratzea buru-belarri eta abar. Emakumeen kasuan, mundu emozionalaren bizipena ez da izan zapaldua orokorrean, eta, beraz, doluaren adierazpena libreagoa eta elkarbanatua izaten da.
Hala ere, ezberdintasun horietan arreta jartzea baino garrantzitsuago deritzot dolu prozesu oro errespetatzea, ez baitago dolu prozesu edo eta adierazpen normatiborik.
"Gizonezko askok sentimenduen adierazpenaren inguruko zapalketa bizi izan dute"