Tubaren munduko goi mailako maisuek eta ikasle eta musikari afizionatuek bat egin dute Azpeitian, XIV. Tuba Jaialdian. Atzo, ostiralez, egin zituzten aurtengo ediziorako antolatutako aurreneko ekintzak, eta areto barruan ez ezik, kalean ere entzun ahal izan ziren tuba doinuak.
David Muñoz aire metalezko musika tresnen maisuaren eskolak ireki zuen egitaraua. Bi ordu inguruko saioa eskaini zuen Muñozek Juan Antxieta musika eskolan. Oinarrizko teknika saioa izan zen atzokoa, eta haize metalen soinua hobetzeko ariketak egiteko parada izan zuten bertaratu zirenek. Ondoren, metal instrumentuentzako hainbat kanta entseatu zituzten. Saio hori bukatzean, tailerrean ikasitakoaren emaitza jendaurrean erakusteko asmoz, kontzertu labur bat eskaini zuten Perez Arregi plazan. Eguna borobiltzeko, Kantujira taldekoekin batera, Kantubajira saioa egin zuten Perez Arregitik plazara.
Gaur, Tuba Zirkuan
Gaur, berriz, Tuba Eguna ospatuko dute jaialdiaren barruan. Goizean zehar, tailerrak egingo dituzte afizionatuentzat, baina hitzordu garrantzitsuena arratsalderako prestatu dute. Hain zuzen, Tuba zirkoan izeneko ekitaldi "berezia" eta "dibertigarria" antolatu dute Tutik Clowns taldearekin eta Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek gidatuta. Emanaldia Soreasu antzokian izango da, 18:30ean. Sarrerak eskuragarri daude Kulturaz.eus webgunean.
Honako hau da gaurko egitaraua:
- 09:15. Beroketa saioa, Lluis Verderekin.
- 10:00-13:00. Entseguak.
- Goizean zehar, Wup Luthier zerbitzua musikarientzako (konponketa txikiak eta ajusteak)
- 11:00. Hamaiketakoa, Arauntza elkartean.
- 15:00. Entsegu orokorra.
- 18:30. Tuba zirkoan emanaldi berezia, Tutik Clowns konpainiarekin.