Pol Cruz-Corominas: "Globalizazioak agintzen duenean, hizkuntza txikiek ez dute espaziorik"

IƱigo Astiz ('Berria' egunkaria) 2024ko urr. 28a, 08:00

Pol Cruz-Corominas. (Vilaweb)

Hizkuntza gutxituetan sortutako edukien aldeko kuotarik ezarri ezean merkatu irizpideak gailentzen direla azaldu du Cruz-Corominasek. Beharrezkoak direla uste du, baina, dioenez, egun indarrean daudenak ez dira nahikoak, eta inork ez ditu betearazten. Azpeitian izan zen larunbatean kataluniarra, Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldietan, eta harekin hitz egin du Berria egunkariak.

Beharrezkoak dira. Baina ez daude nahikoak, eta dauden gutxiak ez ditu inork betearazten. Pol Cruz-Corominasen hitzetan (Tarragona, Katalunia, 1988), horrela dago katalanez sortutako kultur edukien kuoten gaia une honetan. Kazetaritza, Ekonomia eta Zuzenbide ikasketak egin zituen Pompeu Fabra unibertsitatean, eta gertutik ezagutzen du gaiari buruzko debatea. Aholkulari lanetan aritu zen Institut per la Llengua elkartearentzat Espainiako Gobernuak 2022an sustatutako Ikus-entzunezkoen Legea onartu zuenean, eta, dioenez, azken emaitza urrun dago hasieran ezarri nahi izan ziren gutxienekoetatik. Azpeitian (Gipuzkoa) izan zen atzo, Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldietan kasua azaltzen.

Zuzentzaile moduko bat dira kuotak. Horrek esan nahi du merkatuaren logikaren arabera bakarrik aritzeak kalte egiten diela hizkuntza gutxituei?

Argi ikusten da hori. Erregulaziorik ezarri ezean, katalanak, euskarak eta bestelako hizkuntza txikiek oso presentzia urria izaten dute. Ikus-entzunezko enpresek nagusiki merkatu irizpideen arabera funtzionatzen dute, eta, haien arabera, hizkuntza horiek eskaintzeak eskatzen dien esfortzuak ez du nahikoa onurarik ematen.

Eta zertan lagun dezake kuota sistema batek?

Erregulazio bat gehiago dira, hizkuntza horiek gutxieneko presentzia bat izan dezaten lortzeko. Enpresa horiek bestelako beste hamaika erregulazio ere bete behar dituzte. Lanbide arteko gutxieneko soldata dela, langileen oporraldiak errespetatzeko betebeharra dela, edo umeen babeserako hainbat neurri direla. Hizkuntzen kuotek oreka ariketa on bat proposatzen dute enpresa askatasunaren eta lurraldez lurraldeko hizkuntzarekiko errespetuaren artean, eta auzitegiek ere behin baino gehiagotan onartu dute hori.

Zein dira gaur egun ikus-entzunezko esparruan indarrean diren kuotak?

2022an onartu zen Espainiako Estatuko Ikus-Entzunezkoen Lege Orokorraren onarpenak ezarritako kuota batzuk badaude. Minimoak dira, eta Espainian egoitza duten enpresei bakarrik eragiten diete. Kuota horien arabera, enpresa horiek behartuta daude euren katalogoaren eskaintza osoaren %6 gaztelera ez den beste hizkuntzetan edukitzera. Baina, gaur egun, betebehar horretatik libre geratzen dira eskaintza hemen egin arren egoitza beste inon duten enpresak. Hori da, esaterako, Disney Plus edo HBO plataformen kasua. Legeak haiei ere eragin ziezaiela eskatu genuen legearen negoziazioetan, kontsumo kuota handia dutelako.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide