Zerbitzu hobea eman eta ahalik eta herritar gehienengana iritsi. Bi helburu horiek garbi izanik, berrikuntzak egin dizkiote Enkarguk proiektuari: "Dagoeneko lau urte igaro dira Enkarguk proiektua abian jarri genuenetik. Azpeitiarrei erosketak modu azkarrean eta erosoan egiteko aukera eskaini nahi genien, eta ustez, lortu dugu. Gure asmoa, ordea, hobetzen joatea da”, azaldu dute haren arduradunek.
Hala, eta beste berrikuntza batzuen artean, banaketa ordutegia zabaldu egin dute, auto elektrikoa gehitu dute proiektura, kontsigna berriak jarri dituzte eta sakelako telefonorako aplikazioa egingo dute.
Banaketari dagokionez, astearte arratsaldeetan ere zerbitzua eskainiko dute aurrerantzean. “Herritarren eskaerari erantzuna emateko asmoz zabaldu dugu banaketa. Horrenbestez, astelehenetik ostiralera goizetan eta astearte eta ostiral arratsaldetan egingo dugu”, adierazi dute.
Gainera, liburutegiarekin bat egin du Enkarguk egitasmoak, eta hala nahi izanez gero, herritarrek irakurri dituzten liburuak etxean jasoko dituzte Enkargukekoek, liburutegira itzultzeko. Herrigunetik haratago bizi diren azpeitiarren beharrei erantzutea ere bada Enkarguk egitasmoaren asmoa, eta horrela, Aratzerreka, Lasao, Nuarbe, Matxinbenta… auzoetan zerbitzua eskainiko da.
Zerbitzu azkarra eta egokia emateko, auto elektrikoa gehitu du proiektuak bere baliabideetara. Era berean, erdigunetik urrun bizi diren horiei eskaintzen zaien zerbitzua osatzeko asmoz, kontsigna berria jarri dute Landetan kokatuta dagoen kiroldegiaren sarreran. “Berrikuntza horiekin auzoetan bizi diren herritarrek erosketa errazago eta gertuago hartzeko aukera izango dutela uste dugu”.
Teknologia
Orain arte Whatsapp mezuen bidez egiten zituzten herritarrek eskaerak, baina horrez gain, eta esperientzia hobetzeko asmoz, sakelako telefonorako aplikazioa sortuko dute laster. Aplikazio berriak, orain arteko zerbitzuez gain, aukera gehiago eskainiko dituela aurreratu dute arduradunek: “Denda bakoitzaren produktuak eta horien prezioak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek aurrerantzean. Eskaerak bertatik egin ahalko dituzte, eta eskaera hori non eta nola jaso nahi duten erabakiko dute. Gustukoen atala ere sortzeko aukera eskainiko du”.
Azkenik, eta “Azpeitia denona delako”, herriko informazio praktiko guztia toki bakar batean biltzen duen NIRE Azpeitia plataforma digital berria sortu dute. Plataformak hainbat atal ditu, hala nola horma digital bat, tokiko saltokien, elkarteen eta enpresen argitalpenekin; negozioen eta elkarteen direktorio bat; bizilagunen intereseko informazioa (guardiako farmaziak, garraio ordutegiak...); kultura- eta aisialdi-ekitaldien agenda; eskaintzak eta deskontu esklusiboak. Gainera, Enkarguk ikurra duten saltokiekin zuzenean eskaera egiteko aukera dute herritarrek, Whatsapp mezu bidez, eta eskaera hori etxean jasoko dute.
Ez galdu aukera, eta aprobetxatu berrikuntza horiek guztiak eta egin zure enkarguak Azpeitian!