Gaur, urriak 30, hileko azken asteazkena da; beraz, Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko ordezkaritzan aritzen diren boluntarioek arratsalde betea izango dute. Urte osoko hileko ia azken asteazkenero bezala, odol ateraldiak egingo dituzte gaur herrian. 16:30etik 20:30era, lau orduz ariko dira osasungintzako profesionalak herritarrei odola ateratzen, baina elkarteko boluntarioen lanak luzeago joko du; ateraldiek irauten duten bitartean laguntzen ez ezik, aurretik guztia prestatzen eta ondoren dena txukun jasotzen eta gordetzen jardungo dute.
Dozena erdi lagunek osatzen dute gaur egun odol emaileen Azpeitiko taldea, eta horietako bi dira Iñaki Alberdi eta Karlos Paredes. Azken urteetan odol ateraldiak egiteko egoitza Parrokiaren Soreasuko pasabideko lokalean izan ondoren, joan den ekainetik lokal berria darabilte odol emaileetakoek: adinekoen Bizi Berri etxebizitzen eraikineko beheko solairukoa, Elizkalean. "Gustura" daude elkartekoak, batetik, hileroko hitzordurako behar izaten duten material guztia toki berean dutelako orain eta erosoagoa zaielako lana; bestetik, ez dakite zergatik, baina lokalez aldatu direnetik, jende gehiago ari da odola ematen.
Ezin buelta eman
"Ematen du gauza normaltzen hasi dela", dio Alberdik, baina nahi baino luzeagoa izan den larrialdi egoera bizi izan dute odol emaileek Azpeitian, eta guztiz bere onera itzuli gabe jarraitzen dute.
"Hilean 90 bat", hori zen herrian odol emateen batez bestekoa 2020. urtera arte. COVID-19aren pandemia iritsi zen urte hartako martxoan eta, nola ez, odol ateraldiek ere antzeman zuten haren eragina. Odola ateratzen jarraitu zuten hilero, baina ohi baino askoz jende gutxiago joaten zen odola ematera, "kutsatzeko beldurragatik eta", Paredesen esanetan. Herri gehienetan, guztietan ez esatearren, antzeman zuten beherakada pandemia garaian, baina ingurukoetan pixkanaka lehengo kopuruetara bueltatzen joan ziren bitartean, Azpeitian, ez. Pandemia bukatu zenean, 30-35era jaitsita zegoen odol ateraldien hileroko batez bestekoa, 2020ra artekotik heren batera, alegia. Eta, elkarteko boluntarioen ezinerako, batez besteko horretan mantendu dira odol emateak herrian oraintsu arte. "40 edo 45 egiten genituenean, gustura", dio Alberdik ateraldiez.
Pandemiarekin batera, odola ematera joateko aurrez txanda hartu beharra ere etorri zen, baita geratzeko etorri ere. Hasieran telefonoz deituta, eta iaztik Internetez ere bai –gotatanta.eus webgunean, hain zuzen–, Azpeitiko odol emaileek hitzordua eskatu behar izaten dute, garai batean ez bezala. Txanda eskatu behar izatea denen gustukoa ez dela izan aitortu dute elkartekoek, baina emaile kopuruaren beheradaren arrazoi osoa ez diote horri egozten. Adinaren arrakala deigarriagoa egiten zaie, esaterako. "40 urtetik gorakoei ez dago akordarazi beharrik noiz tokatzen zaien odola ematea", dio Paredesek, adin horretatik beherakoak erakartzeko dituzten zailtasunen aurrean: 18-24 urte arteko azpeitiarren %7k ematen dute odola herrian, eta kopuru hori %4ra jaisten da 24-35 urte artekoetan. Herritik kanpo, "unibertsitateetan-eta", odola ematen dutenak ez dira hor sartzen, eta horrelako kasuak ere badaudela jakitun dira elkartekoak.
Gazteak erakartzea, ordea, ez da Azpeitira mugatzen den erronka. Odola ematearen garrantziaz jabetzea "esperientzia" kontua izan ohi da sarritan, elkartekoek aitortu dutenez: gertutik bizi arte, oso litekeena da behar hori kontuan ez hartzea.
Eragileekin elkarlanean
Azken hilabeteetan, baina, arnasa hartzen hasiak dira Odol Emaileen Elkarteko azpeitiarrak. Pandemia aurreko batez bestekorik ez dute harrapatu, baina "50era iristeko justu-justu ibiltzetik, 70era arrimatzera" igaro dira.
Lokal berrira igaro direnetik hasi dira kopuruak hobetzen, baina beste gertaera batekin ere egin du bat hobekuntzak. Herriko zenbait eragilerekin harremanetan jarri ziren odol emaileen elkartekoak, "beren sare sozialetan odola ematearen aldeko mezuak zabaltzea" eskatuz: ekainean Marea Urdinak egin zuen hori, uztailean Lagun Onak futbol klubak, eta datozen hilabeteetan eragile gehiagok egingo dute bat kanpainarekin.