Liburutegi Gotikoa osatzeko proiektua hasi du Aitor Aranak Erroteta argitaletxearekin

Nerea Uranga 2024ko aza. 1a, 09:00

Aitor Arana idazlea atzo Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Duke aretoan. (Utzitakoa)

Liburutegi Gotikoa bilduman XVIII., XIX. eta XX. mendeetako literatura gotikoaren hainbat idazleren lanik ederrenak euskarara itzulita argitaratzea dute asmoa. Atzo bilduma eta kaleratutako lehen lau liburuak aurkeztu zituzten Aitor Arana idazlanen itzultzaileak eta Joseba Berriotxoa Erroteta argitaletxeko editoreak.

Atzo, Gau Beltzaren egunean eta Santu Guztien Egunaren bezperan, aurkeztu zuten Aitor Arana idazleak eta Joseba Berriotxoa Erroteta argitaletxearen zuzendariak Liburutegi Gotikoa bilduma, baita sail horretako lehen lau liburuak ere: Frankenstein (Mary Shelley), Ipuin ankerrak (Villiers de L'Isle-Adam), Karmilla (Joseph Sheridan Le Fanu) eta Katakunba berria eta beste ipuin batzuk (Arthur Conan Doyle). "Askok galdetu didate bilduma aurkezteko nahita aukeratu al genuen eguna, baina ez, kasualitatea izan da; baina kasualitate egokia", azaldu du Aranak. Aurkezpena Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Duke aretoan egin zuten atzo goizean.

Genero gotikoa "euskaraz gutxi landuta" zegoela iritzita heldu diote Liburutegi Gotikoa bilduma osatzeko proiektuari, hala azaldu du Aranak: "Badaude gauza batzuk euskaraz. Izan ere, argitaletxe batzuk genero horretako lanak argitaratu dituztelako euskaraz; esaterako, Edgar Allan Poe dezente euskaratuta dago. Propio bilduma bat, ordea, ez zegoen. Urtearen hasieran, Joseba Berriotxoarekin gure lanen proiektuez hizketan ari ginela, genero gotikoaren bilduma bat egitearen kontua atera zen. Joseba animatu egin zen egitasmoari ekitera, eta ekainean Liburutegi Gotikoa bildumako lehen bi liburuak argitaratu genituen –Frankenstein eta Ipuin ankerrak–, nolako harrera zuten ikusteko. Horiek kaleratu eta behin hilabete batzuk igaro direnean, eta bi liburuak ondo zihoazela ikusita, beste bi ateratzera animatu gara, eta orain, udazkenean beste biak atera ditugu".

Gaztelu ilunak, mamuak, dorre zaharrak...

XVIII., XIX. eta XX. mendeetako literatura gotikoaren hainbat idazleren "lanik ederrenak" euskaraz argitaratzea da Liburutegi Gotikoa bildumaren egileen asmoa. Aranak azaldu duenez, literatura gotikoak gaztelu ilunak, gaueko ekaitzak, mamuak, hildakoak, hilketak eta dorre zaharrak izaten ditu osagai nagusi, eta, horrez gain, "idazle onen eskua" ere erakusten du.

Bilduma 80 eta 120 orrialde arteko liburuek osatutakoa izango da, eta gaur egungo irakurleen joeretara moldatuko dituzte. Honakoa dio idazlanen itzultzaileak: "Klasikoek orrialde gehiago dituztenean –Frankenstein eta Drakula kasu–  laburpen zainduak eskaintzen ari gara". Liburutegi Gotikoa bilduman, irakurleak genero honetako idazle ohikoak eta ez hain ohikoak direnak topatuko dituela adierazi du Aranak: "Arthur Conan Doyle, esaterako, ezaguna da Sherlock Holmes sortu zuelako, baina beldurrezko ipuinen idazle handia ere bazen. Bildumako Katakunba berria eta beste ipuin batzuk liburua da horren lekuko".

Liburutegi Gotikoa bildumaren barruan kaleratutako lehen lau liburuak. (Utzitakoa)

"Ondo bidean" Liburutegi Gotikoa bildumaren barruan hamar bat liburu ateratzea aurreikusita dute. "Ikusiko dugu nola joaten diren argitalpen horiek, eta ondo joanez gero, hogei izenburu ateratzeko aukera legoke, badagoelako materiala horretarako. Inguruko nazioek edota herriek normal-normal dituzte genero gotikoko bildumak, eta polita litzateke guk euskaraz ere gure bilduma sendoa eta handia edukitzea. Horretan ari gara, eta ea noraino iristen garen", azaldu du Aranak.

Pozik dago Arana abiatutako proiektu berriarekin, eta eskertuta dago Erroteta argitaletxeko Joseba Berriotxoari. "Bilduma osatzeko proiektuarekin bat egin duelako, eta gaur egun ez delako erraza liburuak ateratzea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide