Ireki dute Mendietxe museoa, mendizaletasunari aterpe emateko gunea

Andoni Elduaien 2024ko aza. 4a, 15:14

Azpeitiko Esklaben ekialdeko hegalean kokatu dute Mendietxe museoa, eta hura munduko zein euskal mendizaletasunaren baliabide didaktiko eta dibulgatzaile izan dadin nahi dute. "Mundu mailako bildumarik handienetako bat" da Alex Txikon alpinistaren eta Soraluze familiaren lankidetzak eman duen emaitza.

Gaur ireki ditu ateak Mendietxe museoak, Alex Txikonen eta Soraluze familiaren lankidetzatik mendizaletasunari aterpe emateko sortu den museoak. Alex Txikon alpinista profesionala buru duen Mendiaren Etxea irabazi asmorik gabeko elkarteak bultzatu du museoaren proiektua, hura mendizaletasunaren historiari buruzko baliabide didaktikoa eta dibulgatzailea izan dadin. Goizean egin duten aurkezpenean, Txikonek Mikel Soraluze izan du alboan, Soraluze familiako ordezkaria; izan ere, sendi horrek utzi dio Mendiaren Etxea elkarteari eraikina, hura museoaren beharrizanetara egokitu ahal izateko.

Mendietxe museoak mundu mailako mendizaleen zenbait balentria biltzen ditu, baita euskal alpinista handienen lorpenak ere. Hori horrela, Txikonek nabarmendu du "kontu handiz aukeratutako historia bilduma" osatu dutela. "Mundu mailako bildumarik handienetako bat dugu begien aurrean. Gure interes nagusia da mendiko ondare osoa hona ekartzea, hura kontserbatzea eta hemen biltzen diren historia guztiei irteera bat ematea", azaldu du alpinistak aurkezpenari ekiteko.

Mendizaletasunak "bilakaera handia" izan duela adierazi du Txikonek, eta aurrekoek lortutako balentriek "leku propioa" behar zutela. Urtarrilean hasi ziren museoa egokitzeko lanekin, baina ideia lehenagokoa da. Hain zuzen, Txikonek ideiaren jatorrira jo du, eta azaldu du duela urte batzuk Soraluzek proposatu ziola berari gune horretan zerbait egitea. Azkenean, museo bat sortzera iritsi dira. Museoa hiru zatitan dago banatuta: areto nagusian, bilduma iraunkor baten bidez alpinismoak izan duen bilakaerari buruzko atzera begirakoa ikus daiteke; aurreko galerian, batetik, Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunaren bilduma ezagut daiteke, eta bestetik, bidaiei buruzko atzera begirakoa proposamena aurki daiteke, Ramon Garoz taxidermistak egindako zenbait animaliaren bidez.

Pieza horiek guztiak lortzeko, bildumagile pribatuekin lan egin dute, baina zenbait herritarren dohaintzak ere jaso dituzte. "Webgune eta kontaktu pribatu guztiak errepasatu ditugu, Espainia mailako bilduma berezienetako bat sortzen lagun diezaguketen elementuen bila. Dena den, ezin dugu eskertu gabe utzi egon diren lagapenak, erakusketa osatzen lagundu baitute horiek ere".

Eskiak, kaskoak, betaurrekoak, kranpoiak, bastoiak, botak, erraketak, arnesak, 250 piolet, eskaladarako ehun mazo baino gehiago... Asko izan dira Txikonek nabarmendu dituen piezak, baina azpimarragarrienen artean, besteak beste, honako hauek aipatu ditu: 1780ko Espainiako eski bilduma bat, Espainiako hiru piolet zaharrenak, Espainiako lehen eski estazioko telekabina bat, Mussolinik Terminillo mendian inauguratutako teleaulki bat, paperezko postalak nahiz egunkari zatiak, Yvon Chouinarden bilduma handi bat, 1777ko lerak eta 1980 Reinhold Messner alpinistak Everest mendia igotzeko erabilitako kanpin-denda. "Orduak eta orduak igaro ditzaket museoan aurki daitezkeen piezen kalitateari buruz hizketan; areto honetan balio handiko materiala ikus daiteke".

Hilabeteetako lana

Soraluze familiarena da eraikina, eta hango gune bat Txikoni utzia zioten aurrez ere, hark bere materiala bertan gorde zezan. Museoa nola egikaritu duten azaldu du Soraluzek. "Gaur museoa den aretoa gune zaharra zen lehen, lokal askokoa; traste asko pilatzen zen, elizarekin lotutakoak gehienak. Alex iaz menditik itzuli zen batean, zerbait egiteko berotu ginen, eta pixkanaka-pixkanaka trasteak kentzen hasi ginen guztion artean". Hasieran, bilduma murritzagoarekin aurreikusi zuten museoa, baina trasteak erretiratzeko lanek aurrera egin ahala, proiektua handitzen joan dela adierazi dute, harik eta azkenean areto guztia hartu arte.

Gunea hustu ostean, aretoa ekipatzeko lanak egin dituzte, Soraluze familiaren kolaborazioarekin eta babesleen zein gertukoen laguntzarekin. "Jende askok lagundu digute, materiala utziz, eskulana eginez edota diruz lagunduz", adierazi du Soraluzek. Hain justu, parte hartze hori helburu bati lotu nahi izan dio hark: "Parte hartu dutenen helburua izan da betirako hemen, Azpeitian, zerbait uztea, eta zer hobe Alexek dituen gauza pila hau guztia baino. Nahi dugu hemendik urte batzuetara ere gune hau hemen egotea, jendea etortzea eta Alexek lokal honetara zer ekarri dituen ikustea. Etorkizuna du proiektuak", azaldu du Soraluzek.

Dena den, bideragarritasuna eman nahi diote proiektuari, eta bai Txikonek, bai Soraluzek, bide beretik jo dute. "Bihotzarekin egin dugu lan; inongo diru publikorik gabe gauzatu dugu museoa, babesle askori esker egin dugu aurrera, baina aurrerantzean saiatuko gara proiektua aurrera ateratzen", adierazi du alpinistak. Proiektuari "forma ematea" falta dela aurreratu du alpinistak. "Lehen urratsa egin dugu, baina martxan jartzea da orain asmoa. Kualifikatutako langile taldea behar du guneak, asmoa baita astean sei egunez irekitzea eta bertan ekitaldiak antolatzea".

Soraluzek, berriz, adierazi du museoa egokitu duten gunearen gainean lokal gehiago daudela, eta gaurkoa "hasiera" besterik ez dela. Guneak hedatzeko eskaintzen dituen aukerak zein diren azalduta, erakunde publikoei dei egin die hark, horiek proiektua babes dezaten: "Nahi genuke udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren edota Eusko Jaurlaritzaren laguntza izatea, museoa pixka bat hobetzeko".

Inaugurazioa eta ekitaldiak

Goizean hedabideei eskainitako aurkezpena egin badute ere, arratsaldean egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala. 19:00etan egingo dute jendaurreko irekiera museoan, Esklabetan. Politika zein enpresa munduko eta bestelako hainbat alorretako pertsona ezagunak bilduko dira inaugurazio ekitaldirako, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Antonio Garamendi CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko presidentea, Alex Txikon alpinista, Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz bestelako erakunde publikoetako ordezkariak eta Soraluze familiako kideak.

Inaugurazioaz haratago, ordea, Trango World etxeak hainbat ekitaldi antolatu ditu egunotarako. Bihar, Javi Guzmanen Fitz Roi proiekzioa izango da, eta ostegunean, Manu Cordovaren beste proiekzio bat. Aurrera begira, berriz, ikastetxeen baliabideen zirkuituan sartu nahi dute Mendietxe museoa; izan ere, bigarren faserako utzi dute unitate didaktikoan lan egitea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide