Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Naiara Aizpurua: "Ezinbestekoa iruditzen zait gure buruarekin errespetuzkoagoa den elikadura-harremana eraiki daitekeela irakastea"

Erredakzioa 2024ko aza. 8a, 16:51

Apirilean zabaldu zituen ateak Naiara Aizpurua nutrizio zentroak. Azkoitiko Jandonianiz plazan kokatutako gune berriak elikadura eta bere inguruko arazoak lantzeko zerbitzu desberdinak eskaintzen ditu, eta tailerrak eta hitzaldiak ere aurkitzen dira zerbitzu horien artean.

Nola sortu da Naiara Aizpurua nutrizio zentroa?

Betidanik izan dut buruan nutrizio zentro bat irekitzearen ideia, eta arlo pertsonalak eta profesionalak bat egingo luketen proiektua izatea. Hala ere, denbora luzez hainbat faktorek mugatu naute ametsa egia bihurtzeko orduan: arlo ekonomikoak, familia kontziliazioak, eta azkenik, nutrizioaren inguruan dagoen ikuspuntu tradizionalarekin guztiz ados ez egoteak. Gainera, kostatu zait nire ahotsa edo ikuspegia benetan zein den aurkitzea. Hala, nire ikuspegi edo ahots hori zein den argi izan dudanean, nire buruari aukera bat eman eta pausoa ematea erabaki nuen, elikaduraren inguruan dudan nire ikuspegia besteengana zabalduz.

Eta nola bihurtu zen ideia hori errealitate?

Iraurgi Berritzen garapen agentzia ezagutzen nuen lehenagotik, autonomo gisa besteentzat lan egin dudanean, eta orain berriro jo dut, nire nutrizio zentroa irekitzeko asmoz. Beraien laguntza ezinbestekoa izan da: eman behar nituen pausoetan gidari izan dira, eta oztopo eta zailtasunen aurrean, aldiz, sostengu. Nutrizio zentroa sortzeko oinarrizko euskarri bihurtu dira.

Nolako prozesua izan da?

Benetako erronka izan da. Alde batetik, arlo burokratikoa izan dut, ez dudana ezagutzen, baina, batik bat, nire buruarenganako autoezagutzan egin behar izan dudan lan sakona izan da. Horrek, hazkuntza pertsonala nahiz profesionala ekarri dizkit.

Zein oztopo izan dituzu bidean? Eta nola egin diezu aurre?

Alde batetik, oztopo ekonomikoak daude, izan ere, nutrizio zentro bat irekitzeak inbertsio handia suposatzen du. Bestetik, elikadura lantzeko dudan modua kontsulta tradizionaletik asko urruntzen denez, ikuspegi hori jendaurrean aurkeztea ere erronka izan da niretzat, zaurgarri azaltzeak beldurra ematen zidalako. Baina beldur horri aurre egiten ari naiz pixkanaka, eta zentzu horretan asko lagundu dit etorri diren askok nire lan egiteko moduarekin bat egiten dutela ikusteak, eta pixkanaka beraien bizi kalitatea hobetzen doala adierazi izanak.

"Elikadura lantzeko dudan modua kontsulta tradizionaletik asko urruntzen denez, ikuspegi hori jendaurrean aurkeztea ere erronka izan da niretzat, zaurgarri azaltzeak beldurra ematen zidalako"

Oztopo bezala adierazi duzu, baina, zure indargunea ere izan daiteke zure ikuspegi hori? 

Bai, zentzu horretan desberdintzen naizela esango nuke. Elikaduraren inguruan dudan ikuspuntua askoz inklusiboagoa eta integralagoa dela uste dut, eta horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Izan ere, nire lan egiteko moduan, pertsonak janariarekin duen jokaera edo harremana hartzen da kontutan, eta horrek gure bizitzako arlo desberdinetan (fisiko, psikologiko, emozional eta sozialean) duen eragina. Ez dut dieta murriztaileekin lan egiten, eta pisu galera gertatuko balitz, hau elikadura aldaketen ondorio izango litzateke. Helburua ongizate integral bat lortzea da, eta noski, elikadurarekin zerikusia duen gaixotasunik balego, hori tratatzea. Dieta eta gorputz irudiarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean, elikadura nahasmenduak asko ugaritu dira, eta ezinbestekoa iruditzen zait gure buruarekin errespetuzkoagoa den elikadura-harremana eraiki daitekeela irakastea: elikagaiez gozatzeko beste modu bat dagoela. Nire kontsultan ez dugu perfekzioa bilatzen, baizik eta bizitza beteagoa eta orekatuagoa lortzeko urratsak ematea.

Noiz hasi duzu bide berri hau? Nola doa?

Proiektua bera aspaldi hasi nuen, gaztetan elikadurarekin eduki nituen arazoek ekarri bainaute orain nagoen lekuraino. Baina nutrizio zentroaren irekiera apirilean izan zen. Poliki baina ondo doa, pixkanaka, elikaduraren inguruan zailtasun desberdinak dituzten pertsonekin lan egiteko aukera eman dit eta horrela jarraitzea gustatuko litzaidake.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Abantaila handiena nire balioekin bat datorren zerbitzu bat eskaini dezakedala da, eta elikadura arazoak modu integral eta inklusiboan lantzeko aukera ematen didala. Desabantaila handiena, aldiz, negozioaren alderdi guztiak kudeatzea eskatzen duela da, eta horrek, batzuetan, gainkarga ekartzen du.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Gaitasun desberdinak landu behar dituela esango nuke: antolaketa eta planifikazioa ezinbestekoak dira, baita malgutasuna eta pazientzia ere, baina, batik bat, erronka berrietara egokitzeko gaitasuna azpimarratuko nuke.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Enpresa bat sortzea prozesu luzea izaten da normalean eta beraz, garrantzitsua iruditzen zait lortu nahi denaren ikuspegi argia izatea eta zure baloreekin bat datorren enpresa sortzea. Baita prozesu honetarako Iraurgi Berritzen bezalako agentzia baten laguntza profesionala bilatzea.

Zein dira etorkizunerako dituzun erronkak edo helburuak?

Nire helburua, gure elikadura eta gorputzarekin erlazionatzeko beste modu bat dagoela erakustea da, gure gorputza zaindu eta elikagaiez gozatzeko beste bide bat dagoela ikusaraztea. Baita elikadura nahasmenduak dituztenei, zientzian oinarritzen den tratamendu espezializatua eskaini eta bizitzeko beste modu bat dagoela erakustea. Erronka mezua hau pertsona gehiagora heltzean datza, bai kontsulta zerbitzuaren bidez, edota eskaintzen ditudan ikastaro, tailer edo hitzaldi desberdinen bitartez.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide