Azpeitiko postarietako bat zara. Zenbat urte daramatzazu lanbide horretan?
Bost urte daramatzat postari lanetan. Aurrena Zumaian jardun nuen, eta gero Azpeitira lekualdatu ninduten. Gustura nabil Azpeitian ere.
Zein da zure eguneroko lana?
Goizean, Azpeitiko Correoseko bulegora iritsitako gutunak eta paketeak sailkatzen ditugu gunez gune. Gero, orga betearekin kalera irten eta posta banatzen dugu etxez etxe.
Egunero eremu berean jarduten al duzu posta banatzen?
Bai, nire banaketa eremua Alde Zaharra da, Madalena auzora arte. Horrez gain, Damaso Azkue auzoan eta inguruan ere nik egiten dut banaketa.
Oinez egiten al duzu banaketako ibilbide osoa?
Bai, oinez egiten dut beti. Aterata ditudan kontuen arabera, lanean egunero hamar edota hamabi kilometro egiten ditut oinez.
Oinez ibiltzea osasuntsua dela esaten dute...
Bai, hala esaten dute, baina ni ez nago horretaz oso seguru. Gauza bat da denbora librean eta aisialdian oinez ibiltzera joatea, eta bestea lanean jardutea; bata zein bestea ez dira igoalak.
Txirrina jo eta jendeak erraz irekitzen al du atea?
Ez, ez. Gauzak asko aldatuta daude. Gaur egun jendea ez da etxean egoten eta batzuetan kostatu egiten da etxepe zenbaitetan posta banatzea. Etxean bateren bat egonda ere, aldea izaten da zein dagoen; batzuek erraz zabaltzen dute karrerako atea eta beste batzuek inoiz ez. Atea irekitzeko edukazioz eskatuz gero, normalean ez da arazorik izaten.
Dagoeneko jakingo duzue karrera bakoitzean zein etxetakoek irekiko dizueten atea, ezta?
Bai, bai, gehienak kontrolatuta izaten ditugu, baina ez da beti hala izaten.
Postari izanik, jenderik ezagutzen al da?
Bai, bai, postari jarduteari esker jende asko ezagutu dut. Posta banatzen jarduten dudan kaleetako eta auzoetako pertsona askok agurtzen naute.
Eskuz idatzitako gutunak eta postalak bidaltzen al ditu oraindik jendeak?
Bai, bidaltzen dituzte. Hala ere, garai batekin alderatuta, askoz gutxiago. Eskutitzak eta postalak batik bat Gabonetan eta udan bidaltzen ditu jendeak. Gainontzean, bestelako gutunak banatzen ditugu, banketxeetakoak eta propaganda. Horrez guztiaz gainera, paketeak ere banatzen ditugu.
Sasoiaren arabera, postarion lana gehitu egiten al da?
30 kilo arteko paketeak banatu ditzakegu orgarekin ibiltzen garen postariok, eta pakete banaketa asko gehitu da azken urteetan. Horrez gain, pakete kopurua gehitu egiten da Halloween ospakizunaren bueltan, baita black friday egunaren bueltan ere. Boladak izaten dira, baina Gabonak gerturatzen ari diren bezala, areagotzen hasten da posta eta pakete banaketa.
Egunero gutxi gorabehera zenbat gutun eta pakete banatzen dituzu?
Ez dakit, inoiz ez naiz horretan pentsatzen hasi, baina egun guztietan desberdina izango da kopurua.
Postari lanak zer du ona?
Jendea ezagutzea, kalean ibiltzea... Ni oso pozik eta oso gustura nago dudan lanbidearekin.
Kanpoko lana izanda, eguraldiak ere baldintzatuko du laneguna, ezta?
Noski, eguraldi onarekin gusturago egiten da lana. Euri zaparradekin edota etengabe euria ari duenean nekezagoa egiten da.