Atzo, asteartea, azaroko ohiko udalbatzarra egin zuten, eta bilkuran, besteak beste, Ignaziotar Bidea elkartearen sorrera eta estatutuak onartu zituzten aho batez udal ordezkariek. Gaia aurrez Ekonomia batzordean landu zutela azaldu zuen Nagore Alkorta alkateak, eta elkartearen sorreraren nondik norakoen berri eman zuen segidan. "Egitasmo hau 2023ko udal hauteskundeen ondoren Manresako [Katalunia] udal zinegotzi batzuk abiatu zuten. Azpeitia eta Manresa lotzen dituen Ignaziotar Bideko udalerrietako ordezkari guztiekin bildu dira, eta beraien asmoa da ibilbide horretaz baliatzea, erlijio kontuetatik haratago, turismo eta kultur sinergiak batzeko". Horretarako abiapuntua herriak batzea izan dela azaldu zuen Alkortak, udalerri guztietako udalbatzarretan gaiaz landuz eta onartuz. Elkartearen sorrerako lehen ekitaldia, berriz, urtarrilaren 11n egingo dute Manresan. Hortik aurrera, zer-nolako dinamikak eta ekintzak egingo diren erabakiko dute. Sortuko duten elkarteak egoitza Manresan izango duela ere jakinarazi zuen alkateak.
"Udalaren beharretarako" Leire Sarasua zinegotziaren liberazioa %50ekoa izatea ere onartu zuten udalbatzarrean, aho batez. Kultura batzordeburu ardura hartuko du Sarasuak orain, eta Euskara batzordeburuaren ardurarekin Aitor Larrañagak jarraituko du.
Azaroaren 25eko udalaren adierazpena
Adostasunez osatutako Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguneko adierazpenaren berri ere eman zuten atzoko udalbatzarrean udal ordezkari politikoek. Adierazpena aurrez Parekidetasun batzordean landu zutela azaldu zuten, eta Miren Arrieta Parekidetasuneko batzordeburuak irakurri zuen. Adierazpena osorik lotura honetan irakur daiteke.
Arrietak adierazi zuen emakumeenganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 2003. urtetik, Euskal Herrian 123 emakume eta hamabi haur izan direla hildakoak, eta aurten, 2024an, bost emakume hil direla indarkeriaz. "Emakumeen aurkako indarkeria matxistak mila aurpegi ditu, eta horietako batzuk ikus ditzakegu gure udalerrian ere. 2023. urtean Azpeitiko udal zerbitzuetan 34 kasuren berri izan genuen, gehienak genero indarkeriagatik".
Adierazpenean Azpeitiko Udalak honako konpromisoak hartu ditu:
- Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak errebisatzea eta birbiktimizazioa saihesteko neurriak hartzea.
- Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeekin lanean aritzen diren zerbitzuen koordinazioa indartzea eta hobetzea.
- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, kalte-ordainketa, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak eta osasun egoerari egokitutakoak martxan jartzea, besteak beste, askotariko arloei zuzendutako protokoloak egitea, memoria historikoa berreskuratzea, omenaldiak, jardunaldiak, tailerrak, ikerketak, zineforumak, ikusgarritasun egitasmoak (kaleen izenak, kasu) eta abar jasoz.
- Gune formaletan eta informaletan, eskola komunitateari zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.
Horrez gainera, herritarrak modu aktiboan parte hartzera deitu ditu udalak Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunari lotuta herrian deitutako gaitzespen ekitaldietan.