Hamahiru upategi eta hemeretzi harategi, Ardo Dastaketa Egunean

Nerea Uranga 2024ko aza. 7a, 11:48

Egitasmoaren sustatzaileak XVII. Ardo Dastaketaren aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

XVII. Ardo Dastaketa Eguna ospatuko da larunbatean Azpeitiko plazan, 11:30ean hasita. Ardoarekin batera, txorizoa ere protagonista izango da; izan ere, Euskal Herriko X. Txorizo Egosi Lehiaketa jokatuko da.

Azpeitiko Ardo Dastaketa Egunaren 17. edizioa izango da larunbatean, azaroaren 9an, herriko plazan. Hamahiru upategitako ardoak dastatzeko aukera izango da 11:30etik 14:30 aldera arte. Aldi berean, Euskal Herriko 10. Txorizo Egosi Lehiaketa jokatuko da, eta hemeretzi harategi ariko dira lehian.

Urteko egutegian, herritarrentzat Ardo Dastaketa Eguna "egun seinalatua" bihurtu dela adierazi du Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak. “Gazteentzat zein helduentzat elkartzeko aitzakia ederra izaten da egun hori, eta giro oso polita sortzen da plazan”. Euskal Herriko Txorizo Egosi lehiaketak ere "indarra" duela adierazi du Odriozolak: "Harategientzat beren produktuak erakusteko erakusleiho garrantzitsu bat delako lehiaketa”.

Azpeitiko Udalak antolatzen du Ardo Dastaketa Eguna eta prestaketan laguntzaile izaten ditu Dendartean, Odriozola Ardoak, Ederto Harakel eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioa. Txorizoa egosten eta banatzen, berriz, Misio taldeko eta Gaixo eta Elbarrien Aisialdi taldeko boluntarioak aritzen dira, eta txorizo egosi pintxoak salduta jasotako dirua bi taldeentzat izaten da, garapen bidean diren herrialdeetako proiektuetara bideratzeko.Txori egosi pintxoez gainera, herriko gaztagileek ere postuak jarriko dituzte herriko plazan.

Txorizo egosi eta gazta pintxoak bi euroan salduko dituzte. Ardo dastaketarako kopa, berriz, euro batean erosteko aukera izango da, eta dastaketarako txartelak binaka, parea hiru euroan salduko dute eta lau ardo bost euroan.

Jai eguna girotzeko, mahatsez betetako aska bat jarriko dute, eta Luix Beltzaren dantza suelto eskolako bikote batek zapalduko du mahatsa.

Hamahiru upategi

Larunbatean lau sor markatako ardoak dastatzeko aukera izango da plazan:

  • Arabar Errioxako sor marka: Tobelos, Eguren Ugarte, Viña Real eta Ostatu.
  • Errioxa sor marka: Zinio, Dominio de Berzal, Valcuerna, Lan, Salceda, Olarra eta Pierola.
  • Beste sor markak: Juve & Camps (Penedes) eta Inurrieta (Nafarroa).

Gipuzkoako eta Nafarroako harategiak

Euskal Herriko X. Txorizo Egosi Lehiaketan Gipuzkoako eta Nafarroako hemeretzi harategi hauek parte hartuko dute: Valentin Odriozola (Azpeitia), Agirre-Etxe (Arrasate, Gipuzkoa), Jose Maria Otegui (Eibar, Gipuzkoa), Joxe Mari Barriola (Ibarra, Gipuzkoa), Arrizabalaga Senideak (Mutriku, Gipuzkoa), Kepa Loidi (Orio, Gipuzkoa), Benito Deba (Ormaiztegi, Gipuzkoa), Pako (Olatzagutia, Nafarroa), Arozena (Tolosa, Gipuzkoa), Miren (Tolosa, Gipuzkoa), I. Barriola (Tolosa, Gipuzkoa), Oiarbide (Zegama, Gipuzkoa), Otamendi (Arrasate, Gipuzkoa), Arteaga (Donostia), Okela (Donostia), Muñagorri (Tolosa, Gipuzkoa), Gesalaga (Zarautz), Bengoetxea (Donostia) eta Biyona (Zarautz).

Sokamuturra eta antzerkia, arratsaldean

Larunbatean Ardo Dastaketa eguneko ekitaldiez gainera, bestelako ekitaldi batzuk ere izango dira Azpeitian. Bustintzuriko errebaleko festetan, 16:30ean, sokamuturra izango da. Errebalean ibiltzeaz gainera, Artetxeneko aurrean ere ibiliko da zezena. 

Azpeitiko 42. Euskal Antzerki Topaketen barruan, berriz, kale antzerkia izango da. Hain zuzen ere, 19:00etan, Frontoi Txiki ondoko plazatxoan, Atx taldeak Marmarra antzezlana egingo du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide