Etxea eta eskola ez dira haurren eta nerabeen heziketan eragina duten esparru bakarrak; lagunarteak, kaleak, hezkuntza ez formaleko jarduerek ere eragiten dute. Ondo dakite hori Azpeitiko Gazteria saileko hezitzaileek. Urte gutxiren buruan gora egin du Gazteriako zerbitzuetara jotzen duten erabiltzaileen kopuruak, eta, ondorioz, ikasturte berria hastearekin batera jakinarazi zuten Azpeitiko Udalak Gaztelekua handitzeko obrak egingo zituela. Gaztelekua eta herriko bi ludotekak espazio fisikoak baino askoz gehiago direla sinetsita egiten dute lan Carmen Olanok (Azpeitia, 1997), Alex Altolagirrek (Azpeitia, 1986), Ion Unanuek (Azpeitia, 1994) eta Aiora Elorzak (Azpeitia, 1988). Ardurak banatuta dituzten arren, lantalde bakarra osatzen dute. Gertutik ikusten dute haurren eta nerabeen garapena, baita herriko joera sozialak nola aldatzen diren ere.
Altolagirre eta Olano Gaztelekuko hezitzaileak dira, eta haiek azaldu dutenez, urte luzeko prozesu baten emaitza da gaur egun eman den erabiltzaileen gorakada: "Gaztelekuan lanean daramadan denboran ikusi da erabiltzaileen kopuruak gora egin duela, baina ez da besterik gabe gertatu. Lan metodologia estrategiko horiek aldatzen eta berritzen joan garelako, nerabezaroari osotasunean garrantzia eman diogulako eta haiek mugitzen diren lekuetara gerturatuta sortu ditugun harreman mota horiei esker lortu dugu adin jakin batzuetan erabiltzaileen kopuruak gora egitea, baita adin tartea zabaltzea ere". Gaur egun, gero eta gehiago dira 18 urterekin Gaztelekura jotzen duten gazteak. Altolagirreren aburuz, azken urteetan egindako ahaleginak "fruituak" eman ditu. Ahalegin horren barruan kokatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztematika sarean egindako "gako estrategikoak identifikatzeko" lana edota haurrekin zein nerabeekin izan duten gertuko harremana: "Eskoletara joan gara askotariko galdeketak egitera, lokaletara joan ginen horien gorakada eman zenean, ahotsa eman diegu nerabeei, haien beharrak zeintzuk diren identifikatzen saiatu gara, eta horri esker gazteentzat gune erosoa sortu dugu elkarrekin. Helburua beti harremana sortzea izanik, erreferentziazko hezitzaile bilakatzeko. Modu horretan, gero eta gazte gehiagoren espazioa izatera igaro da Gaztelekua". Era berean, Azpeitian gazte lokalak erabiltzeko ohiturak aldatu egin dira, eta gero eta gutxiago dira haien kabuz lokalak hartzen dituzten kuadrillak. Duela urte gutxira arte, ohikoa zen 16 urte ingururekin lokal bila hastea. Orain, horien faltan, Gaztelekura jotzen dute nerabe askok.
Gaztelekuko erabiltzaileen kopurua ez ezik, profila ere aldatu egin da. Lehen ohikoagoa zen Gaztelekura taldean joatea; orain, aldiz, bakarka ere joaten da jendea. Horren atzean egon daitezkeen arrazoiak azaldu dituzte Altolagirrek eta Olanok: "Herriak badu bere nortasuna, eta oraindik handia da lagunartearen eta kuadrillen indarra. Beraz, Gaztelekura datozen nerabeen ehuneko handi bat taldean dator. Azken boladan, ordea, bestelako joera bat badago. Gazteak egoten diren lekuetara bertaratzeak erraztu du hori. Udalekuetan, esaterako, euskaltegiko kideekin hainbat jarduera egin genituen, eta oso ondo baloratu ditugu horiek; izan ere, pentsatzen dugu nerabe guztiak ezagutzen ditugula, baina oraindik badaude esploratu ez ditugun esparruak ere". Gaur egun Gaztelekuan dagoen aniztasuna "aberasgarria" dela uste dute hezitzaileek: "Denetariko jendea etortzen da. Oso-oso euskaldunak direnak, azpeitiar petoak sentitzen direnak edota azken urteetan prozesu migratzaileak bizi izan dituztenak. Gero eta gehiago dira beste jatorri bateko familia duten baina herrian bertan jaio diren azpeitiarrak. Elkarren artean sortzen dituzten harremanak oso interesgarriak dira".
Iturri Txiki eta Txiki Txoko ludoteketan erabiltzaileen kopurua mantendu egin da azken urteetan, baina duela urte batzuk aldaketak egin behar izan zituzten funtzionamenduan, zerbitzuetara jotzen zuten haurren kopurua handia zelako. Gaur egun, adinaren araberako taldeak dituzte sortuta, eta horri esker egiten duten esku hartzearen kalitatea "hobea" dela diote Unanuek eta Elorzak. "Ludotekek beti izan dute erabiltzaile kopuru handia, baina ikasturtean zehar gorabehera gehiago izaten dira. Gainera, horietara joateari denbora faltagatik uzten diote haurrek normalean", azaldu du Elorzak. Haur gehienak 5 urterekin hasten dira ludoteketara joaten Unanueren arabera, eta horietako askok Gaztelekuan amaitzen dute hezkuntza prozesua.
Erabiltzaileen kopurua handitu edota egonkortu izanaren arrazoiak askotarikoak direla uste duten arren, gakoa "lantalde egonkorra izatea" dela iritzi diote. "Lantalde egonkorra izatea oinarrizkoa da lana fundamentuz egiteko eta haurren eta nerabeen prozesuak ulertzeko. Gizarte estrukturak gero eta desegonkorragoak diren garai hauetan, haurrei eta nerabeei egonkortasuna ematea oso garrantzitsua da", adierazi du Altolagirrek. "Gure helburua erreferentziazko hezitzaile bilakatzea da, eta hori denborarekin egiten da", gaineratu du Olanok.
Bizitzarako tresnak
"Behaketa oso garrantzitsua da gure lanean. Jolasean edo bestelako ekintzetan ari garen bitartean gauza askorekin ohartzen gara. Jolasa tresna da guretzako. Adibidez, askotan konturatzen gara umeek edo nerabeek ohikoak ez diren jokabideak dituztela, baina ez diegu momentuan ezer esaten; behatu egiten ditugu jarrera horien atzean zer egon daitekeen aztertzeko. Ikaragarri hausnartzen dugu elkarrekin; arazoaren erroa non dagoen identifikatzen saiatzen gara, eta hori ez dugu bakarrik egiten. Zentzu horretan, barne orduetako lanketak oso garrantzitsuak dira", azaldu du Unanuek. "Haurrak ez dira jabetzen gure hezitzaile rolaz, eta askotan galdetu izan digute ea zertan egiten dugun lan. Baina gure lana bi arlotan banatzen da: alde batean, haurrekin edo nerabeekin egoten garen uneak daude; bestean, gure barne hausnarketak, behaketak eta esku hartzeak. Pasatu izan ditugu arratsaldeak ume bati begira, eta beste lau ordu ume horretaz hitz egiten, nola lagundu edo harekin nola jokatu eztabaidatzen. Hori ere bada hezitzaileon lana", gaineratu du.
Olanok, bere aldetik, gogoratu du berari zertan lan egiten duen galdetzen diotenean, honakoa erantzuten duela: "Beti esaten dut nerabeak bizitzarako hezten ditugula; izan ere, gure espazioetan gertatzen diren egoerak bizitzan ere gertatzen dira. Hori harremanari eta denborari esker egiten da; izan ere, lehendabiziko gure helburua beti da nerabeekin harreman sendo bat sortzea, horrek ondorengo heziketan oinarritutako esku hartzea martxan jartzea ahalbidetuko baitu. Hain zuzen, nerabeek konfiantzazko eremu batean daudela sentitzen dutenean askatzen dituzte barruak; galdetu egiten dute, haserretu egiten dira, eta guretzat aukera oro bilakatzen da heziketa prozesu".
Beraien garapenerako baliogarriak izango zaizkien erremintak ikus eta ezagutu ditzaten nahi dutela esan du Altolagirrek, gai zehatz baten inguruan interesa baldin badute, gai hori lantzeko aukera emanda, planak egiteko aukera eskainita, ekintzak proposatzeko aukera emanda... Askotariko gaiak izaten dituzte hizpide nerabeekin, eta azken urteetan ekintza bereziak egin dituzte gai zehatzak lantzeko, hala nola transexualitatea, gazteak eta musika, kirola, tabakoa edota harremanak.
"Sortu dugun gertuko harremanaren erakusle da 18 urtetik gorako gazteek gugana jotzen dutela askotariko gauzak galdetzera. Galdetzen digute lan munduaz, praktikez, unibertsitateko lanez... Polita da harreman hori mantentzen dela ikustea. Ederra da 22 urteko gazte batek zugana jotzea iritzia eskatzera edo zenbait gairen inguruan eztabaidatzera. Zera pentsatzen duzu: 'Agian zerbait ondo egin dugu'", kontatu du Altolagirrek.
Beharrak eta baliabideak
Erabiltzaileen kopurua handitu izanak eguneroko dinamiketan eragiten duela diote. Hala ere, ikasi dute egoeretara moldatzen. "Erabiltzaileen kopuruak asko eragiten du esku hartzeen kalitatean. Esaterako, niretzako ostiralak ez dira esku hartzeak egiteko egunik egokienak. Iaz, ostiraletan batez beste 120 erabiltzaile etortzen ziren Gaztelekura. Hori kopuru oso handia da kalitatezko esku hartzeak egiteko. Beraz, egun horiek jolaserako, behaketarako edo nerabeekin egoteko aprobetxatzen ditugu, egoera kudeatzeaz gain, gure lanaren parte ere badelako nerabeekin une gozagarriak edukitzea", azaldu du Olanok. Bat etorri da horrekin Elorza: "Ludoteketan gauza bera gertatzen da. Haurrek badakite jende gutxiago egoten denean arreta desberdina izaten dela".
Beharrak aldatzen ari diren heinean, "baliabideak moldatzen" ari direla kontatu dute Gazteria Saileko hezitzaileek. "Hirugarren hezitzailearen figura duela hiru urte inguru sortu zen, eta eskerrak; izan ere, sortzen dira nerabeekin bakarrik egon behar izaten dugun momentuak, izan gatazkak kudeatzeko edota haien arazoak entzuteko, eta horrek denbora eskatzen du. Une horietan Gaztelekuko martxak aurrera jarraitzen duenez, gainerako hezitzaileek gazteekin egon behar izaten dute. Zentzu horretan, hirugarren hezitzailea oso garrantzitsua eta baliagarria da".
Ludoteketan ere egin dituzte moldaketak giza baliabideei dagokienez. Hain zuzen, ludoteketako zerbitzuaren barruan hezitzaile laguntzailea dute. Horrela azaldu du Unanuek: "Identifikatu genuen gero eta handiagoa zela aniztasun funtzionala duten erabiltzaileen kopurua. Behar oso zehatzak dituzten pertsonak dira horiek, eta hezitzaile horien lanik gabe ez zuketen hain ondo egokitzeko aukerarik izango. Behar espezifikoak dituzten pertsonei arreta eskaintzera bidean aurrerapauso handia izan da hezitzaile laguntzaileen kontratazioa".
Hezkuntzako sarea
Era berean, hezkuntza arautuko nahiz bestelako eragileekin ere badute harremana Gazteria zerbitzuko langileek, eta elkarlan hori "garrantzitsua" dela diote: "Nerabe edo haur bat osotasunean jaso ahal izateko, nerabe hori mugitzen den arlo desberdinetako hezitzaileok bat egin behar dugu; sistema gehienak ukitu behar dira pertsona ondo ulertzeko. Finean, ikastetxean ordu asko igarotzen dituzte umeek eta nerabeek halabeharrez, beste leku batzuetan haiek nahi dutelako egoten dira, eta beste batzuetan, berriz, gurasoek nahi dutelako, baina espazio horietan guztietan garatzen da pertsona". Horri lotuta, eskoletan sortzen diren gatazketako asko hezkuntza ez arautuko espazioetara iristen direla aipatu du Olanok: "Eskolatik atera eta gugana etortzen dira, eta hona iristen dira beste leku batzuetan hasitako gatazkak. Beraz, horiei ondo erantzuteko garrantzitsua da arlo guztietako hezitzaileon elkarlana eta harremana". Nabarmendu dute elkarlan espazio horiek ez direla informazioa elkarri pasatzera mugatzen, eta elkarbanatzen dituztela lan lerroak edo hausnarketak. Duela bi urte ingurutik hezkuntza formaleko eta ez formaleko hezitzaileen harremana indartu egin dela uste dute, orain gutxira arte ez baitzuten horretarako espaziorik. Halaber, uste dute prozesu horretan garrantzi handia izan duela babesgabetasun egoeran dauden haurren eta nerabeen prebentzioari esker egin den saretze lanak: "Hori guztia ulertu behar da nerabea toki desberdinetan dagoela eta babesgabetasun adierazleak ertz desberdinetatik identifikatu daitezkeela kontuan izanda". Horrenbestez, hezkuntza arautuko eta ez arautuko hezitzaileen elkarlana fruituak ematen ari dela uste dute.
Nahiak eta erronkak
Orain arteko eginak eta ahalak gogoan, lanean jarraitzeko prest daude. "Gure erronketako bat da gurasoekin harremanak egitea. Bide horretan pausoak ematen ari gara, eta martxan jarri ditugu jarraipen bilera irekiak, orain arte egin ez direnak. Guraso batzuek asko eskertu dituzte, beste batzuek agian ez diete garrantzi handirik eman, baina guretzat baliagarriak dira", azaldu dute ludoteketako hezitzaileek. Gaztelekukoek ere antzeko sentipenak dituzte: "Lehen aipatutako nerabetasunaren osotasunaren barruan sartzen dira gurasoak ere, eta zentzu horretan, garrantzitsua da gurasoekin gutxieneko hartu-emana edukitzea. Horregatik jarri genuen martxan aurrez aurreko izen ematea, nerabeen gurasoei aurpegia jartzeko, eta behintzat elkar ezagutzeko". Bat egin dute ideia horrekin ludoteketako hezitzaileek. Horiez aparte, badituzte erronkak ere: orain arte egindako proiektuak sistematizatzea, gaitasunak eta indarrak neurtzea, egiten duten lana ondo antolatzea eta lan horri balio handiagoa ematea... Era berean, Gazteria Saileko hezitzaileen lana gizarteratzea eta herriratzea dute xede. Dena den, parez pare dute hurrengo erronka: "Epe luzerako helburuak asko dira, baina orain Gazteleku berria nola antolatu nahi dugun pentsatu behar dugu, eta horretarako lan egingo dugu nerabeekin batera".