Ipar Euskal Herrian bada kolorez eta aldarriz jantzitako queer kabaret edo ikuskizun bat. Altxa Lili kolektiboaren proiektua da, eta LGTBI+ komunitatea ikusarazteko eta eszenatokiak hartzeko helburuarekin sortu zuten. Ondo ezagutzen ditu hastapenak Alex Arzelus (Bergara, Gipuzkoa, 1992) Altxa Lili kolektiboko kideak. "Kasualitate kate baten ondorio" gisa definitu ditu Arzelusek proiektuaren hasierak. Dena den, "kasualitate edo kausalitate" horien erroan badaude sentipen, behar eta egarri komunak, LGTBI+ komunitateko euskaltzale hainbaten barrenean gordeak.
Gazteagoa zela, Azpeititik Gasteizera jo zuen Arzelusek, eta hiriburuan hainbat urte igaro ostean, Nafarroa Beherera egin zuen, besteak beste, «hango ohiturek erakarrita». Iparraldean igarotako bi urteetan, ordea, sentipen gazi-gozoak izan zituen. "Ekologismoarekiko edo baserriarekiko duten atxikimendua Gipuzkoan eta Bizkaian baino handiagoa da. Arlo horiek begi onez ikusi nituen bezala, ohartu nintzen LGTBI+ mundua hilda zegoela, ez zela agertzen. Gay bakarra sentitzen nintzen, nahiz eta banekien ez zela horrela. Hori sentitzea oso gogorra izan zen niretzat, eta izan nuen, nolabait, Azpeitira itzultzearen pareko sentipena; izan ere, jakinekoa da Azpeitia ez dela herririk erosoena LGTBI+ kolektiboko jendearentzat... Beraz, hasierak gogorrak egin zitzaizkidan, zentzu horretan".
Aldapan gora hasitako bidea leuntzen joan zen denborarekin, kasualitate katea lotu eta Altxa Lili sortzeraino. Honela kontatu du Arzelusek: "Poliki-poliki joan nintzen gay eta bollerak ezagutzen, eta bide horretan ezagutu nuen Dom Capistromen Bekatorosak liburua. Irakurri nuenean berehala jarri nintzen harremanetan egilearekin. Lan hura ikaragarria iruditu zitzaidan. Gerora, lagun batzuek zuberotar artzain bat aurkeztu zidaten. Betitik izan nuen Zuberora artzain lanak egiten ikastera joateko gogoa, eta harekin aritu nintzen denbora batez ikasten. Ibilian-ibilian jende mordoxka ezagutu nuen, Atharratzen [Zuberoa] LGTBI+ Eguna ospatzea bururatu zitzaigun arte". LGTBI+ Egunerako ikuskizun berezi bat prestatzen hasi ziren, eta ideia horretatik jaio zen Altxa Lili. Izugarrizko arrakasta izan zuen emanaldiak. "Jendeak, gu bezala, bazuen LGTBI+ mundua eta baserri mundua euskaraz bizitzeko gosea, eta hori nabaritu zen", kontatu du Arzelusek.
Askotariko elementuak
Musika, irudia, dantza, kantua... denetarik barnebiltzen du Altxa Liliren kabaretak, eta kolektiboko partaide bakoitzak bere alea jartzen du norbanako bezala.
Askotariko diziplinetan aritutako kideek osatzen dute kolektiboa, eta hori nabaria da oholtzan. Hala ere, badute partekatzen duten oinarri sendo bat: "Gure proiektuak oinarrian du euskara, ezinbestean, LGTBI+ kolektiboa eta baserri edo landa eremua. Halaber, lodifobiaren aurka ere agertzen gara", azaldu du Arzelusek. "Jakin badakigu landa eremuko herrietan azpiegiturak falta direla, baina horiek ere kontuan hartzen ditugu emanaldiak egiterakoan. Hain zuzen, kota moduko batzuk ditugu finkatuta, landa eremuan edo hiriburuetan zenbat emanaldi eskaini zehazteko; garrantzi handia ematen diegu landa eremuko herriei", erantsi du.
Jendeak bazuen LGTBI+ mundua euskaraz bizitzeko gosea
Jantzi koloretsuak eta deigarriak erabiltzen dituzte ikuskizunerako, baina ez dute estetika zehatz bat ezarrita. "Libre" aritzen dira sormenean nahiz oholtzan. "Bakoitzaren aldartearen edo gogoaren araberakoa izaten da hartzen dugun itxura, beti ez baikara berdin janzten edo makillatzen. Barrutik ateratzen zaigunari erantzuten diogu, eta esan nahi dugunaren arabera gauza bat edo beste janzten dugu", zehaztu du Altxa Liliko kideak. Jantziak nola, emanaldiak ere aldatzen joaten direla aitortu du Arzelusek. "Ikuskizuna une oro aldatzen ari da. Zerbaitekin nazkatzen baldin bagara, kendu edo aldatu egiten dugu, eta horrela beti". Horrenbestez, Altxa Lili ikustera joaten denak dantzaz, bertsoez, ilustrazioez, piano doinuez, antzerkiaz, Drag King ikuskizunaz eta bakarrizketez gozatzeko aukera izango du, besteak beste.
Harrera beroa
2023an kolektiboa eratu eta lehen emanaldia eskaini zutenetik ez dira gelditu Altxa Liliko kideak. Aurten, esaterako, Iruñean, Saran [Lapurdi], Atharratzen, Elorregin [Bergara, Gipuzkoa] eta Larzabalen [Nafarroa Beherea] eskaini dute ikuskizuna, eta hitzordu horietan guztietan "harrera bikaina" izan du. "Emanaldiari eman dioten babesak eta izan duen harrerak erakusten du guk sentitu genuen behar hori beste pertsona batzuek ere sentitu dutela", dio Arzelusek. "Badaude emanaldi batera baino gehiagotara etorri diren pertsonak, gustatu eta errepikatzea erabaki dutenak".
Altxa Liliko kideak aitortu du jendearen berotasuna jasotzea «zoragarria» dela, baina hari taldean sortu duten giroak egiten dio ekarpen handiena. "Familia bat sortzen ari gara, eta horrek ikaragarri betetzen nau. Emanaldien bueltan sortzen den giroa, ditugun harremanak eta elkarrekin egiten ditugun parrandak zoragarriak dira. Ekarpen handia egiten dit horrek, zentzu askotan".
Aurtengorako iragarrita zituzten emanaldi guztiak amaituta, hurrengo urtera begira jartzeko garaia iritsi zaie queer kabareteko kideei. Dena den, oraindik hausnarketarako tartea hartzeko daudela azaldu du Arzelusek: "Abenduan elkartuko gara, eta orduan pentsatuko dugu zer egin hurrengo urtean. Ikusteko dago zer gertatuko den, baina jarraitzeko gogorik ez zaigu falta".