Gizonentzako desboteretze eskola antolatu du Azpeitiko Emakumeen Txokoak, aurreko ikasturtean ikastaroak izandako "arrakasta" ikusita. Hiru saio izango ditu, eta lehendabizikoa azaroaren 22an (ostirala) izango da, 17:00etatik 20:30era, Emakumeen Txokoan. Saio horretan parte hartzeko izen ematea azaroaren 18ra artekoa izango da. Izena Emakumeen Txokoan edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deituta eman behar da. Doan da eta gizonek bakarrik parte har dezakete. Saioak Eihera kooperatibako Iñi Etxezarretak gidatuko ditu.
Genero-rol tradizionalei aurre egiteko guneak dira desboteretze tailerrak, antolatzaileen arabera. "Tailerrak eta eztabaidak eskaintzen dira, gizonek gizartean duten eginkizunari buruz hausnar dezaten eta genero desberdintasunak zein indarkeria matxistak betikotzen dituzten portaerak desikasteko. Gizon kontzienteagoak sortzea bilatuz, harreman parekideak eta indarkeriarik gabekoak sustatzeko", azaldu dute antolatzaileek.
Aurtengo ikasturteko hiru formakuntza saioak honakoak izango dira:
- Azaroak 22 (ostirala), 17:00etatik 20:30era, Emakumeen Txokoan. Oinarri teorikoak eta kontzeptuak argitzen izenburupean. "Feminismoak errealitate, teoria, kontzeptu eta hitz ezberdinak jarri ditu mahai gainean, eta batzuk ezagutzen ditugun arren, berriagoak zaizkigu beste batzuk. Lanketa indibiduala zein kolektiboa egiteko, ezinbestekoa da lehenik oinarri teorikoetan sakontzea –hausnartzea–, ibilbidea aterki beraren azpian abiatzeko", adierazi dute antolatzaileek.
- Otsailak 21 (ostirala), 17:00etatik 20:30era, Emakumeen Txokoan. Gizonek feminismoarekiko duten ardura gai hartuta. "Beldurragatik, ezjakintasunagatik edo erosotasunagatik feminista moduan haien burua izendatzen duten gizon askok ez dute agian nahikoa aurrerapauso eman. Hori honela, gizarte feminista eraikitzera bidean, gizonek hartu beharreko konpromisoez jardungo dugu", azaldu dute saioaz.
- Maiatzak 23 (ostirala), 17:00etatik 20:30era, Emakumeen Txokoan. "Lehentasunek eta desirek gurutzatu egiten dituzte pertsonen espektatiba eta munduan egoteko moduak. Gai tabua izan denez, ordea, ez da nahikoa hitz egitea horiek heteroarauaren eraikuntzan eta botere harremanetan duten pisuaz. Horregatik, horien inguruan hitz egiten hasteko espazioa izango da".