Loratzeko Musika, soinuen bidez barrena eraldatzeko bidea

Ihintza Elustondo 2024ko aza. 22a, 09:00

The Languages of Energy erakundeak eta Matia fundazioak sortu zuten Loratzeko Musika proposamena, eta Azpeitiko San Martin egoitzara iritsi da. Musika, soinua eta musikoterapia neurologia prebentziorako ardatz eraldatzaile gisa baliatu ditu proiektuak. Hainbat saio gauzatu dituzte Azpeitian, eta sustatzaileek balorazio "oso positiboa" egin dute.

Borobilean eseri dira elkar askorik ezagutzen ez duten hainbat pertsona, aurrean instrumentu ugari dituztela. Horietatik bana aukeratu du bakoitzak, eta inprobisazio itxuran hasi dira soinuak eta doinuak nahasten, aditu baten gidaritzapean, nahaste-borraste itxuratik urrun gelditu den konposizio bat sortuz. Ondoren, bakoitzak berak bizitakoa azaldu du: bati basoan barrena zihoazela iruditu zaio, besteari bakea sentiarazi dio sortu den harmoniak... Musika loratu da San Martin egoitzan, Loratzeko Musika egitasmoan parte hartu duten kideen artean.

The Languages of Energy erakundeak eta Matia fundazioak sortu zuten Loratzeko Musika proposamena, Kutxa fundazioaren eta Arantzatzulaben Hitzetik Ekintzetara saioetan. Eta Trantsizio Sozialerako Idazkaritzaren eta 2030 Agendaren laguntzarekin, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agenda Bonuen bidez, Azpeitiara iritsi da egitasmoa. Bonu horien helburua da konpromiso ekosoziala aktibatzea, eta bide horretan, San Martin egoitzara iritsi da proposamena hilabeteotan.

Azaroaren 8an, ostiralez, egin zuten Loratzeko Musika proposamenaren azken saioa, eta saio horretan murgildu zen Guka, zer ematen zuen bertatik bertara ikusteko; han zer loratzen ari zen bertatik bertara jasotzeko. Han bildutakoek musika baliatu zuten giro goxoan murgiltzeko, terapia antzeko saio bat egiteko. Herritarrentzako saio irekiak egin dituzte, eta hainbat lagunek parte hartu dute horietan: Marea Urdinako ordezkariek, Eguneko Zentroko kideek, egoiliarren senideek... Azken saioan Matia fundazioko kideek, udalekoek eta San Martin egoitzako zuzendariak parte hartu zuten besteak beste, baina han izan ziren inguruko herrietatik bertaratutako hainbat norbanako ere. 

Antolatzaileek azken saioaren "balorazio oso positiboa" egin dute. Guztira, 69 pertsonak parte hartu dute Azpeitian egindako saioetan, 15 eta 100 urte bitarteko pertsonek, eta "eskaera handia" izan dela nabarmendu dute. The Languages of Energy eta Matiazaleak taldeetako kideek nabarmendu dutenez, "oso interesgarria" izan da proiektua, "batez ere, askotan ekintzetarako lekurik izaten ez duten pertsonei sarbidea eman dietelako". Azaldu dutenez, jarduera horri esker, "beren osasun egoera dela-eta antzeko ekintzetan sarbiderik ez duten pertsonen parte hartzea aktibatu da, baita pertsona horiekin batera daudenena ere".

Musikaren onurak

Musika eta haren eragina "aldaketarako elementu indartsua" dira gizakiarengan, eta antolatzaileen arabera, hainbat onura ditu. "Ikerketa berrien arabera, musikak aldatu egiten ditu gure hormonak eta neuronak, gure bihotz erritmoa eta arnasketa erritmoa, eta gure emozioetan eta aldartean eragiteko gaitasuna du", adierazi dute Loratzeko Musika egitasmoaren sustatzaileek.

Loratzeko Musika "gizartea eraldatzeko proiektu berritzaile bat" dela adierazi dute, non musika, soinua eta musikoterapia neurologia prebentziorako ardatz eraldatzaile gisa baliatu nahi diren. "Mundu gizatiarragoa berreraiki nahi dugu, artearen, zientziaren eta sendatzearen bidez gizarteko premiazko arazoei erantzunez". Saioak nazioartean aditua den musikoterapeuta neurologiko batek gidatu ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide