Txomin Uribe: "Aitak esan zidan herri ona aurkitu nuela, eta arrazoia zuen"

Unax LarraƱaga 2024ko abe. 3a, 08:30

Txomin Uriberen erretratua. (Olatz Alkorta)

Ondarroarra izatez, Azpeitian bizi da azken 30 urteetan. Txikitatik izan da musikazale amorratua, eta hala jarraitzen du. Tu-K taldea sortu zuen gaztetan, eta gerora, Piztiak taldean ere badabil. Orain, aurreneko talde haren hamahiru kantu bilduta, Tuka esaten da izeneko diskoa kaleratu berri dute. Uriberena da Erretratua azaroko Azpeitia Guka aldizkarian.

Ondarroarra eta kulturzalea. Horrela definitzen du bere burua Txomin Uribek (Ondarroa, Bizkaia, 1967). Bizitza osoa darama musikaz eta literaturaz inguratuta, eta duela 30 urte ingurutik Azpeitian bizi da. Musikazalea izan da betidanik; 5 urterekin egin zituen kantak grabatuta ditu, eta bere lehen oroitzapenetan ere ageri da musika. "Gure etxean asko kantatu izan da. Amak, amonak, izebak... Guztiek kantatu izan dute asko; euskal kanta zaharrak, asmatutako abestiak... Denetarik entzuten zen gure etxean", esan du Uribek. Koruan ere ibili zen txikitan, eta garai hartan, 1980an, Itoiz taldearen Ezekiel diskoa grabatu zuen Mutrikuko (Gipuzkoa) taldearekin. Akordeoia ere jotakoa da, gainera, umetan.

Etxetik datorkio kulturzaletasuna Uriberi: "Amak asko irakurtzen du, eta idatzi ere bai. Anai-arrebok txikitatik bizi izan dugu hori etxean. Txikiak ginenean, gu ohartu gabe, amak jostailuen ondoan liburuak uzten zizkigun, irakurriko genituen esperoan, eta hori egin izanak funtzionatu zuela esango nuke. Izan ere, anaia zaharrak eta arrebak asko irakurtzen zuten, eta anaia gazteak, are gehiago". Bera, ordea, ez zen horren literaturazalea; gustatu arren, liburuak hartu beharrean, diskoetara jotzen zuen Uribek. Txikitan zaletu zen musika entzutera. Harentzat guztiz normala zen, edo "anormala" –amak esan ohi dion moduan–, txikia zela "tokata" zegoen gelan sartuta diskoak entzuten orduak ematea. Denetarik entzuten zuela esan du: euskal musika, musika latinoamerikarra... Musika entzunez igaro zituen umetako garaiak: "Nire umetako oroitzapenak hondartzak betetzen ditu. Udan, goizeko hamarretatik iluntzeko hamarretara arte egoten ginen familia osoa hondartzan. Bihurria nintzenez, amak txapel gorri bat janzten zidan, urrunera joaten nintzenean puntu gorria identifikatzeko eta non nenbilen jakiteko".

Emakumez inguratuta bizi izan da beti Uribe. Hala adierazi du: "Gure aita zena itsasontziko patroia zenez, egun asko ematen zituen itsasoan. Ondorioz, amak eta izebak hezi gintuzten. Asko eskertzen dut hori horrela izatea, munduarekiko oso ikuspuntu desberdinarekin hezi baigara etxean. Horrek, esaterako, garai bateko zenbait aurreiritziren edota portaeraren aurrean guztiz aurka agertzea ekarri zigun". Ondarroarra beti izan da "pertsona konprometitua", eta hori bere etxeari zein herriari zor diola dio. Izan ere, haren hitzetan, Ondarroan hezteak herri oso aktibo baten heztea esan nahi zuen, mugimendu sozial handiaren erdian. "Garai oso gogorrak bizi izan ditu Ondarroak, beti borrokan aurrera egiteko. Asko izan ziren etxetik ateratzen eta itzultzen ez zirenak, desagerrarazi zituztenak, eta urte batzuk geroago, drogak ere gogor jo zuen herria. Sasoi hura sormen handikoa izan zen hasieran, hori sumatzen zen herriko kaleetan, baina ondoren hondamendia etorri zen. Belaunaldi bateko 80 pertsona inguru galdu genituen Ondarroan".

Tu-K taldearen hasieretako argazkia. Eskuinekoa da Txomin Uribe. (Utzitakoa)

Musikari lotuta

17 urterekin hartu zuen gitarra bat lehen aldiz. Ikasbidaiarako dirua biltzeko egin zuten festa batean ezagutu zuen Josu Aranbarri, hark Nina Hagenen single bat jartzeko eskatu ondoren, eta 40 urtera taldekide izaten jarraitzen dute Aranbarrik eta biek. "Ni baino urte bat zaharragoa da Josu, baina ikasturtea errepikatu zuenez, gelan tokatu ginen. Berehala hasi ginen musikaz hitz egiten, eta hark esan zidan bazuela gitarra bat". Hortik sortu zen Tu-K: Uribek gitarra eta Aranbarrik baxua hartuta, erritmo kutxa bateko soinuekin osatu zuten taldea. Hasieratik hasi ziren beren kantak egiten, sortzeko grina zutelako, baita beraien gustukoa zen musika islatzeko ere. "The Cure, The Smiths, The Clash, Pixies... eta Britainia Handiko beste hainbat talde izan dira gure inspirazio iturri nagusia, baina baita Itoiz, Ruper [Ordorika] zein Hertzainak ere. Talde asko entzuten genituen, eta musikari asko ezagutu ere bai, hala nola Rory Gallagher nahiz Immaculate Fools".

Bolada hartan beltzez janzten ziren goitik behera, begiak pintatuta eta ilea kardatuta ibiltzen ziren, garaiko estetika ilunari jarraiki. "Gu kalean zehar, arropa ilunak, aurpegi zuriak...", dio Itoizen Espaloian kantak, eta hala ibiltzen ziren, hain zuzen ere, Uribe eta Juan Carlos Perez Itoizeko frontmana Mutrikuko zein Ondarroako kaleetan. "Batzuek arraro begiratzen ziguten, baina zorionez, mugimendu handia egon zen Ondarroan; New York ematen zuen".

Tu-K taldea handitu egin zuten gero, talde osoagoa osatzeko asmotan: "Gure lagunen artean norbaitek instrumenturik jotzen al zuen galdetu genuen, eta Ander Ibarlozak tronpeta jotzen zuenez, hura batu zen taldera. Gurekin batera jotzen zuten taldeek flipatu egin behar zuten gurekin, La Polla Records taldekoek, adibidez". Azkenik, tronpeta alde batera utzi eta beste gitarra bat eta sinteak sartu zituzten beren musikan, Bernar Ituarterekin eta Justo Urkirirekin osatuz taldea. Pare bat maketa grabatu zituzten, Existentzia eta Beltza izenekoak, eta Villa de Bilbao lehiaketan saria irabazi zuten, 1989an. Kanten hitzak egiteko Uriberen anaia gazteak idatzitako poesiaz baliatu ziren: "Amak esan zidan Kirmenek idatzi egiten zuela, eta nik zera esan nion: 'Nola idatzi egiten duela?'. Izan ere, 13 urte zituen. Haren testuak irakurri, gustatu eta berari ezer esan gabe ibili genituen kantetarako. Gaur egun ere gogorarazten dit hori egin izana anaiak, baina esaten dit hartu izan ez banitu galdu egingo liratekeela eta ondo egin nuela". Tu-K-ren diskoan jasota dauden abestien hitzak Kirmen Uribek bere garaian taldearentzat eginak dira. Aurten, gainera, Tu-K taldeak maketak berreskuratu eta batzuk berriro grabatu ditu, ezkutuan zituzten kanta horiek gal ez zitezen. Zehazki, Tuka esaten da izeneko diskoa plazaratu dute, hamahiru kantuz osatutakoa.

Uribe (ezkerretik hasita, aurrena), Piztiak-eko taldekideekin. (Utzitakoa)

Tu-K-ren kontzertu bat tarteko iritsi zen Uribe lehen aldiz Azpeitira, eta orduan ezagutu zuen herrian gelditzeko arrazoia. 30 urte daramatza Azpeitian, eta bertan "ederki" bizi dela dio: "Aitak esan zidan herri ona aurkitu nuela, eta arrazoia zuen. Danborrada zalea naiz, eta sokamuturra ere gustuko dut".

Piztiak ere bai

Uribek Piztiak taldean ere jotzen du. Urrestillan entseatzen dute Piztiak taldekoek, eta zortzi disko grabatu dituzte 1991tik gaur arte. Urteotan taldeko musikariak aldatu egin diren arren, indar berarekin jarraitzen dutela azaldu du; "bidea ederra zein luzea" izaten ari dela dio Uribek. "Euskal Herri guztia ezagutu dugu, eta taldekideok familia bilakatu gara". Hala ere, bidean zailtasunak ere izan dituztela onartu du: "Piztiakekin bizi izan dudan gogorrena, nolabait esateko, denbora aurrera joan ahala, gurekin hasi ziren talde horiek gora joaten edota desagertzen ikustea izan da. Izan ere, 30 urtean, talde berriak sortzen joan dira, eta guztiek pasatu egin gaituzte. Beti izan gara beheko mailan mantendu den talde bat, eta ez da erraza; hori gogorra egiten da. Izan ere, 40 urteko ibilbidea izan arren, jendeak ez gaitu ezagutzen. Baina burugogorrak gara, eta asko gustatzen zaigu egiten duguna. Oso ondo pasatzen dugu lokalera joanez, kontuak esanez, batzutan entseatuz eta besteetan txuleta jatera joanez". Kaleratu dituzten azken kantak, gainera, "indartsuak" izan direla adierazi du Uribek. Begietara begiratu kantuak ibilbide ona izan du, haren aburuz, eta Bixitxi marabilli re eta Ametsik ederrena kantuek ere harrera oso ona izan dutela zehaztu du, asko entzun direla.

Urte asko pasatu dituzte Euskal Herriko agertokietan, eta askotariko oroitzapenak dituzte. "Lagun asko, kontzertu asko, talde asko ezagutu ditugu, eta anekdota ugari bizi izan ditugu. Adibidez, Tu-K-ren garaian gauza asko gertatu zitzaizkigun; adibidez, kontzertu bat ematera joan eta beste gitarra jotzaileari gitarra ahaztu zitzaion". Tu-K taldearen disko berria aterata, hainbat kontzertu emateko asmoa dutela ere adierazi du.

Kantu zaharrei hautsak kendu, haiek berreskuratu, berriak egin... Sormenez eta kulturaz betetako etxe batetik etorririk, egiten duena egiten duela, argi dago Txomin Uribe ez dela geldirik egoteko pertsona.

Motzean

Adina: 57 urte.
Lanbidea: Finantzaria.
Musikaria ez banintz... ez nintzateke biziko.
Lanetik ateratzean gogoko dut… etxekoekin eta lagunekin egotea eta sormena lantzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide