1924. Nestor Basterretxearen eta Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena gogoan, askotariko ekitaldiak egin dituzte Euskal Herriko zenbait tokitan. Azpeitian, berriz, Basterretxearen zein Txillidaren garaikide izandako Azkoiti-Azpeitiko hiru artistaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakian, haien lanak erakusketa batean bildu eta plazaratu dituzte. Hain zuzen ere, Fernando Olaizola (Azpeitia, 1923-2003) eskultore eta tailugilearen eta Juan Jose Larrañaga (Azkoitia, 1924-1981) nahiz Manolo Madrazo (Azpeitia, 1924-2000) margolarien lanak bildu eta erakusgai jarri zituzten Azpeitia, mende bat 1924-2024 izeneko erakusketan, irailaren 18tik urriaren 13ra artean, Betharrameko aretoan.
Hiru artisten ehun obratik gora ikusteko aukera egon zen Betharramen, beste hainbeste marrazki eta bozeto eta haien lanerako tresnekin batera. Inguruotako paisaien, baserrien, eraikinen, herrien... nahiz kanpoko inguruen gainean Larrañagak eta Madrazok egindako margoak ikus zitezkeen erakusketan. Larrañagaren kasuan, esaterako, euskal paisaien artean honako hauek ziren batzuk: Errezil (1980), Matxinbenta (1977), Azpeitiko parrokia (1953), Azkoitiko Gau baketsua (1960) eta Zuhaiztia (1966). Madrazoren kasuan, berriz, honakoak: Elormendi (1971), Toalle (1981), Malkortxo (1984), Alzaga (1978), Erreiru-Nuarbe (1982) eta Bedaio (1993) baserriak, Errezilgo bi lan (1971 eta 1975), Basazabal jauregia (1981), Loiola inguruak eta Loiolako lorategia (1992). Bi margolariek ijitoen pasarteak jasotzen dituzten obrak ere badituzte, Madrazok bat 1950ean Urgiten egindakoa eta bestea 1978an Zestoan margotutakoa, eta Larrañagak bat 1964an margotutakoa. Olaizolak egindako lanen artean, berriz, herritarrei egindako eskulturak –autoerretratua, Jose Artetxe, Luciano Arakistain Aitzaki, Ignacio Artetxe, Javier Agirre Odriozola, J. Antonio Kanpos Ttantto, Loiolako Inazio, Javier Arakistain Aitzaki...– ikus zitezkeen, baina baita herritik kanpoko beste hainbat pertsona ezaguni egindakoak ere: Pio Baroja, Koldo Mitxelena, Ludwig van Beethoven, Francisco Goya, Jorge Oteiza, Benito Perez Galdos, Santiago Ramon y Cajal, Sabino Arana...
"Hirurak orain dela mende bat jaio ziren, eta urtemuga horri tiraka prestatu genuen hirurei buruzko erakusketa. Herriaren historiaren zati bat dira, eta herriko hainbat belaunaldik ez dituzte ezagutu eta ez dute haien obraren berri. Aukera hori eskaintzeko asmoarekin bildu genituen erakusketarako obrak", azaldu du Luis Uzin Azpeitia, mende bat 1924-2024 erakusketaren sustatzaileetako batek.
Artistak hirurak, baina denek bestelako lanbide bat izan zuten: Larrañaga enpresa bateko bazkidea izan zen eta Madrazo ehungintzako komertziala. Olaizolak altzarigintzako enpresa izan zuen, eta hark diseinatutako hainbat altzari urteetan aintzakotzat hartuak izan ziren.
Tailugile lanetan hasi zen aurrena Olaizola, eta bere kontura jardun zuen gaztetan. Gero, 25 urte zituela Madrilera joan zen ikastera, arte ederretako San Fernando akademiara; han, besteak beste, Enrique Perez Comendador eta Moises de Huerta izan zituen irakasle. 1950eko hamarkadan Gipuzkoako artista berrien hainbat erakusketatan parte hartu zuen, eta Madrildik bueltan, altzarigintzan murgildu zen berak sortutako enpresan.
Eskulturan egurra landu zuen batik bat Olaizolak, eta gertukoen nahiz pertsona ezagunen erretratuak egin zituen. Bere legatu aberatsena taillak eta detaile ugarirekin giza tamainan egindako bustoak dira. Azpeitiko anbulatorio aurrean dagoen Jose Artetxe idazlearen (Azpeitia, 1906-Donostia, 1971) eskultura ere Olaizolak egindakoa da.
Jose Artetxeren iloba izan zen Manolo Madrazo margolaria, eta ez hori bakarrik, Olaizola eskultorearekin batera, Antxieta arkeologi taldekoek eta Aranzadi zientzia elkartekoek Urola bailarako kobazuloetan aurkitutako Historiaurreko hainbat margolan edota pieza ikustera elkarrekin joan izan ziren. Esaterako, Ekaingo kobazuloan Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek aurkitutako hormetako zaldien margoak paperera eramaten aurrena Madrazo izan zen; 1969ko ekainaren 15ean izan zen hori.
Pintura izan zen Madrazoren pasioa. Aitarengandik jaso zuen margotzeko zaletasuna eta bere lehen koadroa 7 urterekin egin zuen. Ascensio Martiarena margolariarekin ikasteko aukera izan zuen, eta 1960ko hamarkadan Donostian hainbat erakusketatan parte hartu zuen bere margolanekin. 1962an, Zaragozako (Espainia) Lehen Pintura Saria eskuratu zuen.
Batik bat paisaiak margotu zituen Madrazok, baina bodegoiak eta erretratuak ere egin zituen. Pintzelkada soltea eta kolore indartsukoa erabiltzen zuen margolari azpeitiarrak, eta 60ko eta 70eko hamarkadetan berak egindako lanek kromatismo tradizionalagoa zuten. 80ko hamarkadatik aurrerako lanetan, berriz, koloreak biziagoak bihurtu ziren Madrazoren obretan.
Azpeitiaren historiaren zati dira bai artistak, baita haien lanak ere, Uzinen arabera: "Beren lanetan herriaren historia jasota utzi dute. Esaterako, zenbait koadrotan jasota dagoen ikuspegia gaur egun ez da bera: etxeak egin direlako, kaleak aldatu direlako...". Agustin Madrazoren ustez, beren aita-eta ez ziren "soilik" garaiko pintoreak eta eskultoreak izan. "Garai hartan, euskal kulturan beren ekarpena egin zuen belaunaldi bat egon zen: Jorge Oteiza, Jose Migel Barandiaran... Pertsona horien berri toki askotatik jaso dugu eta ezagunak egiten zaizkigu, baina haien bueltan jende piloa ibiltzen zen, eta Azpeitia, mende bat 1924-2024 erakusketa horren lagin bat da. Garai gogorrak izan ziren, eta ezkutuan elkartzen ziren Araotzen eta; egoerari aurre eginez, jende honek aurrera bultzatu zuen isil-isilik".
Pinturako akademia ere izan zuen Madrazok Soreasu auzoan, eta han herriko haur ugariri erakutsi zion margotzen. "Betharrametako erakusketara ere ikastetxeetatik ikasle taldeak etorri dira. Gure aita dagoen tokian dagoela pozik egongo da, oso umezalea zelako", dio Agustinek.
Larrañaga azkoitiar margolaria ere garaikidea izan zuten Madrazok eta Olaizolak. Umea zela hasi zen margotzen hura ere, Martin Iruretaren eskutik. Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo nahiz Espainiako hainbat lurraldetako paisaiak margotu zituen, dentsitate handiko atmosferak lortzeko gaitasun nabarmena azalduz.
Mendeurrenak lotzen dituen hiru artisten senideek diotenez, mandatuz hainbat lan egin zituzten, baina libre, beren kasa sortzea maite zuten hirurek. "Gure aitak enkarguz agindutakoa baino nahiago izaten zuen ederra ikusten zuen hura margotzea", azaldu du Ana Larrañagak.
"Hunkituta eta pozik" daude hiru artisten senideak erakusketa zabaltzeko aukera izanarekin eta jendearen aldetik izan duen harrerarekin. Olaizola eskultorearen alaba Cristinak hala nabarmendu du: "Erakusketara etorri diren pertsonekin aspaldiko gauzak ekarri ditugu gogora, eta aitari buruzko kontuak ere esan dizkigute. Aspaldi ikusi gabeko pertsonekin egoteko aukera ere eman digu erakusketak, eta oso polita eta hunkigarria izan da".