Odol emaileek hitzordu berezia izan dute gaur eguerdian, Sanagustin kulturgunean. Odol ateraldi jakin batzuk egin dituzten hemezortzi herritarri aitortza egin die Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak. Hemezortzi gizon-emakumen jaso dute aitortza, urtez urte odola emanez egindako ahalegina tarteko.
12:00etarako jarria zuten hitzordua odol emaileek, eta ordurako han ziren omenaldia jasotzekoak ziren lagunetako hainbat. Hain zuzen ere, honako herritar hauek jaso dute elkartearen oroigarri bana gaurkoan: 25 odol ateraldi egiteagatik, Asier Agirrezabalek, Maria Pilar Alberdik, Larraitz Castrok, Juan Maria Etxanizek, Izaskun Garatek, Itziar Iturrik, Alberto Jimenezek, Mariano Salegik, Mari Carmen Urtubiak eta Unai Izalezek; 40 ateraldi egiteagatik, Maria Soledad Legarrak eta Maria Jesus Osak; 50 ateraldi egin dituzten Ignacio Aizpuruk, Iñaki Lapeirak, Ignacio Nicolas Medinillak eta Jabier Odriozolak; 60 ateraldi egin dituen Igone Guridik; eta 75 ateraldi egin dituen Francisco Javier Arregik.
Odol ateraldiak, beheraka
Pandemiaz geroztik, ia erdira jaitsi da odol emaileen kopurua Azpeitian. Datu adieragarri hori eman du gaurko ekitaldian Iñaki Alberdi Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideak. Hark esan duenez, 1.300 bat emanaldi egiten zituzten herritarrek orain dela lauzpabost urtera arte, baina azken boladan, 700en bueltan dabiltza; aurten, esaterako, bi hitzorduren faltan –abenduan bi odol ateraldi izango dira; hilaren 4an eta 18an–, 624 odol poltsa lortu dituzte.
Datu hori kezkagarritzat jo du, urtez urte odol gutxiago ematen dutelako herritarrek. Eta era berean, zergatia zein ez ez dakitela ere esan du. "Ez dakigu zein den jaitsieraren zergatika, baina hobetu egin behar dugu zenbateko hori. Pastak-eta ematen hasita gaude, baina ez dakit azpizuna jartzen ez ote dugun hasi beharko jendea animatzeko".
Ander Larrañaga zinegotziak "eskerrak" eman dizkie odol emaileei. Odola ematearen garrantzia azpimarratu du hark, belaunaldi berriak horretaz kontzientziatu beharra dagoela esanda. "Odola ez da ekoizten, norbaitek eman egin behar du, eta beraz, garrantzitsua da herritarrek odola ematea".