2022. urtean, Erasmus programaren bidez, Mississippin (AEB) urtebete igaro zuen Ireide Calerok (Azpeitia, 2002). Aurten, berriz, Wisconsinera (AEB) joan da, bi urteko iraupena duen Literatura masterra egitera. Deustuko Unibertsitatean Hizkuntza Modernoak gradua ikasi zuen, ingelesean zein literaturan espezializatuta. Ingelesez jarduteko duen gaitasunak nahiz hizkuntza horrekiko duen zaletasunak eraman du munduaren bestaldera, Ameriketako Estatu Batuetara. Euskal Herria maite duen arren, ez daki etorkizunean non amaituko duen.
Zergatik Ameriketako Estatu Batuetara?
Garbi nuen graduko ikasketak amaitu orduko masterra egin nahi nuela; behin lan munduan murgilduz gero, zaila ikusten dudalako berriro ikasketei heltzea. Hasiera batean, Irlandako, Eskoziako eta Ingalaterrako unibertsitate bekak begiratzen hasi nintzen, baina masterrak oso garestiak ziren eta bekak ez ziren gastuei aurre egiteko modukoak. Ameriketako Estatu Batuetako Teacher Assistantships izeneko beka baten berri izan nuen. Hori eskatu nuen, eta gaur egun beka hori jasotzen dut. Oso ongi datorkit beka, gastuak ordaintzeko adina emateaz gain, irakasle lan eginez dirua irabazten dudalako.
Beraz, irakasle gisa egiten duzu lana?
Bai, beka horretan oinarritzen da: ikasle izateaz gain, irakasle jardun behar izaten da. Euskal Herrian ere aritu izan naiz irakasle, ingeleseko akademia bateko haurrekin. Orain, unibertsitateko ikasleei gaztelania klaseak ematen dizkiet, eta oso gustura nago. Ikasleek ikasteko gogo handia dute, oso adi egoten dira, asko galdetzen dute, ez dute klase ordurik galtzen...
Eta nolakoa da ikasketa arloa?
Euskal Herrian izan dudan esperientziarekin alderatuz, klaseetako ikasle kopurua oso txikia da hemen, eta horrek irakaslearekin gertutasun handia izatea ahalbidetzen du. Hori asko gustatzen zait, konfiantza handiagoa lortzen delako ikaskideekin eta irakaslearekin. Masterrari dagokionez, batik bat lanetan edo proiektuetan oinarritzen da, eta ez azterketetan oinarrituriko ohiko ereduan. Literatura masterra izanda asko irakurri behar dut –esaterako, astean hiru liburu–, eta batzuetan neketsua egiten zait.
Zer moduz daramazu hizkuntza aldaketa?
Hasieran gaizki, baina orain hobeto. Hala ere, komunikatzeko orduan nahiko ongi moldatzen naiz, eta oso gustuko dut ingelesez hitz egitea. Gaztelania klaseak ematen ditudanez, gazteleraz ere asko hitz egiten dut. Oro har, asko ari naiz ikasten.
Nolakoa da Wisconsin?
Oso leku hotza da, egunero haize handia egiten du. Hala ere, oso leku polita da; laku asko daude. Gainera, leku guztietara oinez irits zaitezke, nahiz eta garraio publikoa ere oso egokia den.
Ba al du ezer nabarmentzekorik?
Jendea oso jatorra dela nabarmenduko nuke; paseatzen ari zarela, denek agurtzen zaituzte. Oso giro ona dago, batez ere auzoaren barruan. Ni bizi naizen auzoa bereziki asko gustatzen zait, komunitate sentimendu handia dago.
Ezberditasunik sumatzen al duzu horko bizimoduan?
Bai, jatetxeetara edo tabernetara joatea garestia da. Gainera, propinarik ez uztea gaizki ikusita dago. Hemen ezin naiz Azpeitian bezala tabernaz taberna ibili; beraz, etxean egin ohi ditut otorduak. Gainera, hemen ez dago poteorako kulturarik, eta horren falta sumatzen dut.
Beste zerbaiten falta ere sumatuko duzu, ezta?
Bai, noski! Familiarena, bikotekidearena, lagunena eta patata tortillarena. Hemen ez dago patata tortillarik, neuk egin behar izaten dut etxean.
Eta masterra amaitzean, zer?
Oraindik ez dakit zer egingo dudan, Euskal Herria asko gustatzen zait, eta Ameriketako Estatu Batuak ere bai. Momentuz, aukera hau aprobetxatzen ari naiz, gero gerokoak.