Arrazoiak hamaika

Nerea Uranga 2025ko urt. 27a, 16:05

David Prandoni, Laura Bravo, Eider Aranburu, Olatz Elorza, Olatz Odriozola eta Puri Garcia, euskaltegian. (Nerea Uranga)

Aurtengo ikasturtean "nabarmen gora" egin du euskalduntzera edota alfabetatzera Azpeitiko Udal Euskaltegira jo duten ikasleen kopuruak. Maila desberdinetan ari dira euskara ikasten eta hobetzen Puri Garcia, Laura Bravo, David Prandoni, Olatz Elorza eta Eider Aranburu ikasleak. Abenduko Azpeitia Guka aldizkarian kontatu dituzte beren esperientziak.

Azpeitiko Udal Euskaltegian alfabetatzeko eta euskalduntzeko urte osoko ikastaroak ematen dituzte, A1 mailatik hasi eta C2 mailara artekoak. Ikastaro horiek aurrez aurre zein autoikaskuntza sistemaren bidez egiteko aukera eskaintzen dute. Autoikaskuntza metodologiarekin ikasteko aukera duela lauzpabost urte jarri zuten martxan, eta ikasle askok hautatzen dute ikasteko modu hori.

Aurtengo ikasturtean, "nabarmen egin du gora" modu batera zein bestera euskara ikastea erabaki duten ikasleen kopuruak, Olatz Odriozola Azpeitiko Udal Euskaltegiaren zuzendariak azaldu duenez. Datuak xehatuta ere eman ditu: "Une honetan, maila guztietako aurrez aurreko hamasei talde ditugu martxan. Aurrez aurreko taldeetako ikasleez gain, autoikaskuntzako ikasleak ere baditugu. Guztira, 151 ikasle ari dira aurten Azpeitiko euskaltegian euskara eskolak jasotzen, eta hamabi irakasle ari gara horiei guztiei erantzuten".

Helduentzako eskaintzaz gain, 2006. urtetik Etorkizun egitasmoa abian dute Azpeitiko euskaltegian. Egitasmo horretan, hain zuzen ere, 6 urtetik 16 urtera arteko haur eta gazte etorkinei bertako bizimoduan gizarteratzen laguntzeko euskarako errefortzuak eskaintzen dizkiete. Horrez gainera, Harrera saioak ere eskaintzen dizkiete ikasle etorkin iritsi berriei, euskarazko ahozkoaren ulermen prozesua bizkortzeko helburuarekin.

Ikasleak euskara ikastera bultzatzen dituzten arrazoiak "era askotakoak" direla azaldu du Odriozolak. "Behe mailetako (A1 eta A2) taldeetan izena ematen duten ia guztiek Euskal Herritik kanpoko jatorria izaten dute, eta ikasle horiek, batik bat, bi arrazoirengatik hasten dira euskara ikasten. Batetik, Azpeitia hain herri euskalduna izanik, herrian integratu nahi dutelako: jendea ezagutu, seme-alabei etxeko lanetan lagundu... Eta bestetik, lana lortzea errazten dielako bertako hizkuntza jakiteak".

Euskara maila altuagoa eskuratu nahi dutenek, berriz, gehienbat titulua (B1, B2, C1 edota C2) lortzea izaten dute helburu. "Azken urteotan aldaketarik handiena horretan nabaritu dugu; izan ere, gaur egun gutxi dira euskaraz alfabetatu gabekoak direlako beren euskara maila hobetzeko helburuarekin euskaltegira datozen ikasleak. Gehienak titulu bila datoz", kontatu du Odriozolak. Aurten, esate baterako, C2 titulua lortu nahi duen ikasle kopurua "ikaragarri hazi" dela azpimarratu du: "Maila horretako aurrez aurreko bost talde eta autoikaskuntzako hogei ikasle ditugu. Gero eta ohikoagoa da unibertsitateko ikasketak amaitu eta C2 mailako titulua ateratzeko helburuarekin euskaltegian izena ematea". Dena den, gutxi izan arren, oraindik ere badira beren euskara maila hobetzea beste helbururik gabe euskaltegira joaten diren ikasleak. "Horiek, gehienetan, Azpeitian bertan jaiotako ikasleak izan ohi dira, eta beren helburua euskaraz hobeto idazten ikastea edo euskarazko testuak irakurtzeko erraztasuna lortzea izaten da", zehaztu du euskaltegiaren zuzendariak.

Ikasleen jatorriari dagokionez, behe mailetako (A1, A2 eta B1) ikasle gehienek Euskal Herritik kanpoko jatorria dute, eta horretan ere aldaketa nabaritu dute euskaltegian azken ikasturteetan. "Urte batzuetatik hona mendebaldeko herrialdeetatik (Hego Amerikatik edo Erdialdeko Amerikatik) etorritako ikasleen kopuruak egin du nabarmen gora. Dena den, beste hainbat herrialdetako ikasleak ere baditugu aurten: Portugal, Polonia, Alemania, Pakistan, Maroko...". Goi mailetako taldeetako (B2, C1 eta C2) ikasle gehienak, berriz, azpeitiarrak dira.

Jatorria edo helburua edozein delarik ere, astean hiru edo lau egunetan euskaltegira joateko ikasleek egiten duten ahalegina "txalotzekoa" dela nabarmendu du Odriozolak.

Udal Euskaltegiaren sarrera, Telefonica zaharrean. (Nerea Uranga)

Beharragatik edota euskara hobetzeko gogoagatik Azpeitiko euskaltegira joaten diren bost ikaslerekin hitz egin du GUKAk. Guztiek adierazi dute oso gustura joaten direla euskara ikastera eta oso eskertuta daudela euskaltegiko irakasleekin.

Puri Garcia (Almendralejo, Badajoz, Espainia, 1974)

"A2 mailan ari naiz euskaltegian. Extremaduran jaio nintzen, eta bi urte eta erdirekin Oriora joan ginen bizitzera. Orain, Azpeitian bizi naiz. Eskola Nazionalean ikasi nuen, eta euskara beste ikasgai bat besterik ez zen guretzako. Horrez gain, etxean eta inguruan denek gaztelaniaz hitz egiten zuten, eta ez nuen euskara ikasi. Beti damutuko naiz euskara ikasi ez izanaz. Orain, baina, euskara ikastea erabaki dut, eta horretan ari naiz.

Erizain Laguntzaile ikasketak egin ditut, eta egoitza batean pertsona nagusiekin lanean jarduten dudanean, pena handia ematen dit haiekin euskaraz egin nahi eta horretarako ahalmenik ez dudala ikusteak; haiekin ezin dut euskaraz komunikatu. Gertuko pertsona naiz, eta haietako asko saiatzen dira nirekin hitz egiten, baina puntu batera artekoa da komunikazioa. Euskaraz komunikatzeko ezintasun hori izan da euskaltegian hastera bultzatu nauena. Nire helburua euskaraz ikastea da, gero lan egingo dudan pertsonekin erraz komunikatu ahal izateko.

Oso gustura nabil euskaltegian, eta ahaleginduz gero, aurrera egiten dela ikusten ari naiz. Etxean senarrak eta semeak ere euskaraz hitz egiten dute, eta haiekin elkarrizketa txikiak izaten ditut; alegia, euskaltegian ikasitakoa nire egunerokoan txertatzen saiatzen naiz. Oso pozik nago, euskaltegira joanda, euskara ikasteko gai ikusten naizelako. Denborarekin eta pazientziarekin aurrera egitea nahi dut, eta aurten ezin badut maila gainditu, datorren urtean saiatuko naiz. Ez dut neure burua estutu nahi, euskara ikasten disfrutatzen ari naizelako".

Laura Bravo (Mendoza, Argentina, 1991)

"Azpeitira etorri aurretik hiru hilabetez Katalunian bizi izan nintzen, eta urtebete da Azpeitira bizitzera etorri nintzela. Hona etorri ginenean, semea eskolan euskara ikasten hasi zen, baita etxean euskaraz hitz egiten ere, eta nik ez nion ezer ulertzen, ezin nion lagundu eskolako lanetan. Semearen bila eskolara joaten nintzenean, beste gurasoekin ezin nuela komunikatu sentitzen nuen; deseroso sentitzen nintzen euskaraz ez nekielako. Eskola atarian bazegoen pertsona bat besteek esandakoa itzultzen zidana, baina hura gutxiagotan joaten hasi zen, eta beste gurasoekin integratzea zaila egiten zitzaidan. Semea ikastetxera autobusez bidaltzen hasi nintzen, baina gauza bera gertatzen zitzaidan haren bila autobusera joandakoan ere. Katalunian egon nintzenean, han katalana ikasten hasi nintzen, eta nahiko ondo ulertzera iritsi nintzen. Kostatu zitzaidan konturatzea, baina nik integratu beharra neukan lekura, eta ez lekuak nire egoerara.

Hizkuntzak ikastea asko gustatzen zait, eta euskaltegian hastea erabaki nuen. Dena den, aurretik entzuna nuen euskara oso zaila zela ikasteko... Pixka bat beldurtzen hasita nengoen horrelakoak entzunda, baina euskara ikasteko pausoa ematea erabaki nuen.

A1 mailako taldean ari naiz, asko gustatzen zait euskara eta oso gustura nabil euskaltegian.

Semea ni baino azpeitiarragoa da, azpeitiarrez hitz egiten du eta oso ondo integratu da; azkar ikasi du hizkuntza. Hari euskara ikasten hasi behar nuela esan nionean, oso pozik jarri zen. Ilusio handia egiten dio ni euskara ikasten ari naizela ikusteak. Ez dakit zer abiaduratan ikasiko dudan hizkuntza, baina ni ahalegin guztiak egiteko prest nago".

David Prandoni (La Granja de San Ildefonso, Segovia, Espainia, 1990)

"Euskal Herrira etorri aurretik Bartzelonan bizi nintzen; hiri handietan, baina, nahiko bakarrik senti zintezke aldi batzuetan. Euskal Herrian lagun batzuk nituen, eta lagun horiek lekua egin zidaten Bidania-Goiazko beren baserrian. Lana Azpeitiko Irurena lantegian aurkitu nuen, eta hiru bat urte daramatzat han. Lantokitik gertu bizitzeko, Azpeitira etorri nintzen.

Azpeitian bizi ahal izateko euskaraz jakitea garrantzitsua dela iruditzen zaidalako hasi naiz euskaltegian. Uste dut, gainera, bertako jendea, kultura, pentsaera eta abar hobeto ulertzeko garrantzitsua dela bertako hizkuntza jakitea. Jendea ere poztu egiten da euskara ikasteko interesa dudala adierazitakoan.

Euskaltegian hasi nintzenetik asko aurreratu dut; esaterako, kalera irten eta jendea hitz egiten entzundakoan, dena ez dut ulertzen, baina behintzat, badakit zertaz ari diren, edota erosketak egitera joandakoan, euskaraz komunikatzen saiatzeko aukera daukat. Bigarren ikasturtea dut euskaltegian, eta euskaraz zer eta nola esan asko pentsatu behar izaten dut oraindik. Egunak eta egunak daude, batzuetan lanetik irtendakoan buruak ez dit gehiagorako ematen... Baina bagoaz aurrera. Orain dela bi urte hitz bakar bat ere ez nekien euskaraz eta dena oso arraroa egiten zitzaidan. Orain, ordea, aurrera egiten ari naizela ikusten dut; motibatuta sentitzen naiz. Ikasten ari naizen heinean gehiago gustatzen zaidan hizkuntza da euskara.

Euskaltegiko irakasleekin oso eskertuta nago, erraztasun asko jartzen dizkigutelako eta jatorrak eta onak direlako. Izan ere, nik lantegian goizez ala arratsaldez egiten dut lana, eta euskaltegira ahal dudan ordutegian joateko aukera eskaini didate".

(N. Uranga)

Olatz Elorza (Azpeitia, 1951)

"Ni jubilatuta nago, eta B1 eta B2 tituluak atera ondoren, ikasturte honetan C1 mailako taldean ari naiz.

Gure garaian, nahiz eta gurasoekin euskaraz jardun, eskolara joandakoan behartu egiten gintuzten gaztelaniaz jardutera. Nire senarraren ama Extremadurakoa izanda, joera izan dut harekin beti gaztelaniaz jarduteko; amama, berriz, asturiarra nuen, eta denboraldi asko egiten zituen gure etxean.

Orain dela hiru urte, zerbait egitea pentsatu nuen, ingelesa ikastea... Azkenean, euskara ikastearen alde egin nuen, nahiko baztertuta neukalako, euskaraz hitz egitera ohitzeko edota pixka bat hobetzeko. Euskara oso kaskarra neukan. Halaxe hasi nintzen, eta orain oso gustura nabil euskaltegian.

Mesede handia egin dit euskaltegira joateak, euskara hobetzeko eta euskaraz jardutera ohitzeko asko balio izan didalako.

Irakurtzea asko gustatzen zait. Euskaltegian hasi nintzenean, euskaraz irakurtzen hasi nintzen eta nire gustuak alde batera utzi nituen. Oso gogokoa dut iparraldeko eleberri beltza irakurtzea, baina euskaltegian hasi nintzenetik zaletasun hori alde batera utzita daukat. Euskaraz ikasten jarduteak euskaraz bizitzeko mesede egiten dit, ordea.

Ahalegin bat eskatzen du euskara ikasteak; esaterako, euskaltegira hiru egunetan bi orduz joaten naiz. Hasi nintzenean aspertuko nintzela entzun behar izan nuen, baina aspertzen banaiz inongo derrigortasunik ez dut eta utziko dut. Gustura nabil, ordea. Aurreko bi ikasturteak airean pasatu zitzaizkidan; jolasean ibiltzea bezala izan zen. C1 mailako ikasturte hau zailagoa egingo zait, baina ahal dudan neurrian, saiatu egingo naiz".

Eider Aranburu (Donostia, 1994)

"Donostiarra izan arren, Azpeitian bizi eta lan egiten dut. Euskaltegian C2 mailako talde batean ari naiz. Maiatzera arte Azkoitian jardun nuen lanean, baina maiatzaz geroztik Azpeitiko udaletxean ari naiz Energia Bulegoko teknikari. Lan publikoan, arkitektura arloan eta, C2 maila eskatzen dute, baina, normalean, ingeniaritzan ez. Nik Energia Berriztagarrietako Ingeniaritza dut ikasita. Orain arte ez didate C2 titulua eskatu, baina garrantzitsua iruditzen zait C2 mailako azterketa egitea, eta gainditzea lortzen baldin badut, ondo.

Azpeitiko Energia Bulegoko teknikari lanpostua etorkizunean ez dakit oposizioetara aterako duten eta zer-nolako baldintzak eskatuko dituzten postu berri horretarako. Beraz, pixka bat horregatik ere hasi naiz euskarazko C2 maila egiten.

Txikitatik nire hizkuntza euskara da, baina C2 mailako titulua lortzea konplikatu samarra ikusten dut. Lana emango didan zerbait izango dela pentsatzen dut. Beraz, nire egunerokotasunean dena koadratzeko trikimailuak egin beharko ditut: kirola, lana... eta orain, euskaltegia. Hasiera pixka bat gogorra izaten ari da, baina uste dut moldatzeko moduan izango naizela.

Euskaltegiko irakasleak oso gertukoak dira, eta beti esaten digute hasierako prozesuan gaudela eta ez kezkatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide