Pasaiako segadan hildako herritarrei eskainitako oroigarria erasotu dutela salatu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Azpeitiko oroitarria Udal Liburutegiaren atzeko aldean dago kokatuta, eta harriaren gaineko plaka da hondatuta agertu dena.
Kontseilu Sozialistak "gaitzetsi" egin du erasoa, eta "zapalduen memoria kolektibo iraultzailea" aldarrikatu du. Halaber, "oroimena eta justizia" eskatu du kontseiluak.
Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau lagun hil zituzten tiroz Pasaian, 1984ko martxoaren 22an: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak.