Juana Mari Astigarraga: "Administrazioari falta zaion bihotza jartzen saiatzen da Arartekoa"

Ihintza Elustondo 2025ko urt. 11a, 09:00

Juana Mari Astigarraga, lantokian. (Utzitakoa)

Zuzenbidean doktorea, gaur egun Arartekoan lan egiten du Juana Mari Astigarragak. Gizarteratze sailean aritzen da, egoera zaurgarrian dauden herritarren kexak aztertzen. Mundua aldatzeko ametsetik urrun, ahal duen heinean egoera bidegabeak saihesten saiatzen da. Bere lanaz hitz egin du abenduko Azpeitia Guka aldizkarian.

Zuzenbidea ikasi zuen Juana Mari Astigarragak (Azpeitia, 1974), mundua aldatzeko balioko zuelakoan. Epaile izateko oposizioak prestatu zituen, baina ez zuen plazarik lortu. Notaritza batean lan egindakoa da, doktore tesia ere egin zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundian Giza Eskubideen arloko zuzendaria izan zen lau urtez. Independente gisa, alkategai ere aurkeztu zen EArekin Zestoan. Gaur egun, Arartekoan lan egiten du, eta 50 urterekin, egon nahi zuen lekuan dagoela sentitzen du. "Lan hau opari bat izan da niretzako", dio. 

Zergatik Zuzenbidea?

1992an hasiko nintzen unibertsitateko ikasketekin. Orduan telebistan abokatuen telesailak ematen zituzten: Ally McBeal eta horrelakoak. Niretzako emakume haiek erreferente ziren. Gizarteko gauza bidegabeen aurrean, esku artean zituzten tresnak erabiltzen zituzten erabaki horiek alda zitezen. Haiek ikusita, nire ekarpen txikia egitea nahi nuen mundua justuagoa izan zedin. Horregatik hasi nintzen Zuzenbidea ikasten. Arauak ezagutzen dituzunean, badakizu zer den zuzena eta zer ez, behintzat formalki. Injustiziak identifikatzen ikasten duzu, eta horiei aurre egiteko tresnak dauzkazu. Iruditzen zitzaidan Zuzenbidea tresna on bat zela gauzak hobetzeko, mundua aldatzen joateko. Horrelaxe hasi nintzen, 17 urteko inozente bat nintzela, pentsatuz mundua alda zitekeela. Pentsa, uste nuen ni izan nintekeela mundua alda zezakeena. Oso idealista nintzen, gaztea.

Marcela Lagarde feminista mexikarrak zera esaten du: idealaren eta posible denaren artean kokatzen garela. Urteek eta errealitateak ekarri naute posible den hori egitera. Ez dut esango utopia hartatik distopia bat sortu dela, baina ahal dena egiten dut.

Unibertsitate ikasketak amaitzean, epaile eta fiskal izateko oposizioak prestatzen hasi zinen. Oso prozesu gogorra izaten da hori, ezta?

Oso gogorra, bai; denbora gutxi daukazu zeuretzako, xoxik ez daukazu, lagun guztiak lanean daude, beste bizimodu bat daukate, eta zu hortxe, ikasi eta ikasi. Nire gurasoek Jesus Mariako mojekin hitz egin zuten komentuko gela bat uzteko niri, eta egunero joaten nintzen etxetik komentura; han entzerratzen nintzen ikastera. Igandea bakarrik libratzen nuen. Lau urte eman nituen horrela. Oso-oso garai gogorra izan zen, baina pila bat ikasi nuen; diziplina handia eman zidan prozesuak, eta gauza txikiak preziatzen ikasi nuen. 

Urte gogorrak ziren oraindik, ETA ere hor zegoen, eta nire irakasle izandako epaile bat, Jose Maria Lidon, ETAk hil zuen. Epaile denei bizkartzainak jarri zizkieten, eta nekatu ere egin nintzen, ordurako lau urte neramatzalako oposizioetarako ikasten. Joan nintzen Espainiako Auzitegi Gorenera azterketa egitera pare bat alditan, eta inperfekzioak zirela eta, ez nuen ateratzen eta…

Zer-nolako frustrazioa, ezta?

Bai, baina frustrazioetatik askoz ere gehiago ikasten duzu arrakasta eta lorpenetatik baino. Nire buruari ez nion uzten pentsatzen lau urte alferrik eman nituela ikasten, bestela hondoratu egingo nintzatekeen. Aurrera irteteko erresilientea izan behar zara, eta hori lantzen saiatu nintzen. Orduan lanik gabe nengoen, 26 urte nituen... Ate guztiak jotzen hasi nintzen, eta hiru lanetan batera ere aritu nintzen: notaritza batean, Caritasen boluntario etorkinekin… 

Politikan ere egin zenuen ibilbidea.

Donostiako notaritza batean lanean ari nintzela, Zestoako Udalean independente gisa aurkezteko aukera eskaini zidaten EArekin. Geldirik egoten ez nekien, iruditzen zitzaidan kudeaketa publikoa ezagutzeko aukera bat izan zitekeela, eta animatu egin nintzen. Zinegotzi izan nintzen Zestoako Udalean lau urtez. Garai berean, aldundian EAJk eta EAk osatu zuten gobernua, eta Giza Eskubide, Garapenerako Lankidetza eta Berdintasunerako zuzendari kargua eskaini zidaten. 2007an izan zen hori, 34 urte nituela. Zuzendaritza berria zen, geuk sortu genuen, eta lan pila bat egin genuen, ilusio handiarekin. Beti eskertuko diot nire orduko taldeari egindako lan guztia. Pila bat ikasi genuen. 

Lau urte igaro zirenean, EH Bildu iritsi zen aldundira. 

Orduan notaritzara itzuli behar nuen, baina ez neukan gogorik; bidean asko ikasita nengoen, lau urte intentso izan ziren, bizitzako beste etapa batean nengoen... Orduan master bat ikasi nuen, eta gero doktore tesia gauzatu. Aldundian lanean nengoela, beste hainbat gairen artean, aniztasun erlijiosoa landu genuen. Nire kezka zen Europako beste hainbat tokitan gertatzen ari zena hona iristea: hau da, erlijioa tarteko, bizikidetza arazoak sortzea; une hartan Frantzian izugarri zeuden musulmanekin. Horri lotuta egin nuen tesia: La tutela da la libertad religiosa en la Europa de los derechos fundamentales. Jurisprudentziak askatasun erlijiosoa Europan nola babesten duen aztertu nuen. Justizia aplikatzen duten tribunal horiek gauzak beste era batera egin zitzaketela espero nuen, baina neurri baten barruan frustrazio bat izan zen hori ere.

Espero zenuen norbanakoaren eskubideak gehiago defendatuko zituztela? 

Zuzenbidea eta politika oso lotuta daude. Arauak, nahi ala ez nahi, gizarte baten gehiengoaren egoera ikusiz onartzen dira; arauak jeneralistak izaten dira, eta gutxiengoak beti daude babesgabetasun egoeran. Nire bokazioa beti izan da zaurgarritasun egoeran dagoenari laguntzea, eta ondorioa izan zen Europako auzitegiek ez dutela berdin jokatzen segun eta zer erlijiori lotutakoa den hartu beharreko erabakia. 

Doktore tesia bukatzean, zer egin zenuen?

Giza Eskubideen Katedran ikerlari ari nintzen ordurako, eta bitartean, Administrazio Zuzenbideko irakasle izan nintzen, EHUn. Sasoi hartan, deitu zidaten esanez nire profileko norbait behar zutela Arartekoan: Adiministrazio Zuzenbidea ezagutzen zuena, giza eskubideekiko bokazioa zuena, administrazioan lan egindakoa zena... Hasieran ez nintzen gai sentitzen, baina aukeraketa prozesu bat egin behar zela eta, animatu egin nintzen. Aukeratuetako bat izan nintzen, eta halaxe hasi nintzen, 2017an.

Juana Mari Astigarraga. (Ihintza Elustondo)

Jende askorentzat ezezaguna da Arartekoa. Definizioz, Euskadiko herritarren defendatzailea da. Zer da?

Administrazioak zerbait oker egin duen kasuetan, herritarren eskubideen defentsan lan egiten dugu. Bere momentuan parlamentuak erabaki zuen behar zela norbait, gure administrazioek beren lana gero eta hobeto egingo dutela bermatuko zuena. Arartekoa parlamentuak izendatzen du kontrol hori egin dezan, eta jurista prestigiotsu bat izan ohi da; gure kasuan, Manuel Lezertua da, Europako Kontseilutik dator. Berez pertsona bat da, eta horrez gain, izen bereko erakundea dago, haren konfiantzazko talde batek osatua; guztira, 60 bat langile izango gara, aholkulari juridikoak eta administrariak kontuan hartuta.

Datorren urtean 40 urte egingo ditu Arartekoak, eta uste dut gero eta ezagunagoa dela. Kexa kopuruarekin nabari daiteke hori: ni lanean hasi nintzen urtean 2.000 kexa inguru jaso genituen, eta aurten 4.000 ingurura iritsiko gara. Askotariko kexak jasotzen ditugu, baina azken boladan, gehienak Osakidetzari lotutakoak dira. 

Norbaitek Arartekoarengana jotzen du uste duelako administrazio batek ez diola erantzun egoki bat eman, ez da herritarren arteko iskanbilak konpontzeko erakundea. Horretarako, beste bide batzuk daude.

Zer kasutan jo dezake herritarrak Arartekora?

Administrazioa gero eta handiagoa da, eta gero eta gehiago arautzen du. Obra txiki bat egin behar badugu ere, baimen bat behar dugu. Gure egungo gizartea erabat araututa dago. Zerbaitegatik erakunde publiko batera jotzen badut, eta erakunde horrek ez badit erantzun edo haren erantzuna ez badut gustuko, Arartekoa da herritarrak balia dezakeen zerbitzu bat. Adibidez, udalari lizentzia eskatu diot etxepean igogailua jartzeko, eta epea igarota, ez dit erantzun udalak. Kasu horretan, herritarrak gugana jo dezake, eta gu jartzen gara udalarekin harremanetan; eskatuko diogu erantzuna emateko. Juristak gara, eta herritarren kexak aztertzen ditugu, haiek arrazoi dutela iruditzen bazaigu, administrazioari erabakia alda dezan eskatzeko. 

Zuek lor dezakezue erabaki hori aldatzea?

Bai, askotan gertatzen da. Administrazioa deskuidatu egiten da kasu batzuetan, edo lege baten interpretazioa ez du behar besteko malgutasunarekin egiten beste batzuetan. Kasu horietan zuzendu egiten du jokabidea; aurretik hartu duen erabakia atzera botatzen du. Askotan lortzen da erabakiak aldatzea edo hartu ez den erabaki bat hartzea.  

Zu Gizarteratze sailean aritzen zara. Zer-nolako kexak aztertzen dituzu?

Inklusio soziala dugu jomuga, eta egoera zaurgarrian daudenekin lan egiten dugu. Une honetan prestazio ekonomikoekin lan egiten dut nik: DSBE (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta)... Adibidez, norbaitek DSBEa eskatu du eta ez diote eman; gero, Arartekora jotzen du, uste duelako baldintzak betetzen dituela. Orduan, guk espediente hori aztertzen dugu. Askotan, egoerak konplikatuak izaten dira. Legeak ikuspegi jeneralista izaten du, eta beti daude egoera batzuk mugan daudenak, tratamendu berezi bat merezi dutenak. Guk egoera sakontasunez aztertzen dugu, eta herritarrak arrazoi duela uste badugu, arrazoi ezberdinak baliatuz saiatzen gara administrazioak gauzak beste era batera egin ditzan. Gurea pertsuasio erakunde bat da; ez daukagu inondik ere eskumenik zigorrik ipintzeko. Hori epaileen eskumena da. 

Administrazioak askotan falta duen bihotza jartzen saiatzen da Arartekoa?

Modu politean esanda, bai. Orokorrean, gure lanak ahalbidetzen digu administrazio zuzenbideak ez daukan bihotz hori jartzea, beti ere araudia errespetatuz. Egia da ikusten dela admnistrazioak, bere jardueran, baduela borondatea herritarrengandik gero eta gertuago egoteko, hainbat erreforma egin dituzte horretarako, baina oraindik asko dago hobetzeko.

Aipatu duzu gaztetan mundua aldatu nahi zenuela, eta orain ahal duzuna egiten ari zarela. Jendeari laguntzeko zenuen bokazio hori asetzea lortu duzu, nolabait, ezta? 

Bai, horregatik diot niretzat opari bat izan dela Arartekoan lan egitea. Hainbeste urtez bokazio horrekin formatzen eta lanean aritu ostean, 50 urterekin lortu dut egon nahi nuen lekuan egotea. Lasai eta pozik nago daukadan lanarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide