Erretratua

Itziar Urbieta: "Luxu handia da Loiolako basilikako organista izatea"

Unax LarraƱaga 2025ko urt. 12a, 09:39

Itziar Urbietaren erretratua. (Itziar Urbieta)

Haurra zela hasi zen musika ikasten Itziar Urbieta Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolan. Pianoa ikasten hasi, eta musikarako grina sortu zitzaion. Ordutik, musika ikasten eta irakasten ari da. Loiolako basilikako organista titularra da, eta bera musika ikasten hasi zen eskola berean ari da irakasle. Berea da Erretratua abenduko Azpeitia Guka aldizkarian.

Loiolako basilikara sartzean, gora begira aho zabalik geratzen diren turisten eta goizeko mezara joaten diren fededun bakanen artean, zerbait berezia hautematen da batzuetan. Bistaren zentzumena ez ezik, entzumenarena ere kitzikatzen du basilikara eginiko bisitak. Itziar Urbietaren (Azpeitia, 1972) lanaren fruitua da hori, Loiolako basilikako organista titularra baita. Instrumentu horren doinuak emozioz betetzen ditu bisitariak zein fededunak, eta hura zaintzea nahiz hari soinua ateratzea azpeitiarraren esku daude. Hala ere, Urbietak ez du basilikan soilik egiten lana; Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolako irakaslea ere bada, eta bertan musikari buruzko jakintza eta pasioa transmititzen dizkie belaunaldi berriei.

Txikitatik erakutsi zuen musikarekiko interesa Urbietak. Azpeitian jaioa, eskolaz kanpoko ekintza bezala hasi zen musika eskolan ikasten, eta pianoa ikasteak piztu zion musikarekiko sugarra; azkar bihurtu zen bere pasio nagusia. "Solfeoa, korua eta bestelako ikasgaiak izaten genituen, baina gehiena gustatzen zitzaidana instrumentuak jotzen ikastea zen. Pianoa jotzen hasi nintzen orduan". Instrumentua ia egunero entseatzeko ohitura hartu zuen, eta horrela eutsi dio afizioari ordutik.

Piano ikasketekin jarraitzeko asmoz, piano irakasle izateko titulua atera zuen, eta horretan hasi zen lanean, ikasketekin aurrera egiten zuen bitartean. 19 urterekin hasi zen, bestalde, organoa ikasten. "Pianotik organorako jauzia naturala izan zen. Ez nuen berez organoa ikasteko asmo handirik, baina betitik eman izan zidan atentzioa pianoaren antzera jotzen den instrumentu erraldoi horrek, bere soinuak gehienbat". Musika ikasketak Donostiako Kontserbatorioan egin zituen, teknika finduz eta errepertorio klasikoan murgilduz. Kontserbatoriora joaten zen ikasgai teorikoak jasotzera, hala nola Musikaren Historia, Artea, Estetika... Bitartean, berriz, Azpeitiko parrokiako organoan lantzen zuen atal praktikoa. Kontserbatorioko ikasketak bukatutakoan, Loreto Imaz izan zuen organoko maisua, eta harekin sakondu zituen organoko ikasketak.

"Denbora asko hartzen du organoa ikasteak. Gainera, ikasten ari nintzen bitartean, piano irakasle jarduten nuen lanean; beraz, oso lanpetuta ibiltzen nintzen. Ordutik nabil musika irakasten, nahiz eta mota askotako lanak egin ditudan bitartean". Bere jardunari eta ahaleginari esker, instrumentuan espezializatzeko aukera izan zuen, hainbat maisuren gidaritzapean.

2011tik, Loiolako basilikako organista titular gisa, Urbietak funtsezko rola betetzen du bertako ekitaldi liturgikoetan eta kultur ekitaldietan. Basilikako Cavaille-Coll organoa (1889. urtekoa) balio historiko handiko tresna da, ezagutza tekniko zorrotza eta etengabeko zaintza eskatzen dituena. Urbietak arretaz zaintzen du organoa, afinazio egokia bermatuz eta haren soinu paregabea gordetzeko lan eginez.

Itziar Urbieta, Loiolako Cavaille-Coll organoan. (Unax Larrañaga)

Esfortzua, egun

Gaur egungo egoerari erreparatuz, musika irakaskuntzan "garaiak asko aldatu" direla dio Urbietak. "Gure garaian, diziplinak balio handia zuen; gaur egun, berriz, gaizki ikusita dagoela esango nuke. Arlo batzuetan diziplina beharrezkoa dela iruditzen zait, eta hutsegite handia dela guztia errazteko dugun nahi hori. Denbora eta esfortzua eskaini gabe ez dago horrelako zerbaitetan aurrera egiterik. Egin beharreko ahalegina handia da, baina bere saria dauka, eta hor oreka aurkitu behar dugu. Dedikazioa eskaini, eta jasotzen duguna gustukoa badugu, gehiago ematean dago giltza".

Urbietaren ustez, musikarako zaletasuna sortzea garrantzitsua da: "Haurrak 7 urterekin hasten dira musika eskolan instrumentuak ikasten, eta etxean lagundu egin behar zaie: galdetu ea zer ikasten ari diren, musikarekin jolastuz, eta batik bat, musika beren bizitzetan barneratuz; bestela nazkatu egiten dira, ez dutelako erantzunik lortzen".

Musikan autodidakta izateak bere kalteak ere ekar ditzakeela adierazi du. Irakaslerik gabe ikasterakoan, bakoitzak bere buruari arreta jartzea "zaila" gerta daiteke, eta horrek arlo teknikoan "ohitura txarrak" hartzea eragin dezake: "Horrelakoetan jendeak autoestimu handia ere izaten du, eta pentsatzen du guztia egin dezakeela bere kasa. Zaila da instrumentu bat jotzen ikastea, eta benetako lanik gabe, ezinezkoa da. Bestela, beste guztiok inozoak izango ginateke, horrenbeste urtean ikasten ibiltzeko", dio Urbietak. Egunero ikasten du zerbait musikaren munduan: lanean, errepertorioa berritzen, abesti zaharrak berreskuratzen... aritzen da. Bizitza osorako lana du. "Ikasketak aspaldi amaituta eduki arren, beste irakasleengana askotan joaten naiz aholku eske".

Hala ere, nabarmendu du denek ez dutela zertan musika berak bezala ulertu, ez dutela denek zertan musikari profesionalak izan. "Oso ondo iruditzen zait musika zaletasun gisa izatea eta harekin ondo pasatzea, edozein motatako musika eginez".

Musika eta isiltasuna

Musika klasikoa da Urbietak gustukoen duen musika mota, eta irratian entzuten du gehienbat. Hala ere, zuzenean entzutea baino gauza hoberik ez dagoela dio. "Denbora izanez gero, Donostiako Kursaalera, Bilbora nahiz beste edozein tokitara joaten naiz orkestraren bat, opera edota musika klasikoa oinarri duen emanaldiren bat entzutera. Zuzenekoa asko sentitzen dut; barrua astintzen du. Organoa eliza baten hormen akustikarekin entzuteak ez du zerikusirik grabazio batekin". Disko ugari ditu Urbietak, asko oparitutakoak, baina zuzenekoaren akustikarekin "zerikusirik ez dutenez" eta "soinu enlatatua" izaten dutenez, ez da euskarri horren zalea.

Klasikoetaz aparte, eta gazteagoa zenean batik bat, Ruper Ordorika, Mikel Laboa, U2, Dire Straits eta The Cure bezalako artistak entzuten zituen. Musika heavya ere gogoko zuen Urbietak.

Gaur egun, musika eskolako haurrentzako moldaketak egiteko asmoz, egungo musika ere entzuten du. Izaro, Bulego eta beste zenbait egungo taldek bere gustuekin zerikusirik ez dutela nabarmendu du, dena den: ""endeari gustatuz gero, ondo iruditzen zait. Gustu desberdinak daude".

Egun osoa musikaz inguraturik pasatu ondoren, isiltasuna aintzat hartzen ikasi du Urbietak. "Organoarekin lanean aritu eta piano eskolak eman ondoren, ez dut gogorik izaten musika entzuteko. Isiltasuna behar dut, bestela barrutik musika entzuten egoten naiz denbora guztian. Egia da gaur egun oso zaila dela isiltasuna aurkitzea. Joaten zaren edozein tokitan musika dago: dentistarenean, dendetan... Badirudi jendeari urduritasuna sortzen diola isiltasunak".

Urbieta organoa jotzen, Iraia Bereziartuarekin batera emandako kontzertu batean. (Utzitakoa)

Loiolako organista

Hamahiru urte daramatza Loiolako Santutegiko basilikako organista izaten. Ez da ohiko lana, baina bai eginbehar garrantzitsua. Astegunetan, goizero joaten da Urbieta basilikara, errepertorioa prestatzera, berreskuratzera edota errepasatzera. Asteburuetan, berriz, elizkizunetan jotzen du: larunbat arratsaldeetan behin, eta birritan igandeetan, goizez eta arratsaldez. Ohiko elizkizunez gain, jaiegun berezietan, ezkontzetan eta jesuiten hiletetan ere aritzen da azpeitiarra organoan. "Familia eta gainerakoez aparte, gehien betetzen nauena organoa da. Egunero jotzen dut, eta nire ogibidea horixe da. Asko gustatzen zait egunero Loiolara joatea eta organo eder hori jotzea. Luxua da".

Urbietaren lana da kanpotik Loiolara joaten diren organistei harrera egitea ere, haiei organoa erakustea nahiz organoa zaintzea. Zaintza lanari dagokionez, organoak kontu handia eskatzen du, guztiz mekanikoa den instrumentua delako.

"Organo batek airearekin funtzionatzen du, nahiz eta beti pianoarekin lotzen dugun. Hauspo handi bat du, koruaren sabaian kokatuta dagoena, eta hura martxan duela, teklak sakatzean aireak hodietatik irteten du soinua sortuz, txirula batean edo tronpeta batean gertatzen den bezala. Gero erregistroak daude, eta erregistro bakoitzak instrumentu baten soinua imitatzen du. Basilikako organoak 2.000 hoditik gora ditu, elizaren beraren egiturara moldatutakoak. Etxe berak egin arren, bi organo ez dira inoiz berdinak izaten, bakoitza egiten den lekura moldatuta egongo baita". Gipuzkoan organo "oso onak" daudela dio Urbietak. Azkoitian, Bidania-Goiatzen eta Loiolan, besteak beste, Cavaille-Coll etxekoak daude.

Garaiko instrumentua

Gauza jakina da instrumentu bat aukeratzerakoan organoa ikastea erabakitzea ez dela gauzarik ohikoena. Gaur egun, organo ikasle bat bakarrik dago Azpeitian, baina ikasle kantitatea "sasoika aldatzen" joan ohi dela dio organistak. 

Gipuzkoako Organoen Lagunen Fray Joseph de Echevarria elkarteko kide da azpeitiarra, eta elkartearekin antolatzen dituzte organo zikloak. Aurten 35. Gipuzkoako Organo Zikloa egin dute, eta kontzertu ugari eman dituzte Gipuzkoako hainbat herritako organoetan.

Azken hiru urteetan Iraia Bereziartua biolin jotzailearekin elkarlanean ari da Urbieta, eta biak emakumeak izanik, emakumeek konposatutako musika bilatzen aritu dira. "Guretzat ezezaguna den musika ugari dago, eta oso pieza onak aurkitu ditugu. Arlo guztietan emakumea ezkutatzera behartua egon da, eta gure lanarekin, pixka bat behintzat, azalera ateratzea nahi dugu. Gustura gaude emaitzarekin".

Azpeitiko organoaren ondare bizia da Urbieta, kontserbazio eta irakaskuntza lana eginez, egungo testuinguruan hain konplexua den musika eta hain "ezezaguna" den instrumentu baten historiaren zatia.

Motzean

  • Adina: 52 urte.
  • Lanbidea: Organista eta musika irakaslea.
  • Musikaria ez banintz… Auskalo!
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Seme-alabekin eta lagunekin egotea, irakurtzea eta paseatzea.

Ikasle garaian, parrokiako organoan. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide