Migratzaileez eta euskaraz aritu dira Amelia Barquin eta Tarana Karim, Basazabalen

Andoni Elduaien 2024ko abe. 6a, 09:49

Karim, Barquin eta Agirre, atzo, Basazabalen. (Andoni Elduaiern)

Amelia Barquin irakasleak eta Tarana Karim ekintzaile euskaltzaleak eskaini zuten atzo arratsaldean hitzaldia, Basazabal jauregian. Dozenaka lagun bildu ziren bi lagunek emandako datuak eta esanak entzuteko.

Migratzaileak eta euskara gaitzat hartuta, solasaldia eskaini zuten atzo, osteguna, Basazabal jauregian. Tarana Karim ekintzaile euskaltzaleak eta Amelia Barquin irakasleak nahiz ikertzaileak hitz egin zuten han bildutakoen aurrean. Imanol Agirre Elkar-ekineko kideak egin zuen solasaldiaren sarrera; hark aurkeztu zituen bi lagunak, eta hitzaldiaren nondik norakoak ulertzeko zenbait gako eman zituen.

Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Barquin, Kultura arteko Hezkuntza irakasten du hark Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Hitzaldiari ekiteko, bi irudi esanguratsu aurkeztu zituen bilbotarrak; batetik, Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean, Espainiako Estatutik Mexikora joandako migratzaileak diruz laguntzea eskatzen zuen irudi bat, eta bestetik, Kanarietatik Amerikara itsasontziz joandako irudia. Bi argazki horiek aurkeztuta, Barquinek erakutsi nahi izan zuen duela ia ehun urte Espainiako Estatuko biztanleek bizitako egoera bizitzen ari direla egun beste herrialde batzuetako herritarrak.

Solasaldirako hautatutako gaiari lotuz, Azpeitira iritsi diren migratzaileei eta horiek euskararekiko duten ezagutzari buruzko datuak eman zituen gero irakasleak. Barquinek azaldu zuen, migratzaileen %3 inguruk ezagutzen duela euskara egunerokotasunean erabiltzeko moduan; hain zuzen, kopuru hori bizi maila onena duten migratzaileena dela jakinarazi zuen. Halaber, eskolaratze prozesuari ere eman nahi izan zioten atzo garrantzia; izan ere, gutxi dira eskolaratze prozesua osorik egiten dutenak, eta hala, euskara behar bezala ikasteko aukera dutenak.

Karim Hernialden (Gipuzkoa) bizi den azerbaijandarra da, eta ekintzale euskaltzaleak bere bizipenez eta igarotako prozesuez hitz egin zuen, batik bat. Adierazi zuen filtro moduko batzuk jartzen zaizkiela atzerritik Euskal Herrira bizitzera etorritakoei, eta filtro horietako bat beretzat euskara izan zela. Hala, bertako pertsonak bildu ohi diren lekuetan, bera kanpoan geratzen zela azaldu zuen.

Dozenaka lagunen aurrean aritu ziren atzo. (Andoni Elduaien)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide