Tradizioa eta modernitatea uztartzea, herri kirolen gakoa

Leire Ibar 2024ko abe. 9a, 09:00

Jon Lapeira eta Lierni Osa. (Leire Ibar)

Azken urteetan gazte asko hasi dira herri kiroletan; Jon Lapeira azpeitiarra eta Lierni Osa zarauztarra dira horietako bi. Lapeirak ingude altxatzen jarduten du; Osak, berriz, harri jasotzen. Dena dela, ez ziren zuzenean herri kiroletan hasi; biek ala biek crossfita egiten zuten, eta gero murgildu ziren herri kirolen munduan. Ez dira crossfitetik herri kiroletara jauzi egin duten kirolari bakarrak, gainera. Horren arrazoiak eta beste hainbat kontu azaldu dituzte GUKAren Herri kirolak 2024 gehigarrian argitaratutako erreportaje honetan.

Herri kirolak, kirol jarduera soil izatetik urruti, gure eskualdeko kulturaren, tradizioen eta identitatearen adierazpena dira. Urte luzeetan zehar, Euskal Herriko plaza ugari bete dituzte herri kirol erakustaldiek, baina badirudi azken urteetan aldaketa anitz izan direla kirolarien profilari eta horiek herri kirolak ulertzeko duten moduari dagokionez. Tradizioak indarrean jarraitzen badu ere, belaunaldi aldaketarekin batera herri kirolen munduak ere bilakaera izan du. Crossfitak bezalako diziplina berriek lekua hartu dute esparru horretan, eta geroz eta emakume gehiago dira herri kiroletan dabiltzanak.

Lierni Osa (Zarautz, 1995) eta Jon Lapeira (Azpeitia, 1996) crossfitean hasi baziren ere, herri kirolen munduak erakarri ditu. Osa orain dela lau urte hasi zen harria jasotzen eta Lapeirak berriz, ingudearekin lehiatzen du, nahiz eta lesio baten ondorioz lehiaketak alde batera utzi dituen azpeitiarrak. Bi kirolariek argi azpimarratu dute herri kiroletan molde berriak ezartzeko beharra.

Mende batzuk atzera egin beharra da herri kirolen sorrerara joateko, ez hainbeste Lierni Osa eta Jon Lapeiraren hastapenetara heltzeko. Jatorria baserri giroan dute herri kirolek, baina Osak aitortu duenez, bere etxean inoiz ez dira izan herri kirolzaleak, eta crossfitaren bidez ezagutu zuen harria. "Andoni Izetarekin entrenatzen nuen crossfitean, eta berak esan zidan harria probatzera joateko". Lapeira, aldiz, bikote duen Osaren ondoren hasi zen herri kirol probetan: "Beregatik hasi nintzen", adierazi du.

Biek Joxe Ramon Izetaren eskolan egiten dituzte prestaketa lanak. Gaur egun bost neska eta bost mutilek entrenatzen dute han, eta bakoitzak bere entrenatzeko lekua du, bakoitzaren beharren araberakoa. Izeta baserrian, Harri Toki deitzen dioten txabola moduko bat daukate gizonek, eta han izaten dituzte euren harriak. Emakumeek, aldiz, Zarauzko kiroldegian daukate gela bat beren harriekin. Osak aitortu du hasieran mutilek bakarrik entrenatzen zutela han, eta prestatzaileak neskak entrenatzeko gogoa zuela. "Ni izan nintzen lehenengoa", adierazi du. Ondoren, proiektura neska gehiago batu ziren; Lur Errekondo edo Ainitze Zumeta, horietako batzuk. Gaur egun guztira bost neskek entrenatzen dute han. Zarauztarrak esan du "pozgarria" dela taldea pixkanaka nola handitzen doan ikustea.

Jon Lapeira crossfiteko ariketa bat egiten. (Utzitakoa)

Aurreiritziz jositako hastapenak ditu gogoan Osak. Harri jasotzaile ibilbidea hasi zuenean, "honek zer egingo du ba?" eta gisa horretakoak entzun behar izan zituela kontatu du. Azazkalak margotuta izateagatik eta makilatuta joateagatik kritika ugari jaso dituela ziurtatu du. Gogora ekarri du behin fisioterapiako kontsultatik irten eta zain zegoen gizon batek esan ziona: "Zu zara harri jasotzailea, ezta? Ez zitzaidan gustatuko nire andrea harri jasotzailea izatea". Gaur egun, ordea, horrelako komentarioek gutxiago eragiten diotela aipatu du, eta ziurtatu du harri jasotzen jarraituko duela besteek esaten dutenari kasu handirik egin gabe.

Teknika

Herri kiroletan funtsezko dira indarra, teknika eta koordinazioa, eta horiek orain arte baserriko lanekin eta bizimoduarekin lotuta egon diren arren, gaur egungo kirol diziplina berriekin "guztiz bateragarriak" direla adierazi du Jon Lapeirak: "Crossfiteko ariketa asko harria jasotzeko entrenamendu saioetan egin behar izaten direnen oso antzekoak dira iraupen, intentsitate eta zama aldetik". Teknikoki zerikusirik ez dutela azaldu badu ere, kirolaria gorputzaren gainean pisua izatera ohitzen dela nabarmendu du, eta hori oso lagungarria dela herri kiroletako hainbat diziplinatarako. "Ingudearen teknika ikasteko, entrenatzera astean behin joanda nahikoa izaten nuen".

Zarauztarrak crossfita eta harri jasotzea uztartzearen ideiarekin bat egiten badu ere, teknika ondo lantzeari garrantzi berezia ematen dio. Haren esanetan, harria jasotzeko prestaketa fisikoa ez da soilik gimnasiora mugatzen; entrenamendu egonkor eta planifikatu bat behar da. Herri kirolen esparruan, irakaskuntza eta teknikaren hobekuntza funtsezkoak dira. Joxe Ramon Gala du entrenatzailea, Izeta Eskolaren sortzailea eta hango kirolarien prestatzaile nagusia hain zuzen. Entrenamenduen egitura eta iraupena kirolariaren helburuei eta mailari egokitzen zaizkio. Horrelako prestaketek ez dute soilik indarra lantzen, baizik eta teknika hobetzen laguntzen dute. Osak aitortu du "oso-oso entrenatzaile gogorra" dela baina, teknika aldetik hobetu beharrekoak behin eta berriz gogorarazteak alde positiboak ere badituela. "Plazara irtendakoan ikaragarrizko segurtasuna ematen digu. 28 jasoaldi egingo dituzula esaten dizu, eta 28 jasotzen dituzu", esan du. Gogoan du bere lehenengo txapelketa; barrez esan du orain txapelketa hartako bideoak ikusi eta "berde-berde" ikusten duela bere burua.

Pisua eta elikadura

Entrenamenduez gain, emaitza onak lortzeko beste puntu garrantzitsu bat elikadura dela adierazi dute Osak zein Lapeirak. Oinarrizkoa da kirolarien prestakuntzan, eta horrek kirolarien errendimendua hobetzen laguntzen du. Lapeirak dioenez, ez daukate nutrizio plan zehatzik, baina egunerokoan ahalik eta janari garbiena jaten saiatzen dira. "Guk dakigunarekin osatzen dugu eguneroko dieta, karbohidrato, proteina eta koipeen proportzio orekatu bat izaten saiatzen gara". Jatekoarekin lotuta, norberaren pisuaren gaia jarri du mahai gainean Lierni Osak. Beste kirol mota batzuetarako gorputz arinak behar diren moduan, harri jasotzailerako "gutxieneko pisu" bat izan beharra dagoela esan du. Nesken kasuan, harri handien txapelketetan parte hartzeko eta 75 kiloko harriarekin lehiatzeko, pisua irabazi behar izaten dutela adierazi du. "Neska asko pisua altxatzearekin zerikusirik ez duten kiroletatik etorri dira, eta bakoitzaren pisua kontuan hartu beharreko faktorea da. Neskek entrenatzeko dituzten harri txikienak 50 kilokoak dira, eta norberak buelta horretan pisatzen badu, zaila da harri hori jasotzen hastea".

Lierni Osa crossfiteko ariketa bat egiten. (Utzitakoa)

Arazo berarekin topo egin duela gaineratu du Jon Lapeirak. Biek esan dute proportzioan gizonen harriak emakumeenak baino astunagoak direla. Mutilentzako harririk arinena 100 kilokoa da, eta hori "edozeinek ezin duela altxa" esan du azpeitiarrak. Probatu duenetan, 100 kilokoa jasotzeko gai izan dela azaldu du, baina garbi utzi du gauza bat dela jaso ahal izatea, eta beste bat pisu horretan lehiakorra izatea. Gaineratu du "asko kostatzen" zaiola pisua irabaztea, eta hori izan zela beste kirol batzuk nahiago izatearen arrazoia: "Orain laurogeita gutxi pisatuko ditut, baina lehian aritzeko kilo gehiago izatea beharrezkoa da". Zarauztarrak argitu du nesketan dagoen harririk handiena 75 kilokoa dela, eta mutiletan txikiena 100 kilokoa. Haren ustetan, hori oztopo izan daiteke mutilak harri jasotzen hasteko. Azpeitiarra harri jasotzen ez dabilen arren, herri kirol ugari probatu ditu, hala nola lokotx bilketa, txinga eroatea eta ingudea. Azkeneko hori izan zen, ordea, gehien gustatu zitzaiona. Bi urte daramatza kirol horretan; iaz Gipuzkoako Txapelketan bigarren egin zuen eta Euskadikoan bosgarren. Orain errekuperatze prozesuan dagoela azaldu du, aurtengo Euskadiko Txapelketa baino hilabete lehenago lesionatu baitzen.

Betebeharra

Dudarik gabe, kirolari ona izatea lortzeko gakoa kirolak eskatzen duen konpromiso mailari eustea dela adierazi dute. Azpeitiarraren kasuan prestakuntza "autodidaktagoa" izan da, nahiz eta Joxe Ramon eta Jesus Mari "Izeta anaiak" izan ditu laguntzaile moduan. "Zuzenketa teknikoagoak egiten dizkidate eta entrenamenduen plangintzan lagundu didate, baina, nire modura ibili naiz". Harri jasotzailearen egoera, ordea, guztiz bestelakoa da. Osak garbi dauka ez dela zaletasun bat, konpromiso handia eskatzen duen kirola dela. Argitu du entrenatzaileak txapelketetara joateko talde bat nahi duela, eta hasten den jende berria ez dagoela prest horretarako. Euskal Herrian badira lehiaketetara joan gabe entrenatzeko aukera eskaintzen duten beste zenbait zentro, baina Bizkaian daude, Gipuzkoako bakarra da Joxe Ramon Izetarena.

Plazako erakustaldiak

Entrenamenduetan eginiko lan guztia erakutsi eta hilabeteetako sakrifizioaren fruituak jasotzeko gunea bihurtzen da plaza. Plazako erakustaldiak herri kirolen zati parte garrantzitsua dira. Plazetan emakumezkoak ikustea kontu berria da askorentzat, baina geroz eta gehiago dira emakumezko harri jasotzaileak. Lapeirak eta Osak gaineratu dute azken urteetan emakumezkoen maila "izugarri" igo dela. Orain dela lau urte egin zuen lehen erakustaldia zarauztarrak, hilabetez entrenatuta, eta lautik hirugarren egin zuen. "Orain hori eginda azkena egingo nuke seguru, eta neska gehiagoren artean". Lapeirak honakoa gehitu dio: "Orduan ez zegoen horrenbesteko maila, zuek igo duzue maila". Liernik adierazi du plazara irteteko lehen aldi horiek ez zirela oso samurrak izan, baina segurtasuna lortzeko prozesuan asko lagundu diola Maite Perurenak, 301K markarekin. Gogoan du nola entrenamenduetako lehen egunean Izetan bertan zeuden arropa "zahar" batzuk utzi zizkiotela. Orain ordea, Perurenak neurrira egindako txaleko eta arroparekin erosoago sentitzen dela argitu du. "Orain txukun jantzita joaten gara plazetara, niri horrek asko lagundu dit kirol honetan aurrera egiterako orduan". Alde estetikoaz gain, norberak neurrira egindako materiala edukitzea asko eskertzen dela azaldu du. "Ez dut berdin entrenatzen beste baten txalekoarekin".

Jon Lapeira ingude altxatzen. (Guka)

Profesionalizatzeko beharra

Herri kirolak Euskal Herriko tradizioaren oinarrian dauden jarduerak dira. Hala ere, kirolari gehienentzat, pasioa eta esfortzua eskatzen duten arren, ez dira bizitzeko bidea. Lapeirak argi azaldu du zein den egoera: "Inor ez da bizi herri kiroletatik soilik. Egia da erakustaldietan diru bat jasotzen dela, baina ez da nahikoa bizimodua ateratzeko". Aste barruan entrenatzeaz gain, asteburu asko lotuta izaten dituzte. Osak dio ez duela argi ea etorkizunean jarraituko duen. "Nik ez dut neure burua beste harri jasotzaile batzuen modura ikusten, 20 urtez harri jasotzen. Nik lau urte daramatzat, eta ez dakit askoz gehiago iraungo dudan".

Harri jasotzaileen erronka nagusietako bat izaten da denboraldiari sasoi onean eustea, ia ez baitu atsedenik ematen. "Egia da denboraldia ez dela inoiz amaitzen. Gainera, ez dago programatuta urte osoko egutegia, eta bukatu dugula pentsatzen dugunean, beste txapelketa bat jartzen digute", azaldu du Osak. Egoera horren aurrean, kirolari askok txapelketa guztietan parte hartzeko "presioa" sentitzen dute. Jende gutxi dagoelako batez ere, eta bestela, lehiaketak bertan behera geratzeko arriskua dagoelako.

Kontzeptu aldaketa eta etorkizuna

Herri kirolei ikusgarritasuna ematea ez da erraza. Jon Lapeirak, ingude jaurtiketan espezializatutako kirolariak, egoera honen inguruan iritzi argia du: "Nire kasuan, telebistako programek ez dute eragin handiegirik kirolaren ikusgarritasunari dagokionez. Izan ere, herri kirolak minoritarioak baldin badira, ingudea are eta gehiago". Bere ustetan, herri kirolak gutxiengoaren kirolak diren heinean, modalitate espezifikoek ikusgarritasuna izatea are eta zailagoa da; ingudea litzateke horren adibide bat.

Lierni Osa harri jasotzen. (Utzitakoa)

Azken urteetan, herri kiroletan berrikuntza bultzatzeko saioak egin dira, eta horietako bat Harri Herri izan da. "Orain arte bi edizio egin dira Harri Herrirenak, oso formatu ezberdina da. Niri, ordea, formatu berri hau pila bat gustatzen zait", adierazi du Osak. Kirolariak uste du herri kirolek berrikuntzaren alde egin behar dutela, gazteak eta ikusle berriak erakartzeko. Hala ere, tradizioa eta berrikuntza uztartzea ez da beti erraza. Herri kiroletan denbora daramatenek ez dituzte beti ondo ikusten aldaketa horiek: "Egia da herri kirolen munduan urte asko daramatenei ez zaiela hainbeste gustatzen. Musikaren partez isiltasuna egon behar dela edo erakustaldia frontoi batean egin behar denaren ikuskera dute". Lapeirak ere aldaketa horiek babestu ditu eta publikoaren aldetik eragin positiboa izan dezaketela uste du: "Kirolean ez baldin bada ezer aldatzen, publikoan ere ez da aldatuko". Bere esanetan, kirolak egokitzapen eta eboluziorik izaten ez badu, publikoak ere ez du interesik izango eta ikusgarritasuna galduko da. Tradizioa eta modernitatea uztartzeko moduak aurkitzea da beraz, herri kirolen etorkizuna bermatzeko gakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide