Historiako pasarte lazgarri batetik abiatutako istorioa idatzi eta marraztu, eta Anastasini zirkua liburua argitaratu dute Miren Amurizak eta Malen Amenabarrek. Joan den astean Durangoko Azokan aurkeztu ondoren, atzo Dinamoa sormen gunean izan ziren bi egileak liburua aurkezteko. Liburua aurkezteko, baina era berean eta batik bat, Durangon egin zuten bezala, Amurizari ideia piztu zitzaionetik azken emaitzak argia ikusi bitartean joan diren zazpi urteetan proiektuak izandako gorabeheren prozesua xehatzeko.
Hain zuzen ere, Anastasini zirkua: nola ez egin album ilustratu bat izenburua jarri diote Amurizak eta Amenabarrek "solasaldi" gisa planteatzen duten aurkezpen saioari. Denonartean argitaletxearekin plazaratu duten 64 orrialdeko liburua esku artean izan arte bidean egindako "akatsak", hasierako asmoen bilakaera eta bidelagun izandakoen ekarpenak izan zituzten hizpide atzo, besteak beste, egileek. Adi-adi jarraitu zituzten haien azalpenak Dinamoan elkartutako herritarrek eta txaloak eskaini zizkieten hiru ordu laurden iraun zuen solasaldiaren amaieran.
Zirku bat Lodosan
Amurizak 2017ko udan Berria-n irakurri zuen erreportaje batean dago liburuaren ernamuina; Lodosan (Nafarroa), 1936ko gerraren lehen egunetan.
"Titularrak zioen: Gerrak lurperatutako zirkuaren bila. Eta azpian zetorren testu laburtxo bat. Honela zioen: 'Nafarroako Erriberan ez da ohikoa elefante bat ikustea, are gutxiago bakarrik eta galduta badabil. Hori pentsatuko zuten ziurrenik 1936an Lodosako haurrek. Izan ere, gerra abiatu zen egunean bertan, zirku batek emanaldia izan zuen herrian, eta gero desagertu egin zen. Uztailaren 18aren ondorengo egunetan zirkuko kide gehienak fusilatu zituzten Francoren tropek: 40 eta 50 lagun artean izan zirela uste da. Eta, herritarren harrigarri, bertan utzi zituzten elefante bat eta beste zenbait animalia eta material'. Jarraian zetorren Maravillas Lamberto memoria taldeko kide baten elkarrizketa", irakurri eta kontatu zuen Amurizak duela zazpi urte prentsan topatutako pasartea, Anastasini zirkuari buruz irakurri zuen lehen albistea.
Gerra hura irabazi zutenek egindako beste hainbat basakeriarekin gertatu bezala, Afrika iparraldetik Euskal Herrirarino iritsitako italiarren zirkukoekin gertatutakoaz "ez dago informazio asko", nahiz eta azken urteetan omenaldiak-eta egin dizkieten –Larragan, esaterako–.
Bidean ikasitakoak
Anastasini zirkuaren gaineko albiste hartatik "zeozer" atera zitekeela pentsatuta, Amenabarrengana jo zuen Amurizak. Hor hasi zuten uste zutena baino dezentez gehiago luzatu zaien sorkuntza, desegite eta berregite bidaia. "Umeentzako" album ilustratu bat egiteko asmoarekin hasi ziren lanean; zazpi urte eta hamaika gorabehera eta gero, "eleberri ilustratuaren eta komikiaren artean" dagoen liburua eman dute argitara, eta ez umeentzat, narratzailea 10 urteko neskatila bat izan arren.
Baina bidean asko ikasi dute egileek, gauzak nola egin behar diren eta nola ez diren egin behar, tartean. Amurizak aurrena, eta Amenabarrek jarraian, aurkezpen-solasaldiaren izenburuarekin lotutako "akats" zerrenda aipatu zuten, hiruko zerrenda, bakoitzak berea.
"Idazleak ilustratzaileari testu itxi bat bidaltzea", hori da Amurizak egin zuena, eta album ilustratu bat tajutzeko saihestu beharreko lehen akatsa, idazle-bertsolariaren aburuz. "Testua bera" izan zen, idazlearentzat, hasierako bigarren akatsa; testuaren "tonua edo ahotsa", batetik, "ume baten ahotsa imitatzen saiatzea, eta amaitzea Goenkale-ko elkarrizketak erreproduzitzen"; eta ikuspuntua edo gaiaren trataerari dagokiona, bestetik, "La vida es bella imitatzen saiatzea, eta amaitzea testu naif bat idazten". Eta "hirugarren eta azken akatsa" Amurizarentzat, "gertakari errealak kontatzeko lizentzia gehitxo hartzea" izan zen.
Album ilustratuak argitaratzeko eta ilustratzaile lanetik bizitzeko zailtasunak azaldu zituen Amenabarrek, bere akatsen hirukoa zerrendatu aurretik. Euskal Herrian album ilustratuak sortzeko hiru lehiaketa besterik ez dira egiten, eta horietako batera aurkeztu zituen Amenabarrek Amurizaren testuen gainean egindako lehen ilustrazioak, baina ez zuen saririk lortu. Umeentzako lan bat izan behar zela jakinda, "diskurtsoa gehiegi infantilizatu" zuela uste du, eta horregatik ez zuela irabazi. Hori izan zen Amenabarren lehen akatsa. Bigarrena, bere buruari "espektatiba izugarri altua" jartzea: "Elena Odriozola izan nahi nuen, eta ez naiz sekula izango". Amenabarren beste espektatiba zen Amurizari "gustatu" egin behar zitzaiola bere lana; ilustratzaileei ia beti ezartzen zaien bigarren mailako pisuarekin lotuta, hori izan zen bere hirugarren akatsa.
Gerora atzeman dituzte akatsok egileek. Izan ere, umorez baina serio, behin eta berriz esan zuten aurkezpenean "momentuan onenak" iruditu zitzaizkiela gerora akats gisa identifikatu eta zerrendatu dituzten aukera horiek.
Non dago elefantea?
Proiektua lugorri utzia izan zuten bizpahiru urtez, harik eta Galtzagorri elkartearen Bikoteka sormen egonaldira iritsi ziren arte. Iruñean, Iñigo Astizen eta Maite Mutuberriaren eskutik, aurrez egindakoa desegin eta liburuaren proiektua beste ikuspuntu batetik abiatzen hasi ziren Amuriza eta Amenabar. Bigarren hasiera hori ez zen izango azkena –argitaratu dutena "laugarren liburua da", Amenabarren esanetan–, baina bai azken emaitzarako norabidearen abiapuntua.
Astizen ekarpena bereziki nabarmendu zuten Dinamoan Anastasini zirkua-ren egileek, Iruñeko egonaldi hartakoa zein ondorengoa. Istorioari, testuari zein irudiei, hazten laguntzeko kentzen ikasi zuten Amurizak eta Amenabarrek Astizekin. Egin zituen marrazkien "laurdena" dago liburuan, Amenabarren hitzetan, eta kontakizunari mesede egin dion kentze horren zailtasunaren adibidea eman zuen: elefantearen presentzia. Ume bat eta elefantea bai ala bai marrazkietan egon behar zirela erabakia zuen Amenabarrek; baina "kendu eta kendu", konturatu zen elefanterik ez zegoela ipuinean, eta ez zegoen horretarako prest. Elefantea irudian agertu gabe elefantea irudika zitekeela ikasi zuen orduan: "Nire kontakizuna bihurtu da, ume batek gauez nola nahi duen bere elefantea ezkutatu". Horrela, ezkutaketan, zapoketan, dabilen elefantea aurkituko du irakurleak Anatasini zirkua-n.