Frontoi Txiki ondoko eremurako eraldaketa proposamena aurkeztuko du udalak asteazkenean

Julene Frantzesena 2024ko abe. 13a, 08:29

Done Jakueko plazatxoa. (IƱaki Martinez)

17:30etik 19:00etara bitartean egingo dute aurkezpena, Done Jakue kaleko eremu horretan bertan. Erakundeak adierazi duenez, modu ludikoan aurkeztuko dute parte hartze prozesu "berritzaile" baten bidez gauzatu duten proiektua.

Frontoi Txiki ondoko eremuaren eraldaketa proposamenaren aurkezpena egingo du Azpeitiko Udalak datorren asteazkenean, abenduaren 18an. Erakundeak adierazi duenez, modu ludikoan aurkeztuko dute parte hartze prozesu "berritzaile" baten bidez gauzatu duten proiektua, eta herritar oro gonbidatu du aurkezpenera. Izan ere, eraldaketa proposamena aurkezteko eta prozesua baloratzeko parada izango dute horiek. 

17:30etik 19:00etara bitartean egingo dute aurkezpena, Done Jakue kaleko eremu horretan bertan; udalak azaldu duenez, bizipenen bidez erakutsiko dute zer-nolakoa izango den eremu hori etorkizunean. Hainbat gune atonduko dituzte eremu horretan bertan, eta ekintzak ere izango dira, adin guztietako herritarrei zuzendutakoak: irakurketa txokoa, elkarrekin eserita egoteko lekua, argazki zaharrak eta berriak jasoten dituen panela, txokolate jana... 17:30etik 18:00etara, gainera, musikarik ez dute jarriko.

Prozesua azken txanpan

Aurreko udazkenean hasi zen udala parte hartze prozesuaren lanketa osatzen, eta dagoeneko azken txanpan da. Foro bat osatu eta espazioaren informazioa bildu zuten aurrena, eta parte hartze prozesuaren diseinuari ekin zioten gero, Hiritik At eta OinHerriren laguntzarekin. Gero, lehen fase hartan jasotako ekarpenak aztertuta, proposamen bat landu zuen taldeak, eta proposamen hari ekarpenak egin zizkioten foroko kideek.

Eremu hori erabiltzen duten eragileetako kideekin egin ditu udalak elkarrizketak, besteak beste, Ilunpe pilota elkartekoekin, Zezen Beltzekoekin, Elkar-ekinekoekin, Bertanekoekin, Jauzikakoekin, Baigerakoekin, Marea Urdinakoekin nahiz Osamenekoekin. Horiek Frontoi Txiki ondoko eremua zertarako eta zenbat erabiltzen duten jakin ahal izan du udalak elkarrizketen bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide