Eduki babestua

"Merkatariok bi berrikuntza nagusi prestatu ditugu aurtengo Gabonetarako: izotz pista eta Gabon Azoka"

Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 16:28

Amaia Salegi eta Jone Fernandez Bertaneko kideak.

Gabon garaia iristear da, eta egun horiek ekitaldiz beteta izango dira Azpeitian beste urte batez. Hala ere, aurreikusitako egitasmo guztien artean, badira Bertan merkatari elkarteak azpeitiarrentzat prestatu dituen bi berrikuntza: izotz pista eta azoka berezia. Horien inguruan hitz egin dute Bertan merkatari elkarteko kide Amaia Salegik eta Jone Fernandezek.

Gabonak iristear dira, eta Azpeitiko kaleak hasiak dira giroan sartzen. Besteak beste, argiak piztuta daude dagoeneko. Zer berrikuntza nagusi izango ditu herriko Gabon garaiak?

Amaia Salegi: Bertan merkatarion elkarteak bi berrikuntza nagusi prestatu ditu aurtengo Gabonetako kanpainari begira: bata, izotz pista da, eta bestea, azoka berezi bat. Biek Gabonetako egunak dinamizatzeko, herriko merkataritza sustatzeko eta giro atsegina sortzeko helburua izango dute.

Urte asko dira Azpeitian ez dela izotz pistarik egon. Noiz egongo da erabilgarri?

A.S.: Abenduaren 23an zabalduko ditu ateak izotz pistak, Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren ondoan. Egunero egongo da irekita, goizez 11:30etik 13.30era, eta arratsaldez, berriz, 16:00etatik 20:00etara.

Jone Fernandez: Herritarrek eta bisitariek urtarrilaren 6ra arte izango dute izotz pistaz gozatzeko aukera, eta erabiltzaileek hiru euro ordaindu beharko dute izotz gainean patinatu hala izateko. Horiek, gainera, 20 minutuko txanda egin ahalko dute pistan.

Izotz pista herritarrentzat nahiz bisitarientzat zabalduko da, baina ezgaitasunen bat duten pertsonek ere gozatu ahal izango al dute?

J.F.: Bai. Izan ere, jarduera inklusiboa eta pertsona guztientzat irisgarria izatea bermatuko dugu; laguntza elementuak egongo dira eskuragarri, hala nola oreka mantentzea errazten duten euskarriak nahiz patinak.

"Elkarteak antolatzen dituen ekintzekin Gabonetan ere herria bizirik mantentzea lortu nahi dugu; hau da, herritarrak bertan gelditzea nahiz kanpotik jendea erakartzea nahi dugu, horiek Azpeitiko saltokietan erosi dezaten"

Umeei begira, zerbait gehiago egiteko asmorik ba al duzue?

J.F.: Urtarrilaren 2an eta 3an, haurrentzako jolasak eskainiko dira Frontoi Txikian Kids&Us-en eskutik. 1 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduriko ekintza ezberdinak izango dira han, 16:30etik 20:00etara: zankoak, plater txinatarrak, malabarerak, bolen parkea, punteria jokoak, eskulanak...

A.S.: Gainera, bi egunetan, 19:00etan hasita, ekitaldi bereziak eskainiko dira: urtarrilaren 2an antzerkia egingo da, eta urtarrilaren 3an, Family Bingo. Aldi berean, jolas horietara gerturatzen direnen artean bizikleta bat zozkatuko dugu.

Lehendabizikoz egingo den azoka berezia ere iragarri duzue.

A.S.: Hala da. Abenduaren 28rako Gabon Azoka berezia prestatu dugu. Azoka horrek bertako merkatariak eta artisauak bilduko ditu, Artiekin Azpeitiko artisauen elkartearekin batera antolatu baitugu.

Zer helburu du Gabon Azokak?

A.S.: Tokiko merkataritza dinamizatzea eta zonaldeko ekoizleei eta merkatariei balioa ematea du helburu. Gabonetako dekorazio zainduarekin eta herriko merkatarien eta artisauen parte hartzearekin, giro berezian egingo da azoka.

Eguberrietarako opariak erosteko aukera bikaina izango dute, beraz, azpeitiarrek.

J. F.: Erabat. Guztira, hamasei postu inguru izango dira Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren ondoko eremutik plazara bidean jarriko den azokan. Egun guztian izango da zabalik, 10:00etatik 20:00etara.

Bi ekintza nagusi horiez gain, betiko ekitaldiak ere izango dira Gabonetan, ezta?

A. S.: Bai, azken urteotan bezala, beren erosketak herriko saltokietan egiten dituzten bezeroak saritzea helburu duten bi kanpaina ere antolatu ditugu. Alde batetik, Olentzeroren eta Mari Domingiren ginkana –abenduaren 24ra arte dago martxan–, eta, bestetik, Errege Magoen zozketa, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egingo dena. Bi kanpainen artean, 3.000 euro banatuko dira herritarren artean. Horiez gain, eta udalarekin elkarlanean, Gabonetako argiak jarri dira eta XIII. Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu da.

Zer garrantzi dute horrelako ekintzek Gabon erosketetan eta herriko merkataritzan nahiz ekonomian?

J. F.: Gabonetan, oro har, kontsumoa areagotu egiten da, eta tokiko saltokiek egoera hori baliatu egin behar dute. Elkarteak antolatzen dituen ekintzekin Gabonetan ere herria bizirik mantentzea lortu nahi dugu; hau da, herritarrak bertan gelditzea nahiz kanpotik jendea erakartzea, horiek Azpeitiko saltokietan erosi dezaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide