Duela urte batzuk entzun nuen "ama aski ona" deritzon kontzeptua, Winnicott-ena. Horretan modu akademikoan sakondu gabe, baizik eta hitz horietako bakoitza nire ama esperientzian sartzen utziz, milaka galdera eragin zizkidaten amatasunari buruz hitzok zero unean, hau da, erditu berritan zure etxera itzultzen zarenean. Batez ere, autore horrek esaten duenean "ama aski ona" dela "suntsitua izan ondoren bizirik iraun eta irauten duena".
Esan beharra daukat esaldiak zirrara eragin zidala eta izutu egin ninduela neurri berean. Baina gaur, zazpi urte geroago, ulertu dut.
Denboraren perspektibarekin ikusita ondorioztatu dut eromen une zehatz horretan, Rigoberta Bandiniren abesti baten hitzek dioten bezala, ama izatea dela garroz betetako olagarroa izatearen antzeko sentsazioa sentitzea. Batzuetan baldar sentitzen den olagarroa, erantsiko nuke nik; eta, jakina, bere zortzi besoekin egin behar duen guztia egitera iristen ez den olagarro bat, egunero bere zereginak ordenatzen dituena eta azken unean, justu bere begietako bat ixtera doanean, hamabi orduko argialdian egindako bidaiagatik lur jota eta erdi hilda, beste hogei zeregin ahaztu zaizkiola ohartzen dena; besteak beste, aurpegia garbitzea, gonbitoz betetako kamiseta aldatzea, edo, agian, zergatik ez, ilea gorri sutsuz tindatzea, bizirik sentitzeko, gutxienez. Une horretan, olagarroak malko txiki bat isurtzea onartzen dio bere buruari; zeren eta, jakina, ama batek ez baitu denbora asko gizaki izateko, eta are gutxiago ahul izateko, hori oso gaizki ikusia baitago. Baina, batez ere, negarrez denbora galtzen badu, umea berriro eskean hasi aurretik lotarako asko jota geldituko zaizkion bi orduak komuneko zulotik behera joango zaizkiolako.
Gogoan dut semeak sei hilabete zituenean, urte eta erdi neramala lorik egin gabe, eta oraindik beste pare bat geratzen zitzaizkidala hiru ordutik gora etenik gabe atseden hartzea zer zen jakiteko. Taberna batean nengoen infinituari begira, nire haurtxoa besoetan nuela, trantzean nengoela uste dut, ez dakit esna ala lo nengoen; izan ere, nire semearen bizitzako lehen urtean txiripaz biziraun nuen. Han nengoen ni, nire eskuak non amaitzen ziren eta bere gorputza non hasten zen galdetuz; nire gorputzadarrak zein unetan desagertu ziren galdetuz; ibilgailu garraiatzaile, kontsolatzaile, elikatzaile noiz bihurtu nintzen galdetuz; izatez… zein unetan bihurtu nintzen ikusezin?
Ama aski ona izatea ez da gauza bera XIX. mendeko gizartean eta XXI. mendekoan. Izan ere, gaur egun ama izatea ez da bakarrik zure haurra haztea; produktibo, erakargarri, lehiakor, eraginkor, gerlari, maitale, harrigarrikiro eraginkor izaten jarraitzeko gure eta munduaren eskakizunari modu egokian erantzutea ere bada. Eta hori guztia, zure hormonak eta zure barrutik pixkanaka desagertzen ari den neskatoa modu ordenatuan maneiatuz eta zure arbasoen motxila bizkarrean eramanez, orain esaten baitute zure arbasoen hiru belaunaldi ere zugan ugaltzen direla, eta are gehiago amatasunean; beraz, zure familia sistemako emakume horiek sendatzeko ardura duzu, esnea ateratzeko gailuaz edo biberoiaz harago gizaki izaten jarraitzen duzula sentitu eta egunean ordu pare baterako bada ere lanera itzultzeko aukera aztertzen duzun bitartean.
Horri guztiari, gutxi ez balitz, erruduntasuna gehitu behar zaio. Izan ere, nola azalduko diozu inori, zure semea edo alaba maite duzun arren, eta beragatik bizia emango zenukeen arren (horretan ari zara dagoeneko, bestalde), batzuetan korrika irten nahi duzula, batzuetan edo egunean bost aldiz eta une jakin batean, dena utzi nahi duzula? Izan ere, noizbehinka zeure buruari galdetzen diozu: zein unetan erabaki zenuen bizitza bat mundura ekartzea? Eta beldur ikaragarria sartzen zaizu, jada ez zarelako ama aski ona, gizakia baizik.
Winnicottek dio amatasun aski ona amari burua galtzea ahalbidetzen diona dela; hau da, haur erditu berriaren babes, segurtasun eta afektibitate beharrak beste ezeren gainetik jarri arte bere buruari amain emateari esker utz ditzake ama batek bere beharrak bigarren maila batean –edo hirugarren edo laugarren mailan, hemeretzigarrenean ere bai inoiz, esango nuke nik–. Eta orduan iristen da zeure buruari azken aldiz noiz dutxatu zinen galdetzen diozun eguna. Usaindu egiten zara, eta konturatzen bi egun baino gehiago joan direla, seguru. Baina zure haurtxoa lokarriz betetako gurdi batean dago, ederki perfumatua, elikatua eta seguru. Eta zuk harrotasunez begiratzen diozu, ama ona zara; pasillotik pasatzen zarenean ispiluko irudiari ez diozu jaramonik egiten, noski, ez ote da zu ikustean ikaratuko.
Seme-alaben hazierako lehen urte horretan edo horietan burua galtzea eta ibiltari zuria izatea ezin dira gauza bera izan. Horretarako, nire ustez, gauza bakarra egin dezakegu amok: geure buruarekin eskuzabal jokatzea, geure artean borondate onez jokatzea, geure hutsegiteak onartzen ikastea, geure buruari larrua uzten ari garela onartzea, noizean behin geure buruari begiratzea, eta beste ama batzuei ere bai, begirada hurbilaz, ulermenez, epaitu gabe. Gustatzen zait pentsatzea gure arteko sororitatea indartsuagoa izango dela ama batek pasatzen duen zaurgarritasun une horretan. Izan ere, biberoia emateak edo ez, haurrarekin ohea partekatzeak edo ez, azken belaunaldiko bugaboo bat eramateak edo erositeak baby led weaning metodoa zer den jakiteak edo xerra bat patata purean birrintzeak ezin dute ekarri nire erruz, nire erruz, nire erru handiagatik zaparrada bat. Izan ere, izan gaitezen errealistak, inork ez digu urteko amaren Goya saria emango; are gehiago, gaur magalean dudan izaki eder horrek nerabezaroan borrokatu beharreko etsai gisa ikustea ere ezingo dugu eragotzi. Agian, zuhurragoa da "ama aski ona" izatea partzialki, eta eguneko ordu jakin batzuetan berezko motibazioak dituen gizaki izatea; agian, agian bakarrik, norbere buruaren zaintzak eta amatasunak konpasean egin dezakete dantza.