Negua eta festa eskutik datoz

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 21a, 07:30

Bi lagun iazko San Tomasetan.

Gaur ospatuko dute Azpeitian urteko azken festa egun nagusia. Txorizo eta talo postuen zein azoka bereziaren bueltan, egun osoan izango da zer egin, zer ikusi eta zertaz gozatu.

Berrikuntza gutxi batzurekin zipriztindutako San Tomas eguna izango da aurtengoa. Gaur, neguaren hasierarekin batera, asteburu betean, ospatuko dute aurten azpeitiarrek Gabonen atariko festa egun handia. Ohiko osagaiakekin eta jai gosearekin dator, beste behin, abenduaren 21ekoa.

Herriko ikastetxeek eta beste zenbait eragilek txorizoa, taloa eta abarrak dastatzeko plazan jarriko dituzten postuak eta Azoka Plazan egingo duten baserritarren azoka berezia izango dira festaren ardatza goizean eta eguerdian. Ardatz horren bueltan, musikarien kalejirek, pilotari gaztetxoen finalek, herri kirol erakustaldiak edota bertsolarien saioak borobilduko dute jai giroa. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak, Arrasateko Gaiteroek, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek, Gaztetxekoen triki-poteoak eta Itsasiko ttuntturroek jarriko dituzte musika eta erritmoa kaleetan egun luzearen lehen zatian. Bitartean, Izarraitz pilotalekuan, Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren X. aldiaren sei finalak jokatuko dituzte, 10:00etatik aurrera.

Eguerdian, plazan, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariek eta Olaia Esnaola, Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa harri jasotzaileek eskainiko dute aurtengo herri kirol erakustaldia. Jarraian, bertsolariek hartuko diete lekukoa: Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe, Naia Arrizabalaga, Maddi Aiestaran eta Xabat Illarregi ariko dira bertsotan kioskoan, Xebastian Lizasoren esanetara.

Arratsaldean ere ez da festarako aukerarik faltako. Aspaldiko urteetan DJek hartu dute kioskoa arratsaldetik gauera plaza dantzan jartzeko. Aurten ere Referee DJak eskainiko du saioa kioskoan, baina aurretik, 16:30ean, Obaneuke taldeak erromeria giroz jantziko du plaza; 18:30ean hasiko da, hain zuzen, DJaren emanaldia. Erdikalean, berriz, Orkatz eta Korrale tabernen atarian, Atzarbale txarangakoek jarriko dute festa, 17:30etik aurrera.

Helduen dantza txapelketa

Dantzariak izango dira arratsaldeko beste protagonistak. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketak 43. aldia izango du aurtengoa, baina azken urteetan ez bezala, dantzari helduen bikoteak lehiatuko dira, eta ez gaztetxoenak. 18:30etik aurrera, bederatzi bikote lehiatuko dira Soreasu antzokian; horietatik sei dira Azpeitikoak.

Honako dantzari hauek parte hartu dute: German Aranburu eta Jone Arriaran (Azpeitia), Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru (Azpeitia), Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia), Edika Osa eta Mikel Artola (Lezo-Usurbil), Iker Urrestilla eta Leire Urrestilla (Zestoa), June Izagirre eta Jare Labaka (Azpeitia), Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga (Bergara), June Elorza eta Laia Elorza (Azpeitia) eta Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia).

Horiek fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dituzte, Izarraitz Txistulari taldeko kideen eta Estanga anai-arreba trikitilarien laguntzaz. Epaimahaiak pausoak, mugimendua, alde artistikoa eta melodia erritmoa hartuko dituzte kontuan.

Matxistei 'talue'

"Berrikuntza gisa", edoskitze gela gisa egokituko du udalak Goiko Kaleko 2. zenbakiko lokala, eta "lasai egoteko gune bat ere" jarriko du han, 11:00etatik 20:00etara irekita.

Udalak jai eredu parekidearen aldeko "apustua" egingo du santomasetan ere. Saninazioetan bezala, Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie leloarekin, "festa gozagarriak lortzeko ardura herritar guztiona" dela gogoratuko du. Espreski gaurko prestatutako kartelak eta pegatinak ere jarriko ditu hainbat puntutan, Txoixokeitan dabillenai, talue leloarekin. Tabernariak ere gonbidatu ditu udalak kanpainarekin bat egitera.

Hau da, goizetik gauera eta orduz ordu, San Tomas eguneko egitaraua:

  • 10:00. Diana, Izarraitz txistulari taldearekin.
  • 10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko X. Pilota Txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.
  • 10:00. Azpeitiko udazkeneko azoka berezia baserriko produktuekin, Azoka Plazan.
  • 11:30. Udal Musika Bandaren, Arrasateko Gaiteroen eta Juan Antxieta musika eskolakoen kalejira.
  • 11:30. Gaztetxekoen triki-poteoa, Alde Zaharrean.
  • 12:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente. Harri jasotzaileak: Olaia Esnaola, Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa.
  • 12:30. Gaztetxekoak sagardo karroarekin ibiliko dira kalez kale.
  • 13:00. Bertsolarien eta trikitilarien saioa, plazako kioskoan. Bertsolariak: Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe, Naia Arrizabalaga, Maddi Aiestaran eta Xabat Illarregi. Aurkezlea: Xebastian Lizaso.
  • 16:30. Obaneuke taldearekin erromeria, plazan.
  • 17:30. Atzarbale txaranga, orkatz eta Korrale atarian.
  • 18:30-20:00. Azpeitiko 43. Dantza Suelto Txapelketa, helduentzat, Soreasu antzokian.
  • 20:00-23:00. Referee DJa, plazako kioskoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide