'Dragoi-jagolea' eta 'Azken erromantikoak' filmak emango dituzte igandean eta astelehenean

Julene Frantzesena 2024ko abe. 25a, 09:04

'Azken erromantikoak' filmeko fotograma bat.

Dragoi-jagolea animazio filma igandean emango dute, 16:30ean hasita. Azken erromantikoak, berriz, igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan. Emanaldi horietarako sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Igandean eta astelehenean izango dira datozen zinema emanaldiak Soreasu antzokian. Igandean, 16:30ean, umeei zuzendutako Dragoi-jagolea animazio filma emango dute, eta haren ostean, 19:30ean, Azken erromantikoak. Euskal film hori astelehenean ere ikusi ahal izango da, 21:00etan. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke, eta emanaldien aurretik Soreasuko lehiatilan ere bai.

Dragoi-jagolea aurten Espainian ekoiztutako animazio filma da, Salvador Simok eta Jianping Lik zuzendutakoa. Honako hau da lan horren sinopsia: "Garai ilunak dira Txina inperialean. Dragoiak, antzinako gizakien lagunak eta aliatu jakintsuak zirenak, urteetan zehar jazarriak izan dira eta ziegetan giltzapetuak. Mendietako gotorleku urrun batean, neska batek azken dragoiari ihes egiten laguntzen dio, eta harekin bat egiten du altxorrik preziatuena berreskuratzeko misio zoragarri batean: azken herensuge arrautza hilezkortasuna lortzeko ahalmen magikoa ustiatu nahi duen azti gaizto batek lapurtua".

David Perezek Euskal Herrian egindako drama generoko filma da Azken erromantikoak. Honako hau da film horren sinopsia: "Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume dudatsu eta bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean, eta, aldi berean, lan gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betitik itxaron duen aukera izango du". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide