San Tomas eguna larunbata egokitzen zela eta, jendetza espero zen gaurko egunez Azpeitian, eta gainera, ateri eutsi dionez, are jende gehiago elkartu da eguerdi partean plazaren bueltan. Adin guztietako herritarrak atera dira kalera eguerditik, baserritar jantziak soinean, jaiaz gozatzera. Urteroko hitzorduek ez dute hutsik egin, eta festa giro ederra sortu da plazan zein Alde Zaharreko kaleetan.
Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketako finalena izan da eguneko lehen hitzordua. 10:00etan hasi dituzte norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan, eta mailaz maila, hainbat partida jokatu dituzte pilotari gaztetxoek. Aurrebenjaminetan, Enetz Aristi eta Jakes Iriarte izan dira nagusi Lukas Bastidaren eta Patxi Berasategiren aurka (16-10); benjaminetan, banaka, Mikel Gurrutxaga gailendu zaio Jakes Agirrezabalagari (16-2), eta binaka, Aitzol Agirre eta Martin Egiguren izan dira garaile Eki Martinezen eta Iraitz Aranagaren kontra (16-15); kimuetan, banaka, Xuban Arandia gailendu zaio Janitz Goenagari (16-10), eta binaka, Urritz Aizpuru eta Oihan Uranga izan dira nagusi Jone Mendizabalen eta Amets Eizmendiren aurka (16-10); infantiletan, azkenik, Zuhaitz Labaka eta Julen Montori izan dira txapeldun Jon Olazabalen eta Adei Lizarralderen kontra (16-11). Ilunpeko otarrearen zenbaki irabazlea, berriz, honako hau izan da: 7.439.
Goiz eta eguerdi partean, musika eta kalejirak izan dira protagonista; izan ere, Izarraitz txistulari taldea, Udal Musika Banda, Arrasateko Gaiteroak, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak, Gaztetxekoen triki-poteoak eta Itsasiko ttuntturroek jarri dute musika eta erritmoa kaleetan egun luzearen lehen zatian. Era berean, ekoizleek postuak jarri dituzte Azoka Plazan, eta jan-edanerako postuak izan dira plazan.
Gainera, usadioari jarraituz, herri kirol erakustaldiak eta bertsolarien emanaldiak hartu dute plaza eguerdian. Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariek eta Olaia Esnaola, Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa harri jasotzaileek eskaini dute aurtengo herri kirol erakustaldia. Jarraian, bertsolariek hartu diete lekukoa: Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe, Naia Arrizabalaga, Maddi Aiestaran eta Xabat Illarregi aritu dira bertsotan kioskoan, Xebastian Lizasoren esanetara.
Arratsaldean jarraituko du jaiak. Aspaldiko urteetan DJek hartu dute kioskoa arratsaldetik gauera plaza dantzan jartzeko. Aurten ere Referee DJak eskainiko du saioa kioskoan, baina aurretik, 16:30ean, Obaneuke taldeak erromeria giroz jantziko du plaza; 18:30ean hasiko da, hain zuzen, DJaren emanaldia. Erdikalean, berriz, Orkatz eta Korrale tabernen atarian, Atzarbale txarangakoek jarriko dute festa, 17:30etik aurrera.
Helduen dantza txapelketa
Dantzariak izango dira arratsaldeko beste protagonistak. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketak 43. aldia izango du aurtengoa, baina azken urteetan ez bezala, dantzari helduen bikoteak lehiatuko dira, eta ez gaztetxoenak. 18:30etik aurrera, bederatzi bikote lehiatuko dira Soreasu antzokian; horietatik sei dira Azpeitikoak.
Honako dantzari hauek parte hartu dute: German Aranburu eta Jone Arriaran (Azpeitia), Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru (Azpeitia), Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia), Edika Osa eta Mikel Artola (Lezo-Usurbil), Iker Urrestilla eta Leire Urrestilla (Zestoa), June Izagirre eta Jare Labaka (Azpeitia), Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga (Bergara), June Elorza eta Laia Elorza (Azpeitia) eta Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia).
Horiek fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dituzte, Izarraitz txistulari taldeko kideen eta Estanga anai-arreba trikitilarien laguntzaz. Epaimahaiak pausoak, mugimendua, alde artistikoa eta melodia erritmoa hartuko ditu kontuan.
Edoskitze gela
"Berrikuntza gisa", edoskitze gela gisa egokituko du udalak Goiko Kaleko 2. zenbakiko lokala, eta "lasai egoteko gune bat ere" jarriko du han, 11:00etatik 20:00etara irekita.