Gutuna

Pello Illarramendiren partez, guztioi

Pello Illarramendiren familia 2024ko abe. 28a, 15:38

Hil berri den Pedro Illarramendiren senideek bidalitako gutuna da honakoa:

Bizitzan bada gorenekoa den ikasketa bat, norbanakoa iritsi daitekeen gizabanako-mailarik altuenaren adierazle dena.

Gizaki orok daukagu berezi egiten gaituen zerbait, barru-barrutik sortzen zaigun dohairen bat. Ahalegin berezirik egin gabe jaiotzen zaigun zerbait da, eta hori egiteaz benetan disfrutatzen da. Guztiok ez dugu dohain berezi hau jaiotzetik ezagutzen: bakoitzak bere denbora eta garapena izan behar du, baina mundu honetara gatozen lehen unetik gugan dagoen zerbait da. Argi hori ezagutu eta munduari eskaini ahal izatea da, hain zuzen ere, bizitza honen zentzua ulertzea. Ematea. Bueltan ezer jasotzeko interesik ez izatea. Ezer ez esperotzea.

Bere burua ardatz eta osotasunetik, besteentzat lan egiteaz disfrutatzen erakutsi digu attitte Pellok. Berari naturalki sortzen zitzaizkion musikarekiko maitasuna eta bizitzarekiko fedea. Halaxe elikatu ditu egunero-egunero barrua betetzen zion eremu bakoitza. Benetakotasunetik egiten duzun horrek badu oihartzunik inguruan. Pello ere jakitun zen bere lanaren ondorioz, hainbatek zioten esker-onaz. Hala ere, inor ez da bere lan guztiaren fruituak ikustera inoiz iritsiko, asko eta asko mundu hau utzitakoan ospatzen direlako. Zikloa hor isten delako. Mundu hau utzi arte lana amaitu ez delako.

Bere familia, ordea, attitte Pelloren agurraren lekuko izan gara. Berak bihotzez egindako guztiaren errekonozimendua hezur eta azalean bizi izatearen zori(-)ona izan dugu. Benetan zoriontsu egin gaitu. Maitasunez egin duen horri, herriak erantzun dio. Barrua bete digute: besteak beste, herritarrek eskainitako hitzek; abesbatzaren agur doinu bakoitzak; eta, zer esanik ez, danborradako Alkartasuna taldeak izenari egindako ohoreak. Alkartasunez agurtu baitugu Pello. Guztion berotasuna sentitu dugu.

Bueltan ezer espero gabe besteei ematea. Hara zer ikasketa. Maitasunez egiteak, ordea, bueltan ere maitasuna erakartzen du; eta attitte Pellok zein familiak, halaxe sentitu dugu.

Bihotzez, eskerrik asko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide