Azpeitian izandako genero indarkeria kasua gaitzetsi du udalak

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 31a, 12:53

Erakundeak "gogor gaitzetsi" du ostiralean Azpeitian gertatutako genero indarkeria kasua, eta bere "laguntza nahiz babes osoa" adierazi dizkie erasoa jasan duen emakumeari eta haren ingurukoei. Udalak "ozen" adierazi nahi du Azpeitiak ez duela "inolako indarkeria matxistarik onartzen".

Azpeitiko Udalak berriki herrian gertatutako genero indarkeria kasua "gogor gaitzetsi" du, eta bere "laguntza nahiz babes osoa" adierazi dizkie erasoa jasan duen emakumeari eta haren ingurukoei. Udalak dituen "informazio eta baliabide guztiak" jarri ditu erasotako emakumearen esku, baita "bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere".

Udalak gogora ekarri duenez, emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" da, "emakumeak kontrolpean eta mendean" izan nahi dituena. "Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Genero indarkeria kasuak, hau da, bikote edo bikotekide ohiengandik jasandako erasoak, emakumeen aurkako indarkeria lazgarri eta ohikoenetakoak dira, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", adierazi du erakundeak.

Hori dela eta, udalak "ozen" adierazi nahi du Azpeitiak ez duela "inolako indarkeria matxistarik onartzen", eta lanean jarraituko duela "herriko esparru eta gune ezberdinetan indarkeria matxistaren zantzurik txikiena errotik desagerrarazi arte". Erakundeak erantsi du "eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea" dagokiola.

Erasoren baten aurrean, herritarrek honako telefonoetara dei dezaketela gogorarazi du udalak:

• Gizarte Zerbitzuak: 943 15 71 92.

• Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13.

• Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.

• Ertzaintza: 112.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide