Ainara Epelde: "Kanta den-denekin akordatzen nintzen, hitz guztiak nekizkien goitik beheraino"

Julene Frantzesena 2025ko urt. 7a, 17:00

Ainara Epelde. (ETB)

Gaur egun 30 urteren bueltan dituzten gazte askoren soinu banda bihurtu ziren Betizu taldearen kantak duela bi hamarkada. Etxe askotan telebistaren aurreko hitzordu garrantzitsu bilakatu ziren Betizu-ren saioak 2002tik 2006ra bitartean. Fenomeno berezia izan zen nerabe haiek sortu zutena, eta orain, goia jo zutenetik hogei urtera, gala bat grabatu dute EITBren Primeran plataformarako. Ainara Epelde (Azpeitia, 1991) abeslaria talde entzutetsu hartako kide izan zen 11 urte zituela, eta ez du hutsik egin berriz elkartzean. Gukak harekin hitz egin du.

Hogei urteren ostean, nolatan elkartu zarete Betizu taldeko kideok?

Urriaren erdi aldean Xabinen [Fernandez, galaren zuzendaria] telefono dei bat jaso nuen, proiektua martxan zutela eta parte hartzera gonbidatu nahi nindutela esanez. Ez da gure aldetik sortu den zerbait; Baleuko ekoiztetxean orain dela hilabete askotatik buruan zuten zerbait zelakoan nago.

Hasieratik al zenuen seguru parte hartu nahi zenuela?

Egia esan, ilusio handia egin zidan gurekin akordatu izanak, eta hasieratik neukan argi baiezkoa emango nuela. Hori bai, banekien logistika aldetik moldatu egin beharko nuela. Izan ere, Suitzan bizita, datak behar nituen, lanean jaiegunak eskatzeko eta bidaia antolatzeko.

Kontzertuaren gala ikusgai dago dagoeneko Primeranen. Asko entseatu behar izan al duzue?

Oso gutxi entseatu genuen. Oker ez banago, astelehen arratsalde batean elkartu ginen lehen aldiz denok batera entseatzeko, eta hurrengo goizean errepasoa egin genuen; agertokiko posizioak begiratu, kanten hurrenkera zehaztu... Horrenbestez, astearte arratsaldean gala grabatzen ari ginen. Beraz, denbora gutxi behar izan dugu entseatzeko eta gala prestatzeko.

Betizu taldearen sasoi hartako abestiak-eta gogoratzen al zenituen?

Kanta den-denekin akordatzen nintzen, hitz guztiak nekizkien goitik beheraino. Bere garain hainbeste aldiz kantatu genituen... Uste dut bizitza guztirako geratu zaizkidala memorian gordeta. Kostatu zitzaidana izan zen esaldi banaketetara ohitzea. Betizu taldearen garaian esaldi batzuk abesten nituen nik, eta orain, beste batzuk kantatzea egokitu zait, jende gehiagorekin batera abestu dugulako. Hain zuzen, noiz abestu behar nuen jabetzea izan da gehien kostatu zaidana.

Zer moduzko esperientzia izan da emanaldia prestatzea?

Esperientzia oso polita izan da, batik bat urte askotan ikusi gabe egon garen lagunak elkartu ahal izan garelako. Denontzat izan zen berezia Betizu taldearekin bizi izan genuena, eta orain berriz elkartzea, ederra izan da oso. Horrez gain, galarako orduko bideoak-eta berreskuratu dituzte; artxiboko irudi horiek ikusteak, 10-11 urte nitueneko bideoak ikusteak, asko mugitu dizkit barrenak. Polita izan da, duela bi hamarkadako oroitzapenak berriz bizi ahal izan ditudalako.

Galaren emaitzarekin gustura al zaude?

Gala bukatu orduko agertu ginen denok oso gustura. Orain, Primeranen ikusita, esan dezaket grabaketak egin ostean nituen sentipenak eta saioa ikusi ostekoak berberak direla.

Zer izan da zuretzat hogei urtera umetan bizi izan zenuen proiektu hura berriz bizitzea?

Déjà vu handi bat. ETBko estudioetara sartu ginen unea, makillaje gela, jantziena... Gala grabatu genuen platoa ere duela hogei urte grabaketetarako erabili genuen berbera zen. Pentsa, errejidorea ere bera zen. Oso polita izan da berriz hori guztia bizitzea. Bestalde, jabetu naiz 11 urterekin, hain gazte izanda, ez zarela gauza askorekin jabetzen; joaten zara telebistara, gustukoa duzuna egiten duzu, ondo pasatzen duzu, jende berria ezagutzen duzu... Baina, orain, urteak pasatu eta gero, beste perspektiba batekin ikusten dut: zer zorteduna izan naizen etapa hori bizitzeko aukera izateagatik eta zer-nolako oihartzuna izan zuen egin genuenak. Oihartzun horren erakusle da hogei urtera berriz elkartu izana.

Hogei urte pasatu izanagatik, taldekideekin mantentzen al zenuen harremanik?

Batez ere, Leire Merinorekin mantendu dut harremana. Taldean aritzen ginenean ere harreman estua genuen, eta Betizu taldearen bidea bukatu arren, eta biok Euskal Herritik kanpo bizi arren, elkartu izan gara bizpahiru urtez behin. Iaz, adibidez, Zarautzen elkartu ginen. Bestalde, Zuriñe Hidalgorekin ere egin izan dut topo noiz edo noiz; ez ginen edizio berean aritu, baina harreman pixkat eduki dugu. Gainerako taldekideekin ez dut harremanik izan; 18 urterekin Madrilera joan nintzen bizitzera, gero AEBetara, segidan Italiara, eta orain Suitzan bizi naiz. Orokorrean, kontaktu asko galdu dut Euskal Herriko jendearekin, eta ondorioz, Betizuko kideekin ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide